 |
Kukuak kuku |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
KULTURA |
|
Gaur, Andra Mari Martxoko, kukua Erromako zubi azpitik pasatuko da. Hizkuntza guztiak, eta euskara zer esanik ez, mundu ikuskera baten ispilu dira.
- Ezagutzen al duzu kukuarekin lotutako esaerarik?
- Kukuarekin lotutako makina bat istorio ere badaude bazterretan, zuk horrelakorik ba al duzu hemen kontatzeko?
Mesedez, eskertuko genizuke kukuari buruz dakizun horixe nori ikasi diozun eta non ikasi duzun (zein herritakoa zaren, alegia) esango bazenigu.
|
Erantzun |
| |
 |
| Andra Mari Martxoko |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
|
Antzinako euskaldunen egutegiak bi urtaro besterik ez zituen (uda eta negu), eta Ama Birjina Martxoko egun horixe (martxoak 25) izaten zen udako lehen eguna. Kukuaren etorrerak lur-soroak neguko lozorrotik esnatu zirela adierazten zuen, negua joan eta uda etorri zela, alegia. Hain zuzen ere, Ama Birjina Martxoko egunean kukuak ez jotzea, gaitz handi eta beldurgarria zen, ez baitzetorren udaberririk. Beraz, Andra Mari Martxoko egunean kukua ageri ez bazen, bederatzi idi-pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar omen zen Erromako zubira.
Beraz, kukua zoratzea, nolabait esanda, izadia zoratzea zen: neurrigabeak lirateke ondorioak. Zer ote litzateke udaberririk ez etortzea? hondamendia. Horrela dira herriaren usteak.
Kukuak gure artera etortzeko ez omen du lan makala hartzen, izan ere, negua Afrikako hegoaldean igarotzen du eta guregana etortzeko 9.000 kilometroko bidaia egin behar izaten omen du. Eta, normalean, bide guztia gauez eta bakarrik egiten du.
Kukua da denboraren gurpilaren ardatz, batez ere udaberrian. Izan ere, kukua udaberriarekin batera dator eta udaberri bukaeran badoa, halaxe dio herriaren jakinduriak: "Kukua Ama Birjina Martxoko egunean hasten da kantatzen Erromako zubian eta San Pedro biharamunean mututzen da. Izan ere, kukuak kantatzeko gaztina muskil bat bigun-biguna eztarrian jarri behar izaten omen du. San Pedrotan hostoak gogortuta direlako kukua kantatu ezinda geratzen da eta, orduan, beste leku batzuetara joaten da".
|
| |
 |
| Kukuak ondo jo |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
|
Udaberria, bestalde, bizi berri baten esperantza-iturri dugu eta zorte hobearen itxaropen.
Antzinako nekazari haiek (eta gaur egungo gehientsuenek ere) bizimodua nekatuz atera beharra zeukaten bitartean, kukua, berriz, kolpe zorrik jo gabe bizi zen (eta hala bizi ohi da gaur egun ere). Ez egitearren habiarik ere ez zuen egiten (horretan ere lehengo lepotik jarraitzen du).
Baserritarra seme-alabak aurrera ateratzeko eta etxeko lapikoa egunero betetzeko ardurarekin estututa bizi zen bitartean, kukuak, berriz, txantxangorria eta txepetxa zituen inude: haien habietan, ezkutuka, arrautza bana errun eta kukukumeak hazteko ardura auzokoari katiatzen zion (eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere). Kukuaren ardura bakarra eguzkitan gozo-gozo jarri eta kuku han eta kuku hemen jotzea.
Eta jakina, baserritarra kukuaren inbidiatan:"hi bizi haiz, hi". Berak ere hartuko luke beretzat horrelako bizimodua. Baina lanera ohitutako baserritarrak batere estuasunik gabe bizitzeko aberastu egin beharko luke. Baina horrenbeste ere ez du eskatzen baserritar langileak. Kukuak duen zorionaren laurdenarekin ere poz-pozik. Udaberrian soroan ereindakoa okerrik gabe etortzearekin eta urtea estuasunik gabe pasatzearekin konforme. Eta, hain zuzen ere, horrela dio herriaren usteak: udaberriko lehen kukuak sakela "bero" duzula harrapatzen bazaitu, ondo joko dizu eta urte osoan ez duzu diru estuasunik izango.
Eta zuk entzun al duzu aurtengo kukua? Sakelean dirurik baduzun begira ezazu eta sakatu HEMEN . Ea kukuak aurtengoan ongi jotzen dizun!
Guk guztiok ere, zorioneko txori horrek bezalaxe, lanik egin gabe bizitzeko aukera izango bagenu, beste kuku batek joko liguke. Ez al duzu hala uste?
|
| |
 |
| Kukutu |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
|
Kukua beti ezkutuka ibiltzen da. Sekula ez da gizakiaren aurrera azaltzen, alderantziz, bere inguruan norbait sumatzen badu, mututu eta ezkutatu egiten da: kukutu.
