Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Iñaki Murua da Bertsozale Elkarteko lehendakari

erabili.com / Kultura / 2005-02-21 / 09:05


Begiak malkoz beteta, hunkituta eta hitzik gabe geratu zen Imanol Lazkano Azpeitiko semea 20 urteren ondoren Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza Iñaki Murua Gabiriko bertsolariari utzi dionean.



Imanol Lazkano Bertsozale Elkarteak orain arte izan duen lehendakari bakarra izan da, izan ere, elkartearen sorrera beretik hartu zuen ardura hori eta 20 urtetan, etenik gabe, aritu da langintza horretan. Hala ere, azken aldera, Imanol Lazkanok adierazia zuen lehendakaritza beste norbaiten eskuetan uzteko nahia. Azkenean, joan den larunbatean (2005-02-19an) etorri zitzaion eskatutakoa: Iñaki Murua 48 urteko gabiriarra, lanbidez irakasle, afizioz eta debozioz bertsolari, eta Bertsozale Elkarteko lanen ezagupide sakona duen gizona.

Besarkada batekin, estu-estu eginda, eman zioten elkarri eskerrak Iñaki Muruak eta Imanol Lazkanok: sartu berriak eta irten berriak.


Oso-osorik inprimatu


Erantzunak


«Bileretan gehien harritzen nauena gazteen ausardia eta ardura da»

Juan Luis Zabala - Berria / 2005-02-21 / 09:05

Kultura dinamizatzen duten elkarteek batak bestea hobeto ezagutzen eta elkarri laguntzen saiatu behar dutela dio lehendakari berriak.

Maila handiko bertsolaria eta bertso giroetan gizon arrunt estimatua da Iñaki Murua. Gabirian jaio zen, duela 48 urte, eta duela 32 urte egin zuen bere lehen bertso saioa. Lau urte geroago hasi zen plazan jendaurrean sarri antzean agertzen. Bertsozale Elkarteko lan giroa ere sakon ezagutzen du, hainbat batzordetan aritu baita lanean, elkartea sortu zenetik. Hasierako kezkak gaindituta, tenple ona erakutsi zuen atzo, kargu berriaren ardura bizkar gainean hartzean.


Zer aldarterekin hartu duzu kargua?

Duela hilabete inguru jaso nuen eskaintza, eta zer pentsatua eman zidan. Batetik, Imanol Lazkanok eman duena emanda dagoen pertsona baten oinordekotza hartzeak kezka sortu zidan. Nire kezka zen ea nik banuen kargu horrek eskatzen duen itzala bertsolaritzaren munduan. Bestetik, egundoko poza hartu nuen eskaintzarekin. Urte askoan elkartean lankide izan gara Imanol eta biok, eta nik oso jende dinamikoa, atsegina, sortzailea eta lagunartekoa topatu dut beti elkartean. Horrelako jendearekin lan egiteak pertsona gisa aberastu egiten zaitu.


Euskal Herrian kultur sormenaren inguruan dauden elkarteen artean, nekez ikusten da Bertsozale Elkartea bezain handirik, eraginkorrik eta baturik. Zer dohain duzue bertsolariek hori lortzeko?

Gure disidentzia guztiak disidentzia direlarik ere, eta horiek onartuta, errespetatuta eta beharrezkotzat jota, iritzi ezberdin horiek bideratzen asmatu dugula uste dut, eta Imanol Lazkano eredugarria izan dela horretan. Gure eremu estrategikoak eta eguneroko jardunekoak zabaltzen asmatu dugu, amets eta espektatiba ezberdinak zituen jendearentzako menuak atontzen.


Adibide batzuk aipatzen badituzu, hobeto ulertuko da hori.

Unibertsitarioen munduari ahozkotasunarekin irteera bat eman zaio, hezkuntzaren bueltan eta munduari begira jartzearekin; bertsotan aritzen denari bere saioak egiteko aukerak zabaltzen laguntzen zaio, Lankuren bidez; bertsolari gazteei saio eredu berrietarako proposamenak eskertu egin zaizkie, eta areago: horretarako bultzada eman zaie. Azken batean, elkartearen barruko kriki-kraka horiek beharrezkoak dira jende berria, arnasa berria eta iritzi berriak datozen bakoitzean; horiek gabe ez ginateke elkarte dinamikoa. Ez dakit besteei zer falta zaien.Guk daukaguna hori dela uste dut.


Horri ganoraz eustea izan daiteke, beraz, lehendakari berriaren helburu nagusietako bat...

