![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Hizkuntza / 2004-02-24 / 07:05
“Zertaz mozorrotu behar duzu?” egitura egokia al da euskaraz?
Mozorrotu aditzarekin moldatutako hainbat esaldi entzun ohi dira gaur egun:
Horien guztien artean ba al da euskara egokian moldatutako esaldirik?
![]() | Galde-erantzun hauek inprimatu |
Euskaltzaindia / 2004-02-24 / 07:05
Galdera egokia Nola mozorrotu zara? litzateke, eta ez Zer mozorrotu zara?
Bestalde, -z mozorrotu (indioz mozorrotu) ala mozorrotu (indio mozorrotu) egituretako zein erabili den (erabili bada) jakiteko literaturako datuak begiratu beharko genituzke. Nolanahi ere, batzordearen ustez, -z mozorrotu bezalakoak berri samarrak dira, eta euskarak horren ordez beste egitura batzuk erabili izan ditu: hala nola, indio jantzita, indio jantzia, indio mozorroan, indio arropetan (iparraldean) eta abar. Mozorrotu aditza erabili izan da literaturan, baina esango genuke bakarrik agertzen dela gehienetan: mozorrotuta joan zen kalera.
(Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordea)
Pottoka / 2004-02-24 / 10:18
Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuak argitaratzen duen "Apatxi" izeneko umeentzako aleetan, "zela mozorrotu ziñan?" galdera bultzatu da. "Zerena mozorrotu ziñan" oso erabilia izan arren, egitura hau okertzat jo da.
Erantzun posibleetan, "Hippi mozorrotu nintzan" egitura bultzatu da. Zuzendu beharreko egitura aldiz, gaztelaniak eragindako okerra izan da, hau da, "ni mozorrotu nintzan de hippi".
Pottoka
Iñaki Zubizarreta / 2004-02-24 / 12:35
Ibon Sarasolaren EUSKAL HIZTEGIAn "Itsaslapurrez mozorrotua" badator ere, nire ustez honela izango litzateke egokiena: Nola mozorrotu zara? Pirata mozorrotu naiz.
(IÑAKI ZUBIZARRETA Irusoin ikus-entzunezko ekoiztetxearen euskara arduraduna da)
Iñaki Ugarteburu Gastañares / 2004-02-25 / 14:23
Ez naiz ni "-z mozorrotu" euskara ona edo gaiztoa den erabakitzen hasiko. Egia da testu zaharretan ez dela halakorik ageri baina uste dut honako auzi hau ez dela honenbeste ea euskaraz nola esan ohi den hori, kontua da ea nola esan daitekeen euskaraz edo, beste era batera esanda, zer ordain eman dakiokeen euskaraz erdal forma horri.
Beste era batzuetara ere erabiltzen dugu eta tradizioan ere agertzen dira halakoak: "mozorro-jantzita joan da, pirata jantzita etorri zaigu, arlote disfrazata ikusi dogu..." Baina ez dakit beti absolutiboa erabiltzea besterik gabe gomenda daitekeen. Besteak beste, hemen bertan irakurri ditugun adibide batzuk oso anbiguo gerta daitezke; ez horrenbeste idazki honen aurreko adibideak bezalakoetan (lehen pertsonan, alegia) baina bai hirugarrenean: "Aznar mozorrotuta ikusi dugu" (Aznar bera ote, ala Aznarren itxura hartua zuen norbait?) Egia da testuinguruak argitzen duela kontu hori normalean (horrako horretan, esate baterako, subjektuak nonbait egon beharko du hor nonbait, arazoaren argigarri), baina tira...
Horregatik, beste bideak ukatu gabe ("zer jantzita, nola jantzita, zeren itxurak hartuta, eta abar") uste dut zaila dela "-z mozorrotu" edo "-z jantzi" erabilerari erabateko debekua ezartzea. Eta badirudi nirekin bat datozela idazle eta hiztegigileak. Hara adibide batzuk:
VOX Hiztegi Handia (I. Sarasola): -z mozorrotu
ELHUYAR hiztegi elebiduna: -z mozorrotu (adibideetan)
Ereduzko Prosa Gaur (idazleen erabilera):
Esaldiak berak ikusteko corpusera jo besterik ez dago HEMEN
(IÑAKI UGARTEBURU GASTAÑARES Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuaren testugintza arduraduna da)
Pello Elorza Uribesalgo / 2004-03-03 / 17:12
Nik ez dakit goian adierazitako esamolde horiek egokiak diren ala ez. Niretzat, mozorrotu aditza berria da, esan nahi baita ikasia dela, ez da nire ohiko hiztegian, jatorrizkoan, agertzen zena. Hori bai, irakaskuntzaren, hedabideen eta abarren eraginez, aditz hori erabat zabaltzen ari da.