Horra hor txoriaren jokamoldeari uztartutako aditz eder askoa gure hizkuntzan txertatua. Mundu ikuskera baten seinale, zalantzarik gabe.
|
| |
 |
| Kukutik kukura |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
|
Gure garai zaharretan, ugazaba eta morroiaren arteko tratua egitean, kukutik kukura egiten zela esan ohi zen, alegia, urtebeteko tratua.
|
| |
 |
| Hari kuku eta honi kuku |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
|
Norbait, honi ziri eta hari zirika ari denean, zera dio esaera zaharrak: "hari kuku eta honi kuku dabil". Izan ere, kukuaren kantuak badu burla kutsu hori: berariaz kukua noiz entzungo zabiltzanean, orduan mututuko zaizu, baina patrikan txanponik gabe zaudenean orduan joko dizu kuku eta kuku.
|
| |
 |
| Kukuak kantatzen |
 |
2004-03-25 / 07:00 / erabili.com |
|
Bake ederrean bizi ziren Arrupeko Edubi eta Islao andre-gizonak. Edubik mokadu gozoak prestatu eta Islaok borondate osoz janez. Eguneko ogi zuria eta ardo tanta ez zen sekula falta izaten etxe hartan.
Udaberria mendi eta zelaiak edertzen hasia zen eta erreka bazterretan txori soinuek esnatua zuten.
Islao ibiltari porrokatua zen eta inguruko baso eta iturrietako berri inork baino hobeto zekien. Gure gizonak kezka bat zuen, ordea, bere golkoan:
- Aizu, Edubi. Ba al dakizu aurten oraindik kukurik ez dudala somatu?
- Iaz, honezkero entzuna zeneukakeen, bada.
- Harritzekoa! Aurten ez dakit non ezkutatu den txori hori.
- Ez da urruti izango.
- Banoa. Gaurko honetan entzun behar dut, inola ahal bada.
Irteterakoan, Edubik hauxe gogorarazi zion Islaori:
- Eta, ba al daramazu txanponik patrikan?
- Horretan dut, bada, nire arretarik handiena. Badakizu, kukua lehenbiziko aldiz entzuten denean, patrikan dirurik ez badaramazu, urte guztian dirurik ez dugu inguratuko. Aldean dirua duzula entzuten baduzu, berriz, urte guztirako dirua duzu etxerako.
Atera zen Islao baso aldera, bere txanponak noizean behin eskuz ukituz eta txintxin hotsa ateraz. Baina, kuku hori ez zen inon agertzen. Jo gora, jo behera; goiz osoan zehar arakatu zituen inguruetako erreka zulo eta muino gain guztiak. Alferrik, ordea, guztia! Kukuak ez zion Islaori kantatu nahi izan.
Eguerdi aldera, nekatuta, zuhaitz baten kontra eseri eta arnas pixka bat hartzeko gelditu zen. Nekeak logura ekarri zion eta laster zen lo zurrunga betean.
Deabruak hala nahi, eta horra non datorren bide hartatik barrena Patxi Eskugarbi; besteren poltsak garbitzen ondotxo zekiena. Ikusi du Islao lozorroan, eta berehala esnatu zaio haren diru egarria. Isil-isilik hurreratu zitzaion eta gizon lotiak hain arreta handiz sartu zituen txanpontxoak patrikatik kendu zizkion poliki asko.
Esnatu zenean, etxe aldera joan zen gure Islao. Eta halako batean, berehala hasi zitzaion alboko pagadian kukua kantari. Harena, bai, poza! Eskua sakelara sartu du bere txanponak ukitzeko, eta haren nahigabea! Izan ere, patrika hutsik zeukan.
Kukua gero eta kantu gehiago egiten hasi zen. Ezker-eskuin, nondinahi sortzen zitzaion txori kanta bizia. Berari irriz eta burlaz ari zitzaiola esan behar!
Etxeratu zenean, Edubi galdezka hasi zitzaion:
- Eta? Entzun al duzu gaur kukua?
- Bai, nire zoritxarrez.
- Zer gertatu da, bada?
- Ondotxo dakizun bezala, irteterakoan txanponez betea eraman dut nire sakela. Baina kukua hasi denean, ez neukan alerik nire patrikan. Hori bai gure zoritxarra!
- Egingo nuke Patxi Eskugarbik eraman dizkizula txanpon guztiak. Alde horretatik etortzen ikusi dut eta.
- Noiz izan da hori?
- Oraintxe, edo, lehentxeago.
- Ederra egin dugu! Ni nekatuta lo gelditu naizenean, hark egingo zuen berea. Eta orain lapur batengatik galdu behar al dugu?
- Zaude patxadan, gizona. Jaungoikoa ez ahal da horrelako huskeriatan sartuko! Kukua kuku, biziko gara gure txokoan.
