 |
"giz-" erroa maskulinoa al da? |
 |
2005-10-03 / 07:00 / Iñaki Kasares |
HIZKUNTZA |
|
Aspaldion "giz-" erroaren inguruan nahaste-borraste handia dut buruan. Batzuek maskulinitateari lotzen diote esanahia, gizonezkotasunari, eta esaten dute sistema sozial patriakarlaren eraginez erabiltzen dela gizonezko eta emakumezkoak aipatzeko (gaztelaniaz maskulinoa gizonezko eta emakumezkoa aipatzeko egiten denaren antzera), eta sexismorik gabeko hizkeraren alde "gizaki", "gizarte" eta halakoak baino "jendarte"-eta hobesten dute (izan ere, euskal kazeta batek lehengo "gizartea" sailari "jendartea" jarria dio; beste batzuek ordea "giz-" pertsonari lotzen diote jatorrizko esanahia, alegia, ez maskulinateari. Inork ba al daki "giz-" horren jatorrizko esanahiaz?
|
Erantzun |
| |
 |
| "Gizaki" eta "izaki" ahaide |
 |
2005-10-03 / 08:50 / Edorta Agirre |
|
"Ipuscua" toponimoa agertzen da XI. mendeko agiriren batean, gerora Gipuzkoa izango zen hura adierazteko. "Izurde" eta "gizurde" hitzak txandakatzen dira, euskalkien arabera. Eta hauek ez dira adibide bakarrak.
Horrek eta senak "gizaki" eta "izaki" ahaide direla erratera garamatza, agian bigarrena protesi batez lagunduta (arratoia, ekendu, eta horien antzera).
(EDORTA AGIRRE ALONSO itzultzailea da)
|
| |
 |
| Gure hizkuntzan ere agertzen dira matxismoaren adieraziak |
 |
2005-10-03 / 09:38 / Bakartxo Arrizabalaga |
|
Hizkuntza orotan gertatu da horrelako arazo hori eta ekarri du eztabaida luzea eta aldatu nahiak: Ingelesezko eta alemanezko "man" (alemanez feministak saiatu ziren horren ordaina ematen eta "man" agertzen zen guztietan "frau" jartzen, eta ingelesezko "history" "herstory" zuten bihurtu hango feministek. Gauza da orain artean herritarraren irudia gizonen irudia zela eta hala zen izendatua. Euskaraz "giz" erroa gizonezkoei lotzen zitzaien soilik; hala "gizajo" soilik gizonak dira; ume eta emazteak "gajo" besterik ez dira, edo izan dira. Gizonak alde batetik, hau da, herritar oso direnak, eta umeak eta emazteak bestetik, eskubide guztiak ez dituztenak, bereizi izan dira euskaraz ere. Ez gara beste herrialdeak, beste kulturak baino berdinzaleagoak, eta halatan gure hizkuntzan ere agertzen dira matxismoaren adieraziak, gure bizimoduaren adierazle.
(BAKARTXO ARRIZABALAGA LABROUSSE itzultzailea da)
|
| |
 |
| Larruz edo azalez egindakoa |
 |
2005-10-03 / 12:58 / Ibai |
|
Lopez-Mendizabal'dar Ixakaren hiztegian honakoa dator:
Eta beraz hortik datoz GIBEL, GIAR, eta baita GIZA ere. Gutxi gora-behera, larruz edo azalez egindakoa. Gero, Gizon, GIZA-ON, eta beste asko daude (hiztegian): GIZAR (gizon), GIZA-EME, GIZAKUME, GIZASEME, GIZALABA, GIZEMA (emakume),...
