 |
Euskara nondik dator? |
 |
2003-10-31 / 07:06 / erabili.com |
KULTURA |
|
Euskararen jatorriak garai guztietako adituen jakinmina piztu du. Saiatu ere makina bat saiatu da galdera horri erantzuna ematen baina, orain arte, eman izan diren erantzunak hanka motz gelditu dira handik edo hemendik. Hala ere, adituak ez daude langintza horretan etsita eta euskararen jatorriari buruzko galderak, gaur egungo zientziak eskaintzen dituen baliabideak erabilita, izan du erantzunik orain gutxi.
Baina, erantzun bila hasi baino lehen, zehaztu eta zorroztu ditzagun gure jakinminari dagozkion galderak. Nagusiki bi dira:
- Orain arte, garaian garaiko adituek, zein erantzun eman izan dituzte euskararen jatorri eta iturburuari buruz?
- Zein da gaur egun euskararen jatorriari erantzuteko egin den azken ahalegina?
|
Erantzun |
| |
 |
| Jatorria eta Ahaidekoak |
 |
2003-10-31 / 07:06 / Joseba Intxausti |
|
Hizkuntzak nonbaitetik datoz, eta beren aurreko beste hizkuntza arbasoren batengan izan dezakete beren jatorria: Ameriketako ingelesa edo gaztelania hara Europatik joanak dira; ingelesa germanieratik jaioa da, suediera edo daniera bezala, eta gaztelania latinetik, frantsesaren edo errumanieraren antzera. Eta euskara?
Euskararen jatorriaren arazoak mota askotako galderak sortu ditu: Zein izan ote da haren hizkuntza gurasoa? Zein ahaidetasun ote du gaurko edo historiako beste hizkuntza ezagunekin? Etorri, nondik eratorria ote da?
Idazkun zaharrei esker eta ikerlan konparatiboek lagunduta, hizkuntzalariek lortu dute, zenbait kasutan, orain 6.000ren bat urte dialekto-hizkuntza berritan banatutako hizkuntzen jatorrizko ahaidetasuna frogatzea: K.a II. milakadan desagertutako hititen hizkuntza hura, esate baterako, indoeuroparra zela jakin ahal izan da (1917); baina, gertuago egon arren, euskararen jatorria ezagutzeko ez da erraztasun bera izan.
Hizkuntzalaritza zientzia bezala jaio aurretik, XVI-XVII. mendeetan euskaraz arduratu ziren jakitun eta idazleek, Babel-eko dorrea zela-eta Biblian hizkuntzei buruz esandakoak euskarari egotzi zizkioten, baina ez gaitu horrek gehiegi harritu behar, zeren erbestean esandakoen antzekoak errepikatzen baitzebiltzan haiek gehienetan (Poza, Etxabe...). Beste batzuk, XVIII-XIX.etan, funts zientifiko gehiagorekin jardun arren, ideia tradizionalei lotuegiak ari ziren, eta halabeharrez, Hizkuntzalaritza modernoaren ataurreraino bakarrik iritsi ziren, metodologia berrikuntzaren bat edo beste gorabehera; euskararen teoria babeldarrak zutik zeuden artean, besterik ezean hipotesi gisa (Hervás-en lanetan, adibidez).
Hizkuntzak zientifikoki konparatuz, berorien sailkapena egin eta, hainbat kasutan, ahaidetasunak argiro erakutsi direnetik (hizkuntza indoeuroparretan ikusi zen familiartekotasun hori lehenik, Bopp-en ikerlanen ondoren, 1833-1852), Aro Garaikidean ezagutu izan da euskararen hizkuntz irlatasuna, oraindik are nabarmenago. Aski da hau jakiteko, Entziklopedia modernoetan ikus daitezkeen hizkuntz sailkapenen laukiak begiratzea: Euskara bakarrik, aparte, uzten dute; jatorrizko ahaidetasun frogaturik gabe, alegia.
Dozenaka hizkuntzarekin alderatu izan da euskara, jatorri genetikoa bilatuz (japoniera, hungariera, suomiera, etab.); baina, itxaropen hobez, bi aldetara begiratu izan da, nagusiki:
- 1) Konkista erromatarrarekin desagertu zen iberiera galdurantz, lehendabizi. Eusko-iberismoa ibili zen bide hauetatik, baina kritika gogorrak jaso ditu XX. mendeko azken hamarkadetan (Bähr, Caro Baroja, Mitxelena, Tovar). Korronte honekin lotuta, edo hurbil, euskara Ipar Afrikako hizkuntzekin erlazionatu nahi duen teoria dago (berbererarekin, ekialdeko kamitarekin, Nubiako hizkuntzekin, eta abarrekin). Izen handiak izan ditu eritzi honek (Gabelentz, Schuchardt, eta berrikitan H. Mukarovski), baina aurkako argirik ez zaio falta izan (E. Zayhlarz).
- 2) Jakitunetzat bigarren abiapuntu itxaropentsua, hizkuntza kaukasiarren hipotesia izan da. Ahaidetasuna frogatu ez bada ere, antza ere askotan bilatu dute hizkuntzalariek. Izen sonatuak daude hemen lan egin dutenen artean: Hervás, Fita, Uhlenbeck, Schuchardt, Trombetti, Bouda, Lafon; baina hauen lan-metodologiak eta emaitzen balioa zalantzan ere jarri dira (H. Vogt, K. Mitxelena).
