|
Imanol Lazkanorengandik lekukoa jaso ondoren, Iñaki Murua da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria; markatu dituzten erronkak azaldu dizkigu
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari berria aukeratu dute. Iñaki Murua gabiriarrak beteko du zeregin hori, Imanol Lazkanok erreleboa eman ondoren.
Nola hartu duzu izendapen berri hau?
Batetik kezka, Imanol bezalako mundualdia eta nortasuna daukan pertsona bat ordezkatzeak dakarrenarekin; bestetik kezka neurekiko, eboluzioaren teoriari jarraitzen badiogu, Darwinek dioenez ikutu bat badaukagu tximutik ere, eta ea zer azalduko den hor... Baina kezka guztien gainetik ilusioa. Iruditzen zait gure elkartea zorionez oso elkarte dinamikoa dela, gizarte honi ekarpen aberats eta interesgarriak egin diezazkiokeena, eta alde horretatik oso pozik.
Imanol Lazkanok besarkada batez eman zizun erreleboa. Emozio uneak ere bizi izan ziren, ezta?
Oso goiz polita izan zen. Batetik egitasmoaren aurkezpena maila oso betekoa, oparokoa eta ondo egina izan zelako. Idazkaria, diruzaina eta lehendakaria zeuden, baina hortik at beste 12-13 pertsonek parte hartu zuten egitasmoak adierazteko garaian; hori esanguratsua da. Gero, bukaeran, Imanolek merezi bezala, bertso batzuk kantatu zizkioten Leire Ostolazak, ainhoa Agirreazaldegik eta Estitxu Eizagirrek. Andoni Egañak jarritakoak izan ziren batzuk eta oso-oso polita izan zen. Sentimendu pilaketa ikaragarria sortu zen. Nik uste dut gutxi edo gehiago denoi etorri zitzaigula malkoa begietara; eta etorri zitzaigun Imanolek merezi zuelako. Itzal handiko pertsona izan delako ibilbide honetan guztian, eta aurrera begira ere nik uste dut itzal handikoa izango dela.
20 urte egin ditu Imanol Lazkanok lehendakari karguan.
Lehendakari ofizialki 17 urtetan zehar izan da, baina lehendik ere hasieratik beti izan da beste guztiok elkartu gaituen ardatza. Zutoina hura izan da eta orduan 20 edo gehiago egingo zituen ongi kontatuz gero, Elkartea gorpuzten hasi zenetik konkretuki 20 urte bete ditu.
Nola laburtuko zenuke berak egindako ibilbidea?
Nik uste dut jakin duela entzuten, isilik egoten eta behar dena labur eta ondo esaten. Batik bat asmatu duela orain dela 20 urte, gu oraindik mutikoak ginenean eta aitona zahar moduan ikusten genituen bertsolari haien arteko zubi lana egiten. Imanol izan da pixka bat gure amets eta espektatibak, eta haien jada egindako bizitzaren ikuspegiaren artean, batzuk puskatu nahia eta besteak mantendu nahiaren arteko zubi lan hori ondoen bete duena. Hor dauka Imanolek zeresana, zerikusia.
Zuk kargua hartu duzu; aldaketa nabarmenik ikusiko ahal dugu bide horretan?
Ez, niri iruditzen zait, egia esan behar badut, lehendakaria aurpegia jartzen duena dela, elkartea identifikatzeko norbait. Ez dut esango logotipoa soilik denik; badauka bere iritzia, kontzientzia eta zeresana, baina benetako lehendakari hor lanean ari diren eragile guztiak dira. Elkarteak momentu honetan 30 pertsona dabilzki lan profesionalean, eta borondatezko lanean beste hainbeste edo gehiago. Eta erantsi behar zaio, gainera, lan profesionalean dabilen jendeak gero borondatezko lanean ere bere ekarria egiten duela. Egitasmoa bereiena da, lehendakariak ez dauka bere lan berezirik. Egitasmoak markatutakoa betetzen saiatuko gara. Nik ahalegindu beharko nuke sinergiak bilatzen eta ekarpenak eta etekinak ahalik eta energia handienaz baliatuz gauzatzen. Hori da nire zeregina.
Aurtengo helburu eta erronka garrantzitsuenak?
Aurtengo erronka garrantzitsuena nik uste dut bateratze prozesua dela. Bertsozale Elkarteak bere antolaketa dauka Iparraldeko hiru herrialdeetan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Elkarte bat da baina bost hankakoa. Bakoitza bere aldetik gehiegi ibiltzen ote den irudipena daukagu, eta beraz, bateratze prozesua egin nahi dugu. Asimilazioa ez, baina bai bateratzea. Hori da helburu edo erronka indartsuena. Txapelketa Nagusiak irentsiko digu egundoko energia pila; ahozkotasun proiektuan jada material bihurtu nahi genuke orain arte egindakoa, batez ere bertsolaritzari baino gehiago hizkuntzari eta herri honen izaera den euskarari egindakoa. Eta gero bertso eskolak ere hor dauzkagu. Horrek izan behar du etorkizuneko bertsozale, bertsolari, gaijartzaile, epaile eta guzti horren altxorra, meategia. Lau erronka aipatu ditugu, beraz, baina gehiago ere badaude.
Aurten Txapelketa Nagusiko finala Donostiatik kanpo egingo da. Zer dela eta hartu da erabako hori?
Helburu bat baino gehiago du erabaki horrek. Bat esparru berriak aurkitu nahia. Ez daukagu inongo interes berezirik tradizioa hausteko, baina ezta tradizioaren sehaskan lo gelditzeko ere. Azkeneko urte hauetan belodromoko joera hartu duen jendeari mezu hori bidali nahiko nioke; ikusi dezala aurrerapauso eta berrikuntza bezala, eta ez hainbeste berari sortu diezaiokeen deserosotasunaren begietatik.
Zein da bertsolaritzaren egorera egun? Eta etorkizuna?
Niri iruditzen zait bertsolaritza gazteagotzen ari dela. Gazte dinamikoa, sortzailea dugu alde batetik; lehengo bertsolariak ere hor daude, hor gaude, ordea, eta aldaketa handia dagoela uste dut. Trataeran, ikuspegian, arrazoiak erabiltzeko garaian, loturak egiteko garaian... Askoz aberatsagoa da. Bertsolariaren perfila asko ari da aldatzen, baina baita bertsozalearena ere. Nola ikusten dudan? Oso indartsu, baina berri, eta neurri handi batean, ezezagun. Eta ikertu egin behar dugu ezagutzeko eta berak behar duena eta guk nahi duguna ea nola uztartzen ditugun. Etorkizunari dagokionez, uste dut oso etorkizun interesgarria duela. Gazteek etorkizunean baldintza batzuk bete beharko dituzte: sintesi gaitasun handia eta mezuak emateko garaian hitz gutxirekin asko esateko gaitasuna izatea.
- Estreinakoz Goierriko HITZAn argitaratua, 2005-02-22an.
|