|
Bere ardurapean duela urtebete azkendutako Orotariko Euskal Hiztegia aurkeztu berri du Ibon Sarasolak eta, egun gutxiren buruan, gaur bertan (2005-12-01), gaztelania-euskara hiztegi berri bat aurkeztuko du, Zehazki izenekoa. Aurkezpen horren bezperetan elkarrizketatu dugu hizkuntzalari eta euskaltzain donostiarra.
Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) aurkeztu berritan dator beste hiztegi berri honen plazaratzea, eta Ereduzko Prosa Gaur arakatzailearen edukian oinarrituta beste hiztegi bat egiteko aurrikuspenak dituzula ere aurreratu duzu, aurretik eginak dituzun beste denak aipatu gabe. Hiztegigintza amaiera gabeko lasterketa al da?
Ez, ez, nik uste kointziditu egin duela. Berez, Orotariko Euskal Hiztegia guk orain dela hamahiru hilabete bukatu genuen, nahiz eta orain aurkeztu duten. Ereduzko Prosa Gaur -ekin berriz hor jarraitzen dugu. Hau oraintxe bukatu dut. Lehentxo bukatu behar nuen, baina...
Zenbat denbora erabili behar izan duzu hiztegi hau prestatzeko, noizko proiektua da?
Berez orain dela hamar urte baino gehixeago, Vox-ek eskatu zidan erdara-euskara/euskara-erdara hiztegi bat egiteko. Lagun bati deitu nion euskara-erdera partea egiteko, eta nik neuk egin nuen erdara-euskarakoa. 21 urte neramatzan euskara-euskara hiztegi bat egiten, Euskal Hiztegia, eta hiztegi elebidun bat egiteko, mundu horretan sartzeko gogoa nuen. Askotaz ere zailagoa da, ez dago kolorerik. Historikoki lehendabizi hiztegi elebidunak egiten nituen, euskaldun zaharraren ikuspegi elebakarretik probetxuzkoago edo irudituta. Baina oso konplikatua da. Lehen urrats haietaz geroztik, beste pauso batzuk eman ditut eta hau azkena da, erdal-euskara hiztegi baten azken urratsa. Honekin, oraingoz behintzat nahikoa egin dudala uste dut, eta gero gerokoak.
Zerk egiten du bada zailagoa hiztegi elebiduna, zure ustez?
Ni formazioz injeniaria naiz eta gauza garbiak behar ditut, ondo sailkatzen direnak. Euskara-euskara hiztegi batean dagoena dago, dagoena esplikatzen duzu eta kitto. Definizioren batekin izan ditzakezu arazoak, baina oro har dagoena azaltzea da. Baina hasi behar bazara azaltzen, erderazko ez dakit zer euskaraz nola esaten den, hori beste kontu bat da. Casa esaten badizute etxe esango duzu; baina esto incluye a no sé qué esaten badizute... hor, hor hasten dira komeriak. Eta ez hori bakarrik: definizioak emateko moduak... Denak dauka diferentzia, eta niri behintzat ikaragarri zaila gertatzen zitzaidan. Orain pixkat tamaina hartu diot agian, baina dena dela zailagoa da, eta batik bat gurea bezalako hizkuntza normalizatu gabe bat tartean denean: zer jarri, nola eman...
Gaztelania dakiten euskal hiztunei zuzendutako hiztegia dela diozu, ikasle xumearentzat zein itzultzaile adituarentzat baliagarria.
Hori da, gaur eguneko euskaldunei zuzendutakoa da. Gure artean, eta oraindik bestelako bakarren bat egongo da, baina zeinek ez daki gaztelaniaz ondo, edo oso ondo. Egoera horretarako da. Nik egin nuen euskal hiztegia, euskara-euskara, eta oso gutxi saldu zen, hemen jendeak ez baitu euskara-euskara hiztegirik erosten. Hemengo jendearengan inzidentziarik izan nahi baduzu erdera-euskara hiztegi bat egin behar duzu. Horrela gaude, horrelakoak gara eta hemen saltzen dena, eta batez ere erabiltzen dena, erdera-euskara hiztegia da. Hor sartu izan nahi nuen, eta horregatik egin dut lan hau.
