|
Espainierazko "arroba" guztiz gaitzetsi gabe, urriaren 24an Bilboko egoitzan eginiko bileran @ sinboloaren euskal izena erabaki zuen Euskaltzaindiak: "a bildua". Posta elektronikoaren hedapenaren ondorioz @ hori izendatu beharra handitu ahala, proposamen ugari egin dira "arroba"ren euskal ordezkoa finkatzeko: a bildua, a batua, barraskiloa, txiribita... Azkenean, "a bildua" hobetsi du Euskaltzaindiak.
Ray Tomlinsonen arazoa
A bilduaren aspaldiko historiari eskainitako atalean ikusiko dugunez, @ ez da inondik ere sinbolo berria, antzinatik erabilia baizik. @-ren erabilera, ordea, posta elektronikoak zabaldu du, eta horren lehen urratsei lotua dago. @-ren "berpizkundearen" unera heltzeko 1971 urteko azken hilabeteetara jo behar dugu, posta elektronikoaren aurrekarien lehen urratsetara. Garai hartan Internet asmatu gabe zegoen, eta ordenagailuen arteko harremanak oso urriak ziren. Ordenagailuak ere oso jende gutxik erabiltzen zituen unibertsitateetan, enpresa gutxi batzuetan edota zenbait gobernuren zerbitzuetan (defentsari lotutakoetan, batik bat). Normalean, gainera, terminal desberdinen bidez ordenagailu -konputagailuak ziren, artean- bakarra erabiltzen zuten lan-taldeetako kideek. Une hartantxe, alegia, BNN ikerketa zentroan lan egiten zuen ingeniari gaztea zen Ray Tomlinson. AEBetako Gobernuaren aginduz, Interneten aurrekaritzat har daitekeen ArpaNet sarea garatzen ari zen BNN. Ordurako, ordenagailu bera erabiltzen zutenen artean mezuak eta fitxategiak trukatzeko sistema halako bat asmatua zuen Tomlinsonek, baina ArpaNet proiektuan aurrera egin ahala ordenagailu desberdinen arteko mezularitza garatu beharrean aurkitu zen. Eta horrek konpondu beharreko arazo berri bat jarri zion aurrean: hain zuzen ere, mezuaren hartzailea ez ezik horren "postontzia" zein ordenagailutan zegoen finkatu behar zuen. Hau da, mezuak leku egokira hel zitezen, hartzailearen izenaz gain horrek erabiltzen zuen ordenaguilua ere identifikatu behar zuen helbideak. Eta horretarako ezinbestekoa zen helbidearen bi osagaiak bereiziko zituen zerbait erabiltzea.
Tomlinson@bbn-tenexa
Hori omen da, hain justu, historiako lehen helbide elektronikoa. Ikus daitekeenez, helbide horretan ez dira egun ezinbestekoak diren .net, .com, .org edo beste agertzen, ezin baitugu ahaztu artean ez zegoela Internetik. Helbide horretan, hain zuzen, hartzailearen izena eta, @ sinboloaren ondoren, horren ordenagailuaren izena agertzen zen soilik, aurreneko proba egiteko bere buruari bidali baitzion mezua Tomlinsonek. @ horretan datza, hain justu, istorio honen guztiaren gakoa. Zergatik hautatu zuen, beraz, Tomlinsonek @ sinboloa helbidearen bi osagaiak bereizteko? Bada, posta elektronikoaren asmatzailetzat hartu ohi denak argitu duenez, "hor zegoelako eta, aurrenekoa izan nintzenez, egokiena iruditu zitzaidan sinboloa aukeratzeko eskubidea izan nuelako". Izan ere, bi baldintza bete behar zituen bereizgarriak egokia izateko. Batetik, ordenagailuaren teklatuan egon behar zuen eta, bestetik, ez zen agertu behar izen propioetan, ezta ordenagailuen identifikazioari zegokion "helbide zatian" ere, nahasketarik ez sortzeko. Letrak eta zenbakiak alboratuta, teklatuan zituen sinboloei erreparatu zien, eta @ erabiltzea erabaki zuen Tomlinsonek, ingeles komertzialean, besteak beste, lekua adierazten zuen at baitzen sinboloaren esanahietako bat. Hortaz, tomlinson@bbn-tenexa helbideak "BBN konpainiako Tenex sisteman zegoen Tomlinson" ere adierazten zuen, eta hori oso egokia iruditu zitzaion ingeniari gazteari. Egokiagorik ezean, eskema hori joan zen hedatzen, eta 90eko hamarkadan zabaldu zen posta elektronikoak ere bere egin zuen erabiltzailearen eta zerbitzua eskaintzen zion konpainiaren domeinu-izena bereizteko.
