![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Bernardo Atxaga / Kultura / 2003-12-15 / 07:00
Altxor asko eta handiak ditu euskarak. Bada kopla bat, orain 80 urte haur izan zirenek beraien gurasoengandik ikasi ohi zutena. Gaur egun, kopla horren ahoz ahoko eta belaunez belauneko transmisioa eten egin da edo, kasurik onenean, hil hurren da. Hona hemen kopla hori:
Kopla txiki hau nik ez dakit noizkoa den, baina ene iritzirako oso zaharra da eta guk denok umetan ikasi izan dugu. Askok eta askok kantatua izango dute beren haurtzaroan. Nik esan nahi dizuedana da kopla hau oso lotuta dagoela gauden urte garaiarekin, urtearen bukaerarekin. Eta esango didazue: zergatik dago lotuta kopla hau urtearen bukaerarekin? Txantxangorria txantxate, birigarroa alkate, xoxoa dela mediante, txepetxa preso sartu dute. Ez dirudi zerikusirik izan dezakeenik urte bukaerarekin. Bai, badu eta hori esplikatzera noa.
Ikusten duzue azaltzen direla lau txori baina bereziki niretzat kopla honetan funtsezkoak edo garrantzizkoak direnak bi besterik ez dira, txantxangorria eta txepetxa, hain zuzen.
Txantxangorriaren inguruan -ostera ere ume kontuekin hasi beharko nuke- denok izan ditugu mila istorio. Horrela, kolpetik gogoratzen zaidan bat esateko, txikitan zioten ezin zela txantxangorri bat hil, txantxangorriak arantzak kendu zizkiolako Jesukristori gurutzean zegoenean. Orduan, horregatik, txori aski sakratua zela eta ez genuela halakorik hil behar. Noski, gure herri aldrebes horietan ez pentsa kasu handirik egiten zitzaionik istorio honi, baina txantxangorriaz hori esaten zen.
Txepetxaz, berriz, gauza asko esan dira. Txantxangorriak ere badie sinpatia bat gizakiei edo neska-mutilei: ez da beldurtzen gizakiaren inguruarekin. Eta txepetxa ere oso laguna da gizakiarena. Esango nuke nik nolakoa den txepetxa baina hobe horretarako Pedro Mari Otaņok egin zituen bertsoetara jotzea:
| Euskal lurreko txorietan den txikitxoena da bera, gaztain kolore bakarrekoa nahi bada ez da ederra; begi argiak, buru xanpala, moko tentea aurrera, gorputza motza, hanka laburrak, saltokako ibilera, xalapartako hegalaria eta kantari ergela. | Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan, baina gustatzen zaio jartzia adar sendoxiaguan; amildu arren ez leike galdu dakielako heguan; baina aurkitzen baldin bada ere burnizko aldamiuan, hiru lau aldiz zanpatutzen du seguru ote daguan. |
Ikusten duzue piska bat panparroia ere badela gure txepetxa; hala ere, oso txori sinpatikoa. Badira, ordea, bertso horietan azaltzen ez diren xehetasun batzuk txori honi buruz. Esate baterako, txepetxa beti ibiltzen da jende artean, beti ibiltzen da ikusteko moduan urtearen sasoirik zabalenetan: ibiltzen da udaberrian, udan, udazkenean. Ikus liteke txepetxa edozein txokotan edo ikus zitekeen, behintzat, Euskal Herrian txoriak zeuden garai aspaldiko haietan.
Hala ere, txepetxak urte garai honetan, ia urtea bukatzear dagoenean, negu gorrian, basorako joera du, ezkutatu egiten da. Eta inork aurkitu nahi izango balu, sastraka eta baso ezkutuetara jo beharko luke. Han nonbait, txokoren batean, ezkutatuta egongo da txepetxa.
Horretan txantxangorriaren bestaldekoa da. Txantxangorriak erabat bestalde jokatzen du. Txantxangorria ez da azaltzen udaberrian, oso gutxi udaran, udazkenean pixka bat eta, azaldu-azaldu esaten dena, abendu aldera azaltzen da ikaragarri, eta kantatu ere hor egiten du.
