|
Morris Magnum euskarazko hiztegi elebidunik handiena izango da. Ingeles-euskara hiztegi berri baten proiektua esku artean darabil Mikel Morrisek eta aipaturiko proiektuak bultzada garrantzitsua jaso zuen 2006ko ekainaren 21ean Espainiako Diputatuen Kongresuan. Bertan, EAJren ordezkaritzak aurkeztutako eskabidea onartu eta espainiar Gobernuaren Kultura Ministerioari ingeles-euskara hiztegia bultzatu eta diruz-laguntzeko eskaria luzatu zitzaion.
EAJk aurkeztu eta Madrilgo Kongresuak onartutako eskabidearen arabera, bost urte beharko ditu Morrisek hiztegi berria bukatzeko, eta lanaren finantziazioak urteko 120.000 euro eskatuko lituzke.
Mikel Morrisekin harremanetan jarri gara, proiektuaren gaineko galdera batzuk luzatu asmoz, eta hona hemen bere erantzunak.
Nondik sortu da proiektu berri honen asmoa?
Beti egin nahi izan dudan proiektua da. Orain arte egindakoa egitasmoaren zatia besterik ez da izan. Leku askotara jo dut proiektu hau egia bihur dadin. Azkenean, 27 urte eta gero, lortu dut.
Eta Madrilgo Kongresuan eskaera egitearena? Nola baloratzen duzu eskaera hori onartu izana?
Jakina, ustekabeko gauza izan da baina zeharo bihotzgoragarria ere bai. Urtez urte egindako lanak, nonbait, onespena jaso du eta hori bai pozgarria da. Gainera, euskararentzat, lorpen handia da.
Zergatik da hain garrantzitsua gure hizkuntzarentzat ingeles-euskara hiztegi hori?
Oso lan garrantzitsua da euskararentzat, oso estrategikoa. Gaur egun, ingelesa munduko hizkuntza bihurtu da, munduko lingua franca bakarra. Etorkizunera begira, itzulpen gehienak ingelesetik euskarara egingo dira, ingelesa munduko ikerketa-hizkuntza eta sormen-hizkuntza
nagusia baita.
Batzuek esan dute beste proiektuek lehentasuna dutela, esaterako, frantses-euskarazko hiztegia, baina ingeles-euskarazko hiztegi handi honek euskal corpusa, nonbait, finkatuko du. Horixe da asmoa, behintzat. Gainera, frantses-euskara euskara-frantsesezko hiztegi bat
% 75 egina daukat, eta aleman-euskarazkoa berdintsu, Elhuyarren hiztegia (euskara-gaztelaniazkoa) delakoaren tamainakoak.
1998an, kontratua sinatu nuen Klaudio Harluxet fundazioarekin bi hiztegi egiteko: alemaniera-euskarazkoa eta frantses-euskarazkoa. Fundazio hori, praktikan, desagertu da eta harrez gero proiektu horiek neure poltsikotik ordaindu behar izan ditut. Urtebete barru edo kaleratzeko asmoa daukat.
Aurrez egina duzun hiztegigintza lanarekin alderatuta zer suposatzen du proiektu berri honek?
Nire kalkuluen arabera, Morris Student Plus delakoa baino 7-8 aldiz handiagoa izango da. Horregatik, hiztegi-egitasmoarena izena Morris Magnum da. Euskarazko hiztegi elebidunik handiena izango da, aurreko guztiak (gaztelania-euskarazkoak barne) baino askoz zehatzagoa eta
osatuagoa izango da. "Hiztegi guztien ama" izango da.
Lana egiteko bost urteko epea duzula aipatzen da. Nola egituratzeko asmoa duzu? Bakarrik ariko zara, ala talde lana izango da?
Jakina, talde batekin. Bakarrik ezin da egin, inola ere ez. Euskal Herriko itzultzaile onenekin arituko naiz, baita unibertsitateko adituekin ere (terminologiari dagokionez). Une honetan, taldea osatzen ari naiz.
|