Nondik zetorren, ordea?
Tomlinsonek, esan bezala, teklatuan aurkitu zuen @ sinboloa. Hortaz, aurretik zegoen idazmakinetan, zerbaitetarako balio zuen seinale. Ikerlariek argitu dutenez, 500 urtez goiti ditu @ sinbolo grafikoak. 1500 urterako oso zabaldua zegoen Veneziako merkatarien artean anfora izeneko neurri unitatea irudikatzeko. Espainian ere «arroba» pisu unitatea irudikatzeko erabiltzen zen. Arroba batek, hain zuzen 12,5 kiloko pisua zuen, eta seguruenik laurdena adierazten zuen ar-rub arabeek erabiltzen zuten neurri unitatetik zetorren hitza. Gaztelaniari dagokionez, XIX. mendeko hiztegietan adiera horrekin agertzen da, normaltasun osoz, @ sinbolo grafikoa. Beste teoria batzuek askoz lehenago ezartzen dute -erromatarren garaietan, hain zuzen- @ horren sorrera, baina oro har esan daiteke XVIII. menderako oso hedatua zegoela horren erabilera: pisua adierazteko Mediterraneo inguruko herrialdeetan, eta beste esanahi batzuekin mundu anglosaxoian. Herrialde anglosaxoietan, hain justu, at izeneko zeinuak lekua ez ezik unitate bakoitzeko prezioa ere adierazten zuen eta, korrespondentzia komertzialean asko erabiltzen zenez, XIX. mendean, asmatu ziren idazmakinetako teklatuetan zegokion lekua eman zioten. Eta horietatik birritan pentsatu gabe heldu zen ASCII karaktere jokora eta ordenagailuen teklatuetara.
Nola deitu eta ahoskatu?
Posta elektronikoaren bidez esparru berrietara heldu zenez geroztik, hizkuntza gehienek erabaki behar izan dute zein izen eman @-ri, helbide bat ematerakoan nola ahoskatu finkatzeko besterik ez bada ere... Gaztelaniak, arroba izenaren bidez, jatorrizkoari eutsi zion, portugesak bezala, eta ingelesez ere at esaten jarraitu zuten. Frantzian, «arroba»tik edota, beste iturri batzuen arabera, a-rond bas tipografoek erabilitako espresiotik, «arrobase» deitura garatu zen, nahiz eta 2002 urtean hartutako erabakiaren arabera Délégation Générale de la Langue Française delakoak arrobe hobetsi zuen arobasen aldean. @ izendatzeko moduak zinez bitxiak dira zenbait herrialdetan. Alemanian, ofizialki, at-Zeichen esaten zaio, baina hizkuntza gehienek metaforaren bidetik jo dutenez klammeraffe (tximino-buztana) ere esaten diote @-ri alemanez mintzatzen direnek. Tximinoen buztana dakarte gogora, halaber, holandarren apesta-art eta finlandiarren apinanhäntä deiturek. Finlandian gainera, kis-sanhäntä (katu-buztana) eta miukumaiku (kiribilduta dagoen katua edo) deitzen diote a bilduari. Danimarkan eta Suedian snabel-a (elefante tronpa duen a) esaten diote eta Italian, berriz, chiocciola (barraskiloa) deitzen diote, eta Hungarian kukak bat (lur-zizarea, alegia) ikusten dute @ horretan. Animaliekin zerikusia duten -horien buztanekin, batik bat- metaforak dira erabilienak, baina janariei atxikiak ere asko dira. Besteak beste, strudel esan ohi zaio Israelen, eta zavinac (arrain mota bat) Txekian.
(ZABALIK, 2003-11-14, 14. or.)
|