|
| |
 |
| GIZ-: Gu-iz? Gu-zi? |
 |
2005-10-03 / 19:34 / Josu Naberan |
|
Hona hemen erro garrantzitsu horrekin eraikitako hitz batzuk:
- Giz(e) gu-iz; gi-iz - gu gara; u edo i irekia, g hotsak
mugatuta
- Giza erroak azalera eta
existentzia adierazten du
- giz-a(ra)
- -ara erroak azalera eta
existentzia adierazten du
- Gizon
- gu-iz-on
- gu, iz eta on aditza: "GU-IZ abian"
esanahiarekin
- Gizaki
- gize-ide, giza-ekai - ekai (gero -ki), materiala
edo mota adieraziz
- Gizeli
- Gizarte
- Gizelan
- gize-lan - gizakiak egun batean egin
dezakeena (Halaxe ahoskatzen dute, behintzat, nik hurbiletik ezagutzen
ditudan parajeetan (Busturialdean eta Txorierrin), hiztegi guztiek "gizalan"
jarri badute ere).
Lehenengo eta behin, ondo deritzot "jendartea" erabiltzeari. Uste
dut, gainera, euskaran ere badirela matxismo kutsuak (adjektiboetan, esaera
zaharretan eta abar). Halere, hizkuntza egituran eta erroetan ez dut
aurkitzen matxismo kutsurik.
Iradokizunak, sujerentziak. Horixe da GIZ erroari bete-betean doakion hitza.
Hona hemen giz(a) sustraiaz aurkezten ditudan aukerak:
-gi errotik etortzea, gia, gihar eta haragiaren
(gorputzaren) kapitulu osoarekin batera; baina orduan gi-za hitzaren
bigarren osagarriari ez diot ikusten zentzurik, -tza ugaritasunaren atzizkia
izan ezean. Baina ba al du zentzurik gizakiari haragi ugaritasuna
esleitzeak, halako animalia handien ondoan bizi zirenen ikuspegitik?
Beraz, giz- litzateke erro biluzia, honek hiru
lau hipotesiari irekitzen diolarik bidea:
- a) gi-iz: argia, adimena... duen gorputza.
- b) gu-iz: hi(z) eta ni(z) gizabanakoekin alderatuta, taldea irudikatzen da.
- c) ira-iz: argi, bizi, energia, adimen... eratorria (ira).
- d) giz(e): zeren -e bukaera arkaismo handiko hitzetan aurkitzen baita (goe,
hatse, hetse, etab.)
Dena den, irudimen handiko hots eraiketen aurrean gaude.
Batek baino gehiagok aipatu du, gure erro hau dela eta, Egiptoko
Ahramat al-Jizah lur eta hiri sakratuko esfingea eta piramideak, al-Kahira
(Kairo) hiriburuaren ondoan. Hortxe ikus daitezke zut oraindik, eraikiak
izan eta 4.500 urtera, Khufu, Khafre eta Menkaure faraoien piramideak,
"zazpi miragarrietariko bat" osatzen duten hiru piramide handiak. Ba,
al-Jizah hori, hitz nabariki arabiartua, GIZA, GIZAH edo GIZEH ere idazten
da, eta horixe izango da beharbada lehengo izena.
Beharbada GIZA hitz bereber-kaukasiera dugu, GU izenordearekin
batera: Orduan bai gu-iz esan nahiko lukeela. Hona hemen gizaren senideak:
KOTSI (Kaukasoko mingrelieraz), GOTSI, KODZI (Kaukasoko lazieraz); ARGAZ
(imazighen berbereraz; hau gizonen sinonimoa izan daiteke, ar hori aurretik
duela); GIZA (libiar berbereraz) eta GISA (tartesiera-iberikoz). Denok ere
giza, gizakia esangurarekin.
Aztarna hauen geografia ikusirik, giz(e), gu bezala, Kaukaso
aldetik Cro-Magnon gizakiak ipar Afrikarantz eta Pirinio alderantz aldi
berean etortzean ekarri zuen erro primitiboa dela ematen du, hizkuntza
saharar-mediterranearra eta piriniarra garatu aurretikoa agian. Horrela,
hitzok, sinonimo aurre-indoeuroparrik ez dutenez, ondare komun izango ziren
goi paleolitoko kulturgune europar nahiz mediterranearrean; eta horietatik
eratorriak, gero, giza ipar-afrikar eta iberiarra (*giz-ara), baita euskara
piriniarrean hitz elkarketan besterik erabiltzen ez den giza- erroa.
