Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Sakatu sakelakoari

Sakatu sakelakoari

2005-05-17 / 07:00 / erabili.com   KULTURA

Tenologia berriek idazteko eta komunikatzeko sistema berriak sortu dituzte hainbat gizarte nahiz hizkuntzatan, baita gurean ere. Zaku horretan sakelako telefonoen SMS mezu laburren komunikazio sistema dugu eta, batez ere, gazteen artean, komunikazio modu honek labur eta azkar idazteko sortu duen premia. Ba al dakizu, idazketa berri hau lehiarako kontu ere bihurtu dutela?

Udal Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, sakelako telefonoen SMS mezuen lehiaketa antolatu du, lehen aldiz.

Gaia: Idatziozu maite duzun horri.

Bi modutan parte har daiteke: alde batetik, www.smsariketa.org webgunean eta, bestetik, 5649 telefono zenbakira mezua bidaliz.

Mezuak ekainaren 15a baino lehen bidali behar dira. Epaimahaiak astebete geroago emango ditu irabazleen izenak.

Sariak: motor bat, sakelako telefonoak, bideo jokoak, Athleticeko eta Realeko jokalarien kamisetak, CD-ROMak... Gazte Txartela duten parte-hartzaileen artean hamar MP3 aparailu zozketatuko dira.

Nola parte hartu

  • SMS bidez
    • 1.- Idatzi zure segapotoan bidali nahi duzun esaldia
    • 2.- Bidali helbide honetara: 5649 UEMA.SMS. [ mezua ]
    • 3.- Itxaron, ekainaren 23ra bitartean, saririk lortu duzun jakin arte.
  • Ordenagailuz
    • 1.- Bete parte hartzeko formularioa
    • 2.- Parte hartu botoia sakatu
    • 3.- Itxaron, ekainaren 23ra bitartean, saririk lortu duzun jakin arte.

Arauak

  • 1.- Gustuko duzun horrentzako mezua behar du izan.
  • 2.- Mezua 100 karakterekoa izan daiteke, gehienez.
  • 3.- Euskaraz behar du izan, euskara bizi eta askean.
  • 4.- Ez sartu mezu xenofobo, homofobo, xfobo edo iraingarririk, ez baititugu onartuko.
  • 5.- Mezua maiatzaren 13tik ekainaren 22ra bitartean bidali behar duzu.

Puntuatzeko irizpideak

Puntuatzeko neurtuko da:

  • 1.- Originaltasuna: Inork esan gabeko hori, inork esango ez lukeen moduan.
  • 2.- Zure gustuko horrek zuk nahi duzun hori eta ez beste ezer ulertzeko, eta azken finean, berarengandik zuk nahi duzuna lortzeko aproposa izatea.

Hainbat sari

  • 1.- Mezurik onena.
  • 2.- Mezurik originalena.
  • 3.- Mezurik xarmantena.
  • 4.- Mezurik seduktoreena.
  • 5.- Mezurik motzena.
  • 6.- Publikoaren saria.
  • 7.- Gazte txartela dutenen artean saria.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

 
«SMS lehiaketa euskararen ondarearen proiekzioa da»
2005-05-17 / 07:00 / erabili.com

Kike AMONARRIZ | Umorista eta SMS lehiaketako epaimahaikidea

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) euskal hizkuntza sustatzeko lanean euskarri berria sortu du, SMS lehiaketa hain zuzen. Gazteak sakeleko telefonoari atxikita bizi direla oharturik, euskarazko mezuen bidezko komunikazioa indartu nahi dute. «Idatziozu maite duzun horri» gaia aitzakia harturik.

Nola sortu zen Euskal Herriko lehenengo SMS lehiaketa sortzeko ekimena?

Lehenengo, Lazkaoko Kilometroek eskaturik «SMS segapotoen mezu sekretuak» liburuxka atera genuen Zazpiak Batman Kolektibook, eta, orain dela hilabete batzuk, UEMAkoek aipatu ziguten interesatzen zitzaiela gai honekin zerbait egitea. Orduan, ekimen hau UEMAk bultzatzea egokia zela ikusi genuen, horrek ordezkatzen duen guztiagatik, euskararen birika delako, gure hizkuntzaren amazonia nolabait. Are gehiago, teknologia berriez ari garenez, uste dut mundu osoan barreiatuta dauden euskaldunek parte har dezaketela, dudarik gabe.

Orduan, teknologia berriak eta euskara uztartzeko ahalegina dela esan daiteke?

Batetik, idazteko eta komunikatzeko sistema berriak sortu dituzte teknologia berriek, eta euskara ere gainontzeko hizkuntzekin batera sartu da. Bestalde, hizkuntza komunitatea harreman sarea da, eta sistema berriek sare hori geografikoki ere zabaltzea ahalbidetu dute. Lehiaketa honen bidez, gure ondareari etorkizunerako proiekzioa emango diogu, hizkuntzaren alderdi berriak landu, eta jolas sortzailearekin batu.

«Idatziozu maite duzun horri». Lotsatiak direnentzat aukera paregabea izan daiteke, ezta?

Lotsatientzako teknologia berriak sekulako pagotxa dira. Batzuentzat telefono bidez adieraztea errazagoa da, eta hori baino errazagoa mezu bat bidaltzea. Kasu honetan, lotsagabeek aukera ona dute eta lotsatiek aukera bikaina. Gainera,www.smsariketa.org web orrian halako «txuletario» bat jarriko dugu SMS hizkeraren bidez komunikatzeari buruzko informazioa emanez.

Maitasunak zeresana ematen duelako hautatu zenuten?

Gauza asko iradokitzen duen gaia da, bidea erabat zabalik uzten du. Batetik, pentsatu behar dugu zein den maite duguna, baita zer esango geniokeen ere eta, batez ere, nola esango geniokeen. Mezua ere era askotakoa izan daiteke, ez esaldiak bakarrik. Ikonoak ere erabili daitezke; hitzak, hizkiak eta irudiak konbina daitezke. Aukera asko sortzen zaizkigu, eta garrantzitsua da alde horretatik, euskarak ematen dituen aukerak arakatzea, bideak bilatzea, euskarak ere bide bat baino gehiago baitu.

Umorearekin duzun lotura dela-eta, baloratuko al duzue mezua umoretsua izatea?

Nik uste dut gaiak alderdi asko hartzen dituela, eta umorea, noski, aukeretako bat da. Pentsatzen dut harremanak sortzeko umorea gauza polita dela, baina ez da bakarra; deigarria izatea, originala, sormena erabiltzea, azken batean.

Lehiaketa gazteei zuzendurikoa da, baina, maitasunak adinik ez duela esan ohi da...

Bai, batez ere gazteak aipatzen ditugu, gazteenak direlako teknologia berriak gehien erabiltzen dituztenak. Baina gazte kontzeptuaz irakurketa asko egin daitezke. Normalean, gu baino gazteagoak diren guztiak kontsideratzen dugu gazte, beraz, aukera oso zabala da.

  • Gara egunkarian argitaratua, 2005-05-14an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com