Hori du polita elkarteko lanak. Elkarteko bileretan ikusten dudan jende gazte horrek daukan ausardia, ardura, sormena... hori da gehien harritzen nauena. Beraz, aurrera begira ere, arnasbide berri horiek sustatzen eta zabaltzen jarraitu beharko da. Eta baita herrigintza lanean ere. Kulturaren mundua dinamizatzen ari garen elkarteok eta erakundeok ez dugu elkarren berri handirik, eta uste dut, aurrera begira, komeni dela elkar hobeto ezagutzea eta ikustea zertan lagun diezaiokegun elkarri, zer sinergia baliagarri izan ditzakegun. Astiro eta elkar ezagutuz landu behar dugu hori.


Zer gai gehiago dituzu buruan?

Asko dira: mundura begirako bertsolaritza jorratzen hasi besterik ez gara egin, eta oso gustura gaude, baina lan asko dago egiteko. Eta etxera begira ere lan asko dugu esku artean: bertso eskolen kontuan sakondu behar da, borondateko lanaren eta lan profesionalaren arteko uztarketa...


Txapelketa Nagusiko finala, Donostian barik, Barakaldon jokatuko da, BEC zentroan. Bertsozale batzuentzat harrigarria izango da aldaketa.

Baliteke finala beti Donostian ezagutu duten gipuzkoar askorentzat distortsioa izatea aldaketa hori. Baina uste dut ezin garela tradizioan ainguratuta egon. Elkartea abian jarri zenean, bertsoari begiratzen genion bakarrik, baina orain bertsolaritzari begiratzen diogu, eta ez hemengoari bakarrik, gainera. Ezin dugu ahaztu geure etxean dugun erdal mundua, saiatu behar dugu haiek guretik elikatzen. Egin den aldaketa barrutik irten da, denok onartua izan da, eta aproposa iruditzen zait bizi dugun garaira egokitzeko eta berritzeko.


Denoi ikutu zigun bihotza

Asier Ibaibarriaga / 2005-02-21 / 09:13

Ni ere han izan nintzen eta esan dezaket, Imanol ez zela izan malkoak ixuri zituen bakarra. Denoi ikutu zigun bihotza. Eskerrik asko Imanol eta zuri Iñaki, zorterik onena.


«Kezka guztien gainetik poza sentitu dut izendapen honekin»

Estitxu Imaz - Goierriko HITZA / 2005-02-22 / 09:51

Imanol Lazkanorengandik lekukoa jaso ondoren, Iñaki Murua da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria; markatu dituzten erronkak azaldu dizkigu

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari berria aukeratu dute. Iñaki Murua gabiriarrak beteko du zeregin hori, Imanol Lazkanok erreleboa eman ondoren.


Nola hartu duzu izendapen berri hau?

Batetik kezka, Imanol bezalako mundualdia eta nortasuna daukan pertsona bat ordezkatzeak dakarrenarekin; bestetik kezka neurekiko, eboluzioaren teoriari jarraitzen badiogu, Darwinek dioenez ikutu bat badaukagu tximutik ere, eta ea zer azalduko den hor... Baina kezka guztien gainetik ilusioa. Iruditzen zait gure elkartea zorionez oso elkarte dinamikoa dela, gizarte honi ekarpen aberats eta interesgarriak egin diezazkiokeena, eta alde horretatik oso pozik.


Imanol Lazkanok besarkada batez eman zizun erreleboa. Emozio uneak ere bizi izan ziren, ezta?

Oso goiz polita izan zen. Batetik egitasmoaren aurkezpena maila oso betekoa, oparokoa eta ondo egina izan zelako. Idazkaria, diruzaina eta lehendakaria zeuden, baina hortik at beste 12-13 pertsonek parte hartu zuten egitasmoak adierazteko garaian; hori esanguratsua da. Gero, bukaeran, Imanolek merezi bezala, bertso batzuk kantatu zizkioten Leire Ostolazak, ainhoa Agirreazaldegik eta Estitxu Eizagirrek. Andoni Egañak jarritakoak izan ziren batzuk eta oso-oso polita izan zen. Sentimendu pilaketa ikaragarria sortu zen. Nik uste dut gutxi edo gehiago denoi etorri zitzaigula malkoa begietara; eta etorri zitzaigun Imanolek merezi zuelako. Itzal handiko pertsona izan delako ibilbide honetan guztian, eta aurrera begira ere nik uste dut itzal handikoa izango dela.


20 urte egin ditu Imanol Lazkanok lehendakari karguan.

Lehendakari ofizialki 17 urtetan zehar izan da, baina lehendik ere hasieratik beti izan da beste guztiok elkartu gaituen ardatza. Zutoina hura izan da eta orduan 20 edo gehiago egingo zituen ongi kontatuz gero, Elkartea gorpuzten hasi zenetik konkretuki 20 urte bete ditu.