Zer eskainiko die hiztegi berri honek erabiltzaileei, beste batzutan aurkituko ez dutena? Zer ekarpen egiten du?
Hiztegian gaztelania-euskara jartzen du, baina nik ez dut erdal hiztegi bat hartu eta hori itzuli. Egin dudana, eta horretan bai dela nahiko berezia, Orotariko Euskal Hiztegia hartu eta irakurtzea izan da eta, hitzak baino gehiago, esapideak eta adibideak bildu nituen. Horiek erdarara itzuli nituen, orijinala erdarazkoa balitz bezala, eta itzulpena euskarazkoa balitz bezala eman. Baina benetako orijinala euskarazkoa da. Adibide asko eta asko daude, esaterako, Mitxelenarenak. Gauza bera egin nuen Ereduzko Prosa Gaur arakatzaileko autore batzuekin. Bertan sartu eta hitz zehatz bati buruz zegoen materiala biltzen nuen. Hori du nolabait berezia hiztegi honek: euskal materialak, baina erdera-euskara moduan emanak, gehienbat.
Berez gaztelaniazko hitzak nola euskaratu behar diren jakiteko balio du beraz hiztegiak, baina zu euskarazko hiztegian oinarritu zara erderazko hitzak eta adierak osatzeko?
Hori da. Euskaraz ditugun hitz, esapide, esamolde eta abarrak erderara nola itzultzen diren galdetuz eta horiek ordenatuz egindako lana da. Zuloak bete beharra ere izan dut, toki batzutan euskarak ez duelako ematen. Hor laguntza handia eman dit Inazio Mujikak. Bera Alberdaniako editorea da, eta Alberdaniatik pasatu diren liburu guztiak behintzat goitik behera irakurri eta zuzendu ditu, egundoko esperientzia du, eta oso baliagarria gertatu zait. Euskarazko eta gaur egun horrenbeste erabiltzen ez diren hainbat esapide zaharren esanahia gaztelaniara pasatzean izan ditut agian eragozpen handienak, era honetako beste hiztegietan agian agertu ere egiten ez direnak. Batez ere hori salbatu nahi izan dut, espresio horiek hiztegian sartzea, ez galtzeko. Gero, de, por, según... horrelakoetan lan ikaragarria egin dut.
Taldeko lan bat izan da, ala zeurea, laguntza puntual batzuekin?
Hau nik bakarrik egin dut. Baina esaten dizut, gero zuzenketetan ehundaka proposamen, zuzenketa eta osaketa egin dizkit Inazio Mujikak. Beste zenbait laguni ere pasa diot eta esan didate hau edo bestea, baina gehienbat lan pertsonala izan da.
Orotarikoaren azken urteek eta honek denboran bat egingo zuten, ezta? Nola moldatu zara?
Lan hau, batez ere, orain dela hamahiru hilabete Orotarikoa bukatu eta orduan hasi nintzen egiten. Gauzak aurreratuta nituen, baina azken urtebetean egunean hamar orduz lanean arituta lortu dut bukatzea. Hilabete hauetan ezer gutxi gehiago egin dut. Azkenean goitik behera hartzen zaituen lana da eta ezin duzu beste ezer egin: kalean zoazenean gauzak irakurtzen dituzu, batik bat gaizki daudenak, eta kopiatu, itzuli eta ondoren ondo ematen saiatzen zara. Horrelako lan asko ere badago hiztegian.
Oso jatorri ezberdineko iturriak erabili dituzu, orduan, hiztegia tajutzerakoan.
