|
Informatikan ere euskarak aurrera egin nahi badu biderik sendoenari ekin behar dio. Gero eta aditu gehiagok dio informatikan Linux dela euskararen etorkizuna. Gaur gaurkoz, gainera, euskarazko informatika programa gehien Linux-en dago, alde handiz gainera.
Marcos Goienetxeri elkarrizketa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko informatika irakaslea:
«Linux merkeagoa eta seguruagoa dela ohartu dira administrazioak»
Windows ez bezala, doakoa eta askea da Linux sistema eragilea, eta duela bi astetik ordenagailuarekin beti euskaraz aritzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, auzolanean aritutako informatikari talde bati esker.
Sei urtez lan egin ondoren, duela bi aste lortu zuen boluntario talde batek Linux sistema eragilearekin lan egiteko ingurune grafikoa erabat euskaratzea. Besteak beste, alemanari eta frantsesari aurre hartu die euskarak software librearen atal honetan. KDE bulegoko mahaigain bat bezala dago antolatuta, Windows bezala, eta klikatuta irekitzen eta ixten dira karpetak eta aplikazioak. Erabat euskaraz egoteak zera esan nahi du: mahaigain horretan agertzen diren leihoek, lanabes barrek eta mezu guztiek erabiltzaileari euskaraz egiten diotela. Linux sistema eragilea doan banatzen da, eta Windows baino sendoagoa dela diote adituek. Marcos Goienetxe (Iruñea, 1978) boluntario taldeko koordinatzailea izan da.
Zer abantaila dute euskaldunek orain, KDE erabat euskaldundu duzuela eta?
Dagoeneko badugu sistema eragilea (Linux), interfaze grafikoa (KDE eta Gnome) eta nabigatzailea (Firefox) guztiz euskaraz, eta sosik gastatu gabe instala ditzakegu. Dena egin dezakegu euskaraz: Interneten ibili, posta jaso eta bidali, fitxategiak jaitsi, musika entzun, filmak ikusi, marraztu. Testu prozesatzaileak, kalkulu orriak, jokoak, ordenagailu bati egun eskatzen zaion ia guztia daukagu KDE horretan. Windows eta Mc OS sistema eragileetan agian oinarrizko egitura euskaratuko dute, baina gero aplikazioak erdaraz emango dituzte. Esaterako, Windowsen azken bertsioa euskaraz badago, baina nik ez diot inori ikusi, dendetan beti erdarazkoa jartzen dizutelako.
Auzolanean egin duzue itzulpen prozesua. Zaila izan al da?
Programak normalean ingelesez egiten dituzte, eta gero itzultzen dira beste hizkuntzetara. Guk euskaratzea erabaki genuen duela sei urte. KDE munduko 22 hizkuntzatan dago erabat itzulita, tartean euskaraz. Programak Internetetik jaitsi, euskaratu eta berriz igo, hori da sei urtez jarraitu dugun lan prozedura. Astuna izan da lana, zaila baino gehiago. Urriaren 15ean lortu genuen, lehen aldiz, KDE osorik euskaraz egotea.
Nola hurbildu zitzaizun jendea lan-taldea osatzeko?
Hasieran ni bakarrik nengoen egitasmo honetan. Gero EuskalGNU taldea sortu genuen. Berez hurbildu zen jendea. Lan horretan ari ginela nonbait entzunda, edo Linux instalatzerakoan gauza batzuk euskaraz zeudela ikusi ondoren. Denak informatikariak dira, nahiz eta itzulpen lan honetarako aditua izateko beharrik ez egon askotan. Aisialdian egin dute lan.
Harrigarria da ikustea euskarak aurre hartu diela, esaterako, alemanari, frantsesari eta katalanari. Zertan datza arrakasta?
Lana, lana eta lana; hori izan da kontua. Erabat euskaratu izanak ez du esan nahi lan guztia egina dagoenik. Esaterako, programen laguntza liburuak egin gabe daude oraindik. Horrez gain, KDE bizirik dagoen egitasmoa denez, beti ari dira gauza berriak sortzen. Frantsesez edo katalanez geuk baino lehen itzultzen badituzte, aurrea hartuko digute. Edonola ere, errazagoa da postuari eustea behin helduta. EuskalGNU taldetik beti saiatu gara euskara teknologia berrietan sustatzen. KDE sekulako egitasmo ona zela iruditu zitzaidan, eta hala erakutsi du urteak igaro ahala.
Linux, KDE eta, oro har, software librea horren ona bada, zergatik ez da arrakasta begi bistakoa?
Arrakasta handia da. Interneteko zerbitzarietan, hau da, web orriak biltzen dituzten makinen %80k software librearekin funtzionatzen du, Linux oinarri. Posta zerbitzarietan gauza bera. Interneten protokoloak ere ez du jaberik, horregatik erabil dezakegu denok sarea inori eskubiderik ordaindu gabe. Arrakasta itzela da, beraz. Ordenagailu arruntetara pasatzea falta zaio software libreari. Hori zailagoa da, normalean ordenagailua erosten duzunean Windows instalatzen dizutelako eta sistema hori ekoizten duen enpresak Microsoftek diru asko gastatzen duelako propagandan.
Software librearen mugimenduan ez dago estrategiarik ordenagailu arruntak konkistatzeko?
Dell, HP eta ordenagailuak egiten dituzten beste hainbat enpresa hasi dira dagoeneko ordenagailuak saltzen Linuxekin. Mundu osora helduko da hori azkenean. Nafarroan ere, Hezkuntza Departamendua OpenOffice banatzen hasi da Microsoften Office beharrean. OpenOfficen azken bertsioak ODTS dokumentu formatu estandarra onartzen du eta Europako Batasuna eztabaidatzen ari da dokumentu formatu hori EB osoan hobestea, eta beste formatuak baztertzea. Guztiz logikoa da, administrazio publikoak ezin ditu sustatu jabea duten aplikazioak, debaldekoak edukita.
Batez ere Brasil, India eta garatzeko bidean diren beste herrialdeetan ari dira Linuxaren aldeko apustua egiten. Ez al da, ordea, Linux txiroen aukera gisa geldituko?
Alemanian ari dira mugitzen orain. Municheko Udalak Linuxera pasatu ditu ordenagailu guztiak: 14.000 postu eta 400 zerbitzari inguru. Horrez gain, Windowsetik Linuxera igarotzeko laguntza ematen die herritarrei. Ohartu dira Linux aukera ona dela ez soilik merkeagoa delako baizik eta seguruagoa delako.
EuskalGNU elkarteak baditu beste egitasmo batzuk. Zer egingo duzue etorkizunean?
Aski lana izango dugu KDE eta OpenOffice eguneratzen. Beste lan txikiak egingo ditugu. Poltsikoko PDA agendentzako sistema eragilea euskaratu genuen iaz, esaterako. Beti ere, Linuxaren ebanjelioa zabaltzen jarraituko dugu
- Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-11-01ean; elkarrizketa-egilea: Edu Lartzanguren.
|