Nola laburtuko zenuke berak egindako ibilbidea?

Nik uste dut jakin duela entzuten, isilik egoten eta behar dena labur eta ondo esaten. Batik bat asmatu duela orain dela 20 urte, gu oraindik mutikoak ginenean eta aitona zahar moduan ikusten genituen bertsolari haien arteko zubi lana egiten. Imanol izan da pixka bat gure amets eta espektatibak, eta haien jada egindako bizitzaren ikuspegiaren artean, batzuk puskatu nahia eta besteak mantendu nahiaren arteko zubi lan hori ondoen bete duena. Hor dauka Imanolek zeresana, zerikusia.


Zuk kargua hartu duzu; aldaketa nabarmenik ikusiko ahal dugu bide horretan?

Ez, niri iruditzen zait, egia esan behar badut, lehendakaria aurpegia jartzen duena dela, elkartea identifikatzeko norbait. Ez dut esango logotipoa soilik denik; badauka bere iritzia, kontzientzia eta zeresana, baina benetako lehendakari hor lanean ari diren eragile guztiak dira. Elkarteak momentu honetan 30 pertsona dabilzki lan profesionalean, eta borondatezko lanean beste hainbeste edo gehiago. Eta erantsi behar zaio, gainera, lan profesionalean dabilen jendeak gero borondatezko lanean ere bere ekarria egiten duela. Egitasmoa bereiena da, lehendakariak ez dauka bere lan berezirik. Egitasmoak markatutakoa betetzen saiatuko gara. Nik ahalegindu beharko nuke sinergiak bilatzen eta ekarpenak eta etekinak ahalik eta energia handienaz baliatuz gauzatzen. Hori da nire zeregina.


Aurtengo helburu eta erronka garrantzitsuenak?

Aurtengo erronka garrantzitsuena nik uste dut bateratze prozesua dela. Bertsozale Elkarteak bere antolaketa dauka Iparraldeko hiru herrialdeetan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Elkarte bat da baina bost hankakoa. Bakoitza bere aldetik gehiegi ibiltzen ote den irudipena daukagu, eta beraz, bateratze prozesua egin nahi dugu. Asimilazioa ez, baina bai bateratzea. Hori da helburu edo erronka indartsuena. Txapelketa Nagusiak irentsiko digu egundoko energia pila; ahozkotasun proiektuan jada material bihurtu nahi genuke orain arte egindakoa, batez ere bertsolaritzari baino gehiago hizkuntzari eta herri honen izaera den euskarari egindakoa. Eta gero bertso eskolak ere hor dauzkagu. Horrek izan behar du etorkizuneko bertsozale, bertsolari, gaijartzaile, epaile eta guzti horren altxorra, meategia. Lau erronka aipatu ditugu, beraz, baina gehiago ere badaude.


Aurten Txapelketa Nagusiko finala Donostiatik kanpo egingo da. Zer dela eta hartu da erabako hori?

Helburu bat baino gehiago du erabaki horrek. Bat esparru berriak aurkitu nahia. Ez daukagu inongo interes berezirik tradizioa hausteko, baina ezta tradizioaren sehaskan lo gelditzeko ere. Azkeneko urte hauetan belodromoko joera hartu duen jendeari mezu hori bidali nahiko nioke; ikusi dezala aurrerapauso eta berrikuntza bezala, eta ez hainbeste berari sortu diezaiokeen deserosotasunaren begietatik.


Zein da bertsolaritzaren egorera egun? Eta etorkizuna?

Niri iruditzen zait bertsolaritza gazteagotzen ari dela. Gazte dinamikoa, sortzailea dugu alde batetik; lehengo bertsolariak ere hor daude, hor gaude, ordea, eta aldaketa handia dagoela uste dut. Trataeran, ikuspegian, arrazoiak erabiltzeko garaian, loturak egiteko garaian... Askoz aberatsagoa da. Bertsolariaren perfila asko ari da aldatzen, baina baita bertsozalearena ere. Nola ikusten dudan? Oso indartsu, baina berri, eta neurri handi batean, ezezagun. Eta ikertu egin behar dugu ezagutzeko eta berak behar duena eta guk nahi duguna ea nola uztartzen ditugun. Etorkizunari dagokionez, uste dut oso etorkizun interesgarria duela. Gazteek etorkizunean baldintza batzuk bete beharko dituzte: sintesi gaitasun handia eta mezuak emateko garaian hitz gutxirekin asko esateko gaitasuna izatea.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1108924873