Azpeitia aldean, nire inguruan bederen, jantzi aditzaren inguruko esamoldeak ohikoagoak dira: Nola jantziko zea Karnabaletan?, Ze jantzi ber dezu Karnabaletan?, Aita Santu jantzita ikusi dute Pelix, Ainara moja jantzi zen eta antzekoak, nahiz eta, azkenaldian, tamalez, Nola disfrazauko zea? eta antzekoak belarrietara gero eta sarriago iristen diren.
Iñaki Ugarteburuk idatzitakoaren gainean, berriz, egia da izen propioak huts-hutsean erabiltzen direnean gertatzen dela berak dioena, hots, "Aznar mozorrotuta ikusi dugu" eta antzekoetan nahasmendua sortzen dela, ez baitakigu ziur (nahiz eta kontestuak berehala hausten duen nahasmendua) nor den mozorrotuta dabilena, Aznar bera edota beste norbait harenak egiten. Hala ere, izen propioari zerbait eransten badiogu, gauzak argiago ikusten dira: Aznar presidente mozorrotuta dabil, Aita Santu jantzita ikusi dute, esate baterako.
(PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiaren zuzendaria da)
Erramun Gerrikagoitia / 2004-06-12 / 14:27
Lekeitioko karnavaletako kantuetan ere hor dator hori "marmo jantzita". Marmo da Lekeition synonymoa on mozorro hitza. Orduan, marmotu edo mozorrotu da substantivo verbalizatua, nola gertatzen den askotan euskaraz. Beraz, disfrazarse da (edo izan da oraintsu arte euskaraz, baina ez dakigu noiztik) marmo jantzi edo mozorro jantzi. Gainera Munitibar aldean eta uste dut eremu handi baten (ez nuke jakingo delimitatzen) esaten da kasurako etorri da abade jantzita edo baita abade disfrazaute dator.
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ, maisua da eskola publikoan)
Kepa Iturrioz / 2006-02-21 / 12:53
Erabat ados nago "-z mozorrotu" erabiltzearen kontra daudenekin, eta beti absolutiboa erabili behar dela uste dut. Maisu-maistrekin lan egiten dugunok ondotxo dakigu zergatik esaten dugun, izan ere, egunotan garrantzi handiko informazioa izaten da urtero. Ikastoletara ere iristea nahi nuke informazio hau, euren liburuetan -z mozorrotu agertzen baita. Euskaltzaindiaren erantzuna (Jagonet) aspaldikoa da (Data: 1997/04/07), eta ulertu ere ez dut zelan erabiltzen duten oraindik ere horiek guztiek (gehienak gipuzkoarrak, Antton Olano eta Jon Arretxe izan ezik). Mokoroan begiratu dut eta, besteak beste, hauek topatu ditut.
MOZORRO
DISFRAZAR
(KEPA ITURRIOZ irakaslea da)
Kepa Iturrioz / 2006-03-01 / 11:14
OROTARIKOAn ere ez dago “-z mozorrotu” ren adibiderik:
Bai, berriz, “jantzi” (Precedido de sus. Indet.). Vestir(se) de:
Ibon Sarasolaren azken hiztegian (ZEHAZKI) ez da “–z mozorrotu” proposatzen.
“Beltz jantzi” eta “beltzez jantzi” oso ondo bereizten dira herri askotan. Hori dela eta, Juan Gartziaren “Kalko okerrak” liburuko lerro batzuk (liburuko azken esaldi biak) ekarri nahi ditut hona:
“Hizkuntzaren hutsuneak edo beharrizan berriak betetzeko prozeduretariko bat da kalko bidezkoa. Ez da zilegi, berriz, nagikeriaz zein hobe-ustean, hizkuntza horretan lehendik asmaturik zegoena berriro eta okerrago asmatzen ibiltzea norbera, esapideak beste hizkuntzaren moldera bortxatuz.”
Ez gaitezen eror hiztegien tranpan. Ez daitezela eror, batez ere, argitalpenen zuzentzaileak edo arduradunak. Hiztegiari “mozorrotu” eskatzen badiogu, “mozorrotu” dagoen adibideak emango dizkigu, eta gauza bera gertatuko da bilatzaile baten bidez bilatuta, beti eredugarria ez den Ereduzko Euskal Prosa-n gertatzen den moduan.
Galdera, nire ustez, hau da: Zergatik ez dakar Sarasolak, ez eta Elhuyarrek ere “XØ jantzi”, “Disfrazar/se” eskatzen diogunean? Zergatik ez dakarte zelan esaten den "disfrazarse de...". Orotarikoak, baina, badakar, baita Mokoroak ere. Tradizioari jarraituko diogu beti, ala ez beti? Noiz ez? Zergatik ez?
(KEPA ITURRIOZ irakaslea da)