Bai, ingurutik hasita: euskara ikasten ari den emaztea, seme-alaba ikastoleroak, eta Donostiako ikastoleroak gainetik! Hor mina bat izan dut, mina bat. Elhuyar hiztegia goitik behera irakurtzea izan da egin dudan beste gauzetako bat, eta hitz zientifiko eta tekniko guztietan banan bana begiratu dut ea internazionalak ote diren, beste aukerarik badagoen... Hiztegi honetan badago besteetan aurkitzen ez den zerbait, hitz batzutan euskaraz nola esaten diren jartzeaz gain ingelesez, frantsesez edota alemanez nola esaten diren ere jarri baitut. Jendeak internazionalak direla uste baina horrela ez diren hitzetan egin dut hori, jendeari ikusarazteko.
Euskaldunok, Hegoaldean behintzat, internazionala gaztelaniarekin identifikatzen dugulako?
Noski, horregatik egin nahi izan dut. Batez ere arazoak dituzten hitzetan egin dut, baina pila bat daude. Lana egin dut, nik uste.
Azaldu, modu laburrean, hiztegiaren ezaugarriak
Sarrera eta azpi-sarreren artean, 86.000 egongo dira, horrelako zerbait. Adibideak ez ditut zenbatu, baina pila bat dira, ez dago besterik. Ez dago ia sarrerarik, adibiderik ez duenik. Adibideak, gainera, ez dira betegarri hutsak, baizik eta ahalik eta laburrenak eta zehatzenak. Horretan ere saiatu naiz.
Eta Zehazki izena, hortik al dator?
Zehazki ez da nirea, editoreena da, noski. Baina egia da hitz bakoitzean ahalik eta zehatzen hitzaren adiera denak eta dagozkien adibideak eta esapideak jartzen ahalegindu naizela.
Hitzen hiztegia baino esapideena dela esan daiteke, beraz?
Esapideena eta adierena, bai.
Itzulpen literalak erabiltzeko dugun joera okerraren aurrean lagungarria izan daitekeela uste duzu?
Beno, ni itzulpen literalen aldekoa naiz literalki, esanahia mantentzen duten aldetik. Nik bereizi egiten ditut itzulpen literalak eta klonikoak. Klonikoak dira piezaz pieza itzulitakoak. Hiztegi hau gaur egun horrenbeste ikusten diren itzulpen kloniko horien kontrako tresna bat da, horretan saiatu naiz behintzat.
Orotarikoarenak bukatuta, Hiztegi Batuarekin zabiltzate orain lanean. Zein da zehazki Hiztegi Batua osatzeko prozesu horretan egiten ari zareten lana, eta zein azken helburua?
Gaur egun euskal hiztegigintzan, elebakarrean behintzat, nahikoa kontsentsu zabala dago. Lur Hiztegi Entziklopedikoa hartzen baduzu, Elhuyar -ena bestetik eta nirea bestetik, % 80an gutxienez berdinak dira, niretik hartu zituztelako, baimena eskatuta. Kontsentsu hori aprobetxatuko dugu, euskara batuko hitz bakoitza hartu eta aipatutako hiztegiek zer esaten duten begiratu, baita Adorezek zer dioen ere. Horren arabera, hori batuaz eta emanaz tajutzea da gure asmoa. Bi hitzetan esateko, kalean dagoen euskarazko hiztegigintzaren batasun hori ofizialki ematea izango da gure lana, Euskaltzaindiaren bidez.
Orotarikora itzulita, azken alearen aurkezpenarekin batera ahots asko azaldu dira edizio elektronikoaren beharra aldarrikatuz eta noizko izango ote den prest galdetuz. Zenbaitentzat, gainera, euskarri elektroniko hori plazaratu artean, OEHk ez omen du benetako eragin praktikorik izango oro har erabiltzaileen artean. Zer deritzozu?
Bai, horrela da. Nik uste dut edizio elektronikoak kalterik behintzat ez lukela egingo. Baina ez dago gure esku, dirurik ez badago... Aurrekontu kontu bat da. Nik uste dut hiru urteren bueltan edo aterako dugula.
|