Beraz, batetik, giza-, gizarte eta abar gizonetik datozela esateak
ez du batere oinarririk. Nahasmena, nire ustez, XVIII eta XIX. mendeko
predikariekin sortu zen, "gizeraile" gizon-eraile bihurtu zutenean,
erailketaren larria nabarmentzearren edo, eta horrela giza- guztiak gizon.
Azkuek bere Hiztegian ohartzen die ezen hainbeste gizon erabili beharrean,
giza- dagoela hor.( Hain zuzen ere *giza erroak gizon=pertsona adiera argi
eta garbi adieraz zezan, XVIII eta XIX. mendeko autore batzuk, gehienak
elizgizonak (Mogel, Añibarro...) "giza" hori "gizon" idazten eta esaten hasi
ziren (GIZA- hotsaren GIZON adiera bistara ekartzearren euren predikuetan),
eta horiei zuzenduta dago Azkueren oharra: "la palabra GIZONALDI,
"generación", que expone Moguel, y la palabra GIZONERAILE, "asesino", que
nos muestra Mikoleta, por mucho respeto que me merecen sus autores, no las
pondría frente a las populares GIZALDI y GIZERAILE": Azkue, Diccionario...
GIZON). Hortik gero "giza-emakumeak" "giza-eme" "gizema" "gizar" eta halako
puntualizazio arraroak sortzea (batez ere elizgizonen eskutik). Nire ustez,
predikari haien asmoa ez zen generoa argi uztea, "gizon" hitzaren adiera
orokorra (homme, persona humana) adieraztea baino. Eta Azkue jaunak zera
erantzuten die: lasai, "giza" barruan dago "gizon" eta; "el pueblo utiliza
gizon por giza"; ez da beharrezko "gizon-eraile" eta horrelakoak erabiltzea,
beraz.)
Bigarrenik, Kaukasoko kodzi/gotsi/kotsi hitzek GU-ZI hipotesiari irekitzen
diote atea. Izan ere, iz/zi bikotea nahiko parekidea dela, batak argia eta
bestek ura nahiz erreka adierazten duelarik bereziki (eta zi, gainera, iz
bilakatzen dela maiz, kakofonia ekiditearren), baina bizia eta energia
adierazten dute batak zein besteak. Giz erroa, beraz, *gu-zi izan daiteke
azken batean, "gu bizia", "gu-energia" edo horrelako zerbait adieraztera
emateko, baina betiere gu-taldea nabarmenduz.
Gizon hitzaren bigarren osagaiari dagokionez, -ON hori aditza dela
uste dut, euskara piriniarraren izen aditz ugarietariko bat (jagon, egon eta
beste hainbat kasutan ageri dena) gu-zi-gara esanahiarekin. Orduan zer? Hara
nire iritzia: ar/eme eta orots/urrixa bereizketari Europaz hegoaldeko
jatorria esleituko diodanez, hizkuntza piriniarrean gizon hitza besterik ez
dago genero bata nahiz bestea izendatzeko. Gaur egungo belarriari gogortxo
egiten bazaio ere, lehen ez zuen izango guk orain ematen diogun konotazioa.
Zentzu aldaketa hau ez da harritzekoa: adibidez, ANDERE hitza anderos/andros
(gizonezkoa) bilakatu zuen grekoak, eta JAONE ere "jaun" bihurtu zen.
Gizarte patriarkal ezarri berriaren ondorioz, noski.
