Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Zaharrak berri?

Roberto Alkarterri / Bestelakoak / 2006-01-03 / 07:00


Horrela, galdera ikurrik gabe, erantzun ohi zaio Euskal Herrian "ze berri?" galdetzen duenari. Eta, nahi gabe bada ere, kontu berririk ez datorrela, aldaketarik eza edo errutina hutsa adierazten dugu hala erantzutean. Baina, urte berriarekin batera, denok izaten omen ditugu desio eta asmo onak, ezta?



Horrela, bada, euskaldunok agerian uzten dugu gure barne kontraesan galanta. Aldaketa gura, hobera jo nahi, baina berdin jarraitzea, gauden-gaudenean segitzea aldarrikatzen dugu. Gehiegizko azalkeria euskaldun zintzoarentzat, ezbairik gabe.

Euskaldunak betidanik defendatu izan ditu bereak, inoren aurrean kikildu barik eta irmotasunez, nonbait. Eta bada garaia modu tinko batez heltzeko benetan nahi dugun horri, ohiko lelo hutsaletan geratu gabe. Hitzetik ekintzara, aldarrikatzetik burutzera, esatetik izatera; jauzi egin beharra dugu. Eta ze aitzakia hobea urte berria baino?

2006. honetan, euskaltzale eta naziozale garenok bederen, koherenteago jokatu beharko genuke eguneroko jardunean. Bizimodu kapitalista eta kontsumista honek ematen digun erosotasunean larregi murgildu beharrean, joka dezagun garen euskaldun euskaltzale zintzoen modura, eta, izan gaitezen militanteagoak, koherenteagoak, Euskal Herriarekiko zintzoagoak gure egunerokoan: edozein egoeratan delarik ere, euskara lehenetsi dezagun erdararen aurretik.

Euskarak behar gaituela hamaika bider entzun dugu, eta bada unea guk euskara bera zenbateraino behar dugun seriotan planteatzeko. Erabiltzeko beharrik sentitzen ez badugu, zertarako aldarrikatu lau haizeetara gure euskalduntasuna? Izan gaitezen zintzoak, euskararekiko behintzat, eta urtegarrenean "ze berri?" galdetzen digutenean, akaso "berriak zahar" erantzun ahal izango dugu; aurrera goazen seinale.

Urte berri on euskaltzale guztioi!


(ROBERTO ALKARTERRI euskara irakaslea da)

Oso-osorik inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1136226902