Orain erreparatu diezaiogun, berriz ere, koplari: "Txantxangorria txantxate". Hori da txantxangorriaren kantua, txantxanekoa da. Ez da txio-txiokakoa, txantxanekoa baizik. Orduan txantxangorriak "txantxate" kantatu egiten du, eta koplaren azken lerroan, berriz, "txepetxa preso" sartzen dute.
Ari gara pixkanaka inguratzen. Ari gara inguratzen koplak eta urtearen sasoi honek duten harreman horretara. Baina oraindik ere ezingo duzue kopla txiki hori erabat konprenitu, nik ere konprenitzen ez nuen bezala, eta ez nuen ezer jakin izango honetaz, baldin eta ez banu irakurri izan Robert Gravesen liburu bat: "Jainkosa Zuria". Hala deituko dute itzultzen denean. "Jainkosa Zuri" horretan Robert Gravesek oso ohitura bitxi bat kontatzen digu Greziari buruz aurrena eta gero Gales herrialdeari buruz. Hau dio: "Urtea bukatzear zegoenean, Grezia Zaharrean, orain dela ez dakit zenbat mendeko Grezia Zahar hartan, txepetxa harrapatu eta kristalezko kaiola batean sartzen zuten. Kristalezko kaiola hark zintak izaten zituen eta, orduan, prozesioan segidan eramaten zuten. Behin aldare batera heldu eta hil egiten zuten txepetxa". Eta gauza bitxia, izan ere, txepetxa orduan bakarrik hiltzen baitzuten; beste urte garai guztietan, nolabait esateko, txori sakratua zen. Galesen, berriz, kontatzen digu Gravesek, ez naiz itzultzen ari, baizik eta buruz ari naiz esaten: "Galesen, berriz, eguberriak heltzear daudenean, mutil koxkorrak hartu lizar-makilak eta txepetx bila abiatzen dira txepetxa hiltzeko. Hain zuzen, Grezian bezala, bakar-bakarrik urte sasoi horretan hil liteke txepetxa. Bestela ezin liteke hil. Eta Gales horretan txantxangorria goratzen dute". Beraz, txepetxa hil egiten dute lizar-makilekin eta, hori egin bitartean, Galesko mutil koxkorrek kantuak egiten dizkiote txantxangorriari. Orduan, jakina, konturatu nintzen gauza bera zela Grezia Zaharreko ohitura, nola Galeskoa, nola Euskal Herriko kopla horretan azaltzen dena, gauza berberaz mintzatzen zirela. Grezian bezala, euskal koplan ere preso hartzen dute txepetxa eta, Galesen bezala, txantxangorria nolabait garaile ateratzen da, txantxate, kantari.
Robert Gravesek ematen du esplikazio zuzena eta dio: "nola txantxangorria urtea bukatzear dagoela azaltzen den, eta nola txepetxa urtea bukatzear ezkutatzen den, txantxangorria bihurtu zen urte berriaren sinbolo eta txepetxa urte zaharraren sinbolo". Zer egiten dio urte berriak urte zaharrari? Hil. Jaio denak beste baten lekua hartu behar du, noski. Urte berriak zaharra hiltzen duen moduan hiltzen du urtero-urtero txantxangorriak txepetxa. Eta zergatik uste zenuen, bada, txantxangorriak duela papar gorri hori? Bada, hainbeste aldiz hiltzen du txepetxa eta hil du txepetxa, non txepetxaren odolak gorritu egin dion gorputzaren parte hori.
Kopla, beraz, ez da urte sasoien bilakaera baino. Ez ditut egin konprobazioak, baina egingo ditut, noski, eta orduan kontatuko dizuet, baina ene iritzirako bai xoxuak bai birigarroak beste urte sasoi batzuk adierazten dituzte, hain zuzen erdikoak, eta seguru asko, bi pizti horiek erdiko sasoi horietan kantatzen dutelako.
Orduan, zer da kopla txiki hori? Azken finean kalendario txiki bat da eta, baita ere, nola esan? metafora zahar bat. Esan nahiz edo esanez, zaharra eraberritu egiten dela eta eraberritzean hil egiten dela, baina hil egiten dela berriro sortzeko.
(JOSE IRAZU GARMENDIA "Bernardo Atxaga" idazlea da)