(JOSU NABERAN NABERAN idazlea da)
|
| |
 |
| Denok JENDE eta denen artekoa JENDARTEA |
 |
2005-10-05 / 23:26 / Anuntxi Arana |
|
GIZ- erroa emazte eta gizonen kolektiboa izendatzeko erabiltzea diskriminatzaile dela oraingo euskarak baieztatzen digu. Eta gu orain bizi gara eta orain gaitu sexismoak xifritzen. Prehistorian zer ote zen? "Jaizkibelgo burezurrari" galdegin beharko diogu... Bakarrik, Zaldi Ero marrazkigileak jadanik galdezkatu zuen ergatiboari buruz, eta ez zuen deus garbirik atera...).
Egipziarrei galdegin orduan? Ja! Eta zergatik ez "Otzi"ri, Alpeetako gizon gaizoari? Beharbada haren izena "Izo"ren metatesia da-eta.
Serioski: euskara historikoan denetarik badugu. Batzuek (askok) GIZA neutro balitz bezala erabili izan dute. Beste zenbaitek, alderantziz, maskulino gisa. Bietako adibideak eman zizkigun Azkaratek artikulu gogoangarri batean, eta zertarako? Giz-aren erabilera neutroa justifikatzeko! Eta bai, zer egingo diogu, ba...
Hona hemen artikulu hortarik eta Orotariko Hiztegitik hartu GIZA(ki) eta EMA(zteki) batzuk, antonimoak:
Azkarate:
- "GIZAKI ETA EMAZTEKI ARTEKO" (Mendiburu)
- "GIZAKI TA EMAZTEKI EGIN BAITUZU GIZADIA" (Orixe)
- "TA EMAZTEKIARENDAKO GIZAKIA" (Mendiburu)
- "JOSEF IZENA ZUEN GIZAKIARI EZKONTZE-HITZA EMANIK ZEGOEN BIRGINARENGANA"
- "GIZONA EGIN ZUENAK, GIZAKIA ETA EMAKUMEA EGIN ZITUELA" (azpimarratzekoa da GIZON dela hemen neutroa eta GIZAKI maskulinoa, Azkaretek proposatzen duenaren kontrarioa).
Orotariko hiztegia:
- GIZAERDI, GIZAKOTE, GIZAPUSKA, GIZAGAZTE, GIZA-JANTZI, "Nire GIZA" (senarra), "GIZAKI eta ANDRAKI guztiak", eta abar, denak maskulinoak.
Gaineratzekoak dira denek orain erabiltzen ditugunak, hala nola GIZAGAIZO (gizajo) eta GIZAKUNDE (Inauteri aroan gizonen eguna, EMAKUNDEaren antonimoa, Emakunde gure erakundeak ez badu jakin nahi ere, harek aholkatu baitu GIZA neutro gisa erabiltzea).
Batzuek pentsatzen dugu "humano" izateko GIZA izan behar baldin badugu emakumeek, inoiz ez garela GIZONak bezain GIZA izango, ez eta Nefertitik lagundurik ere, eta izendapenean beti geldituko garela egiazko GIZ-en menpean. Eta badakigu hizkuntzak, eta sinboloek orokorki, zer indarra duten ideologian eta bizitzan.
Gauzak horrela, Eraikizan talde feministak kanpaina bat egin zuen 2000ean, erdarazko "human-" euskaraz adierazteko JENDE eta haren eratorriak erabiltzeko. Eta ideia bere bidea egiten ari da. JENDE hitza oso erabilia da Iparraldean eta Nafarroan, "ser humano" / "être humain" zentzuan. Hartatik datorren JENDETASUNA hitz oso hedatua da eta bikaina, aldi berean "humanismoa" eta "politesia".
Gure iritziz, bakoitzari berea emateko eta jakinik edozein hizkuntzatan aukerak egin eta egiten direla beti, hauxe da hoberena: gizona GIZON, emaztea EMAZTE, denok JENDE eta denen artekoa JENDARTEA.
(ANUNTXI ARANA antropologoa da Ipar Euskal Herriko mitologian aditua eta Ipar Euskal Herrian euskaraz egin eta aurkeztu den lehendabiziko tesiaren egilea da, Bordeleko Unibertsitateko Baionako Fakultatean)
|
|
Erantzun |
|