(EBARISTO BUSTINTZA "KIRIKIŅO", Euzko-Gogoa aldizkaritik hartua eta moldatua, 1957ko urtarrila-otsaila)
____________________________________________________
- Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.
- Kukuak egiten du maiatzean kuku; garagarrilean gelditzen da mutu.
- Kukuak esan zuen, Andre Mari martxokoz ez bazetorren, bere hileta-elizkizunak egiteko.
|
| |
 |
| Kukutan ibili |
 |
2004-03-25 / 10:06 / Jaime Altuna (Urtxintxa Eskola) |
|
Adierazi duzuen bezala kukutu hitza ezkutatu adierazteko erabiltzen da. Haur jolasetan hitz hori edo antzekoa oso erabilia zen, egun, gordeketan edo ezkutaketa deituriko jolasak izendatzeko. Etnikerrek argitaratutako "Juegos Infantiles en Vasconia" liburuan honelako aldaera asko jaso dituzte:
Kuku miku xoriak umiak ditu nun ditu? hor dituk sasian sudurraren pian |
Kuriketan edo kukutan jolasteko garaian "itsua " zen haurrak (besteak bilatu behar zituenak) honelako abestitxoa abesten zuen besteen bila abiatu aurretik. Izan ere, euskaraz egiten ziren honelako jolasetan zenbatzeko ohiturarik ez omen zegoen.
Jarraian gordeketa jolasa izendatzeko aldaera batzuk jarriko dizkizuegu. Urtxintxa Eskolak argitaratutako "Euskal Jolasen Bilduma" CDromean gehiago aurki ditzakezue: kuriketan, kiriketan, kubike, kuike, kukuka, kukutan, kukulauka, kukumikuka.
|
| |
 |
| Kukuarena egin |
 |
2004-03-25 / 10:49 / Itziar Olaizola Etxaniz (Azkoitia) |
|
Gaur egun, bizimoduarengatik eta askotan erosotasunagatik, bikote askok eta askok seme-alaba bakarra ekarri ohi dute. Kukuak ere arrautza bakarra jarri ohi du auzokoaren habian. Beraz, seme-alaba bakarra ekarri duen bikote horrek kukuarena egin duela esan ohi da Euskal Herriko hainbat bazterretan, baita Azkoitian ere.
|
| |
 |
| Gaur Ama Birjina haurdun |
 |
2004-03-25 / 11:03 / Felipe Etxeberria Etxaluze (Donostia) |
|
Gaur, Andra Mari Martxoko (martxoak 25), Ama Birjina haurdun geratu zen eguna da. Izan ere, gaurtik Eguberri egunera (abenduak 25) bederatzi hilabete daude. Udaberria bizi berriaren urtaroa da, baita Elizarentzat ere.
|
| |
 |
| Kukua nora, gosea hara |
 |
2004-03-25 / 19:34 / Javier Garcia (Bilbo) |
|
Errefrau bat ezagutzen dut, web orrialde honetan
daudenen antzekoa, goseari buruz esaten duena:
"KUKUA NORA, GOSEA HARA". Suposatzen dut Gotzon Garateren liburuan agertuko dela, berak erakutsi baitzidan euskal filologiako klase batean.
|
| |
 |
| Nori jo dio kukuak? |
 |
2004-03-29 / 12:41 / Juan Dorronsoro Iriarte (Irun) |
|
Ipuin askoren protagonista da kukua:
Kaletar biri, mendi buelta egiten ari zirela, kukuak jo zien. Biak poz-pozik zeuden, zein baino zein poz handiagoz. Batak zioen: "Neuri jo dit". Besteak: "Ez, neuri". Kaskagogor, biak hala biak, nork bereari eutsiz. Auzia ezin konpondu eta, sortutako eztabaida erabakitzeko, abokatu batengana joatea erabaki zuten. Abegikor hartu zituen abokatuak. Gertatutakoaren berri eman ziotenean, hala esan zien: "Nik aurretik hartu behar izaten dut abokatu-saria eta gero iritzia eman". Eskaria onartu eta ogerleko bana eman ziotenean, horrela esan zien abokatuak: "Nori jo ote dio ba kukuak: hiri ez, hiri ere ez. Neuri bai, ordea".
|
| |
 |
| Elkar agurtu genduan |
 |
2004-04-19 / 16:14 / Gorka Tolosa (Hernani) |
|
Umetatik izan det bertso afiziyua, ta Hernaniko Langile ikastolan nebilela-zazpigarren mailan-eakutsi zian bertso hau Urnietako gelakide batek, be attonak kantatze omentzun. Eztakit zenena izangoan. Lazkaottikina akaso?
Apirilean etorri zinan eta San Juanetan juan. Atzo goizean pago gainean eta gure etxe onduan, kuku txoria entzun nunian atera nintzan orduan. Hark kuku otsez, nik nere bertsoz elkar agurtu genduan. |
|
|
Erantzun |
|