Oro har, euskararen jatorri genetikoa frogatzeke dago oraindik. Dagoeneko dauden bilabide hipotetikoek eta frogatutako antz-puntuek lagundu beharko dute proto-euskara zaharrenetik hasita hizkuntz arbola genetikoan gora egiten.
Ahaidetasun-zuhaitz genetikoaren arazoa gorabehera, hizkuntzari bilatu nahi izan zaizkion antz eta kidetasunak ere gogoan hartu behar dira, gainera: Euskarak duen halako edo bestelako egitura edo gaitasun beste hizkuntzaren bateko edo batzuetako egitura-gaitasunekin alderatu ohi da honelakoetan.
Hizkuntz tipologiak erabili eta definitu izan dira hizkuntzak -geografikoki urrunenak izan arren- alderatu eta sailkatzeko. Greenberg-en tipologiak erabiliz (hitzen ordena arautua aztertuz), Tovar-ek, adibidez, III. eredu-sailean jartzen zuen euskara, georgiera, latina, turkiera eta dravidierarekin batera, hizkuntza indoeuropar gehienak II. ereduan geratzen ziren bitartean.
Horiek guztiak horrela direla, azken buruan, euskararen isolamendu genetikoak interesik handiena du hizkuntzalari konparatibistentzat, zeren, adibidez, lengoajearen oinarrizko unibertsalen azterketarako lehiatila bereizi bat gerta baitaiteke bera.
(JOSEBA INTXAUSTI, Euskara euskaldunen hizkuntza, 1990, 36-38 orr.)
|
| |
 |
| Euskararen Iturburua |
 |
2003-10-31 / 07:06 / Aitor Renteria |
|
Euskararen iturburua edo bere sustraien nondik-norakoen inguruko eztabaidak lotan zeutzaten azken urte luzeetan, buruhausteak, zientziaren gaur egungo ahalekin, argibiderik ez balu bezala. Zientziaren Alde, American Scientific aldizkariaren Frantziako bertsioak lotaldia inarrosi zuen 2002ko irailean, Elisabeth Hamel, Theo Vennemann eta Peter Foster adituen lanak argitaratuz. Alde anitzetako erkaketa metodologia baliatuz zientzi munduko hautsak harrotuko zituen teoria plazaratu zuten: Euskaldunak dira jatorrizko protoeuroparrak, hots, lehen garaiotan Europa osoa bizilekutzat zeukaten herriaren azken aztarna.
Teorema nagusi horretara heltzeko aipatu adituek zientziaren atal ezberdinen arteko elkarlana antolatu zuten, genetika, hizkuntzalaritza eta geografia bertzeak bertze. Azken urteotan aitzinamendu garrantzitsuak egin dituzte genetikak eta filogeniak, hau da, ADN sekuentzietan oinarrituz, herrien zuhaitz genealogikoak eraikitzeko metodologiak. Zelanda Berriko Allan Wilson biologoak milioika pertsonaren ADN sekuentziak erkatu zituen munduko herrien zuhaitz genealogikoa osatzeko. Zuhaitz horren adar guziek bat egiten dute, Wilsonen arabera, Afrikako gune jakin batean bizi zen herrian. Hamel eta Forsterrek 10.000 europarren geneak ikertu dituzte. Ondorioa: bion iritziz Europako biztanleak duela 20.000 urte inguru egungo Euskal Herriaren inguruan bizi zen gizon eta emazte taldearen segida dira.
Hizkuntzaren alorretik Vennemann norabide berean jotzen duten ebazpenetara heldu zen. Honen arabera duela 50.000 urte Afrikatik Europara heldu ziren lehen tribuak. Lurraldean barreiatu ondoren izotzaroa pairatu zuten eta hotzaz babesteko bi abaro atzeman zituzten, gaur egungo Euskal Herriaren ingurua eta bigarrena Kaukaso aldean. Izotzaroa bukatzean, duela 20.000 urte inguru, bertako biztanleek Europa osoa kolonizatu zuten. Ondoren Asiatik helduko ziren gizeli berriak, hots, indoeuroparrak. Haiek toki berriak bereganatu zituzten baina aitzineko lekuen izenak atxikiz. Zientzialariaren arabera, heldu berriak teknika eta bizi esparrua bere hizkuntzan garatu zituen, toponimia zein ibaien izenak jatorrizko hizkuntzan atxikiz edo hizkuntza berriaren ezaugarrietara erakarriz.
Norabide horretan hizkuntza indoeuroparretan deus erran nahi ez duten toki izenak zerrendatzen ditu Vennemannek. Haren iritziz euskaldunek tokiaren izena ematen zioten gune berriari, ur, mendi edo ibai hitzak baliatuz. Europan aski arruntak dira Al edo alm aurrizkiz hasten diren ibaien izenak. Baita ere elz, var edo ver aurrizkizkiekin. Horrekin batera, talde handi bat dago is edo eis zein ur edo aur aurrizkiak baliatuz osatzen diren hitzak. Alemanian 80 herrik eber erroa daukate izenean, bertzeak bertze zazpi Ebersberg; bederatzi Ebersdorf eta 16 Ebersbach. Frantzian Ebreon, Evrune, Ivri eta bertze. Vennemannen ustetan horiek guziak euskal ibar hitzaren aldagarriak dira, garai bateko hizkuntzaren fosilak. Ur edo aur aldagarriak dituzten hitzen zerrenda luzea osa daiteke Europa osoan zehar, hala nola, Urach, Ural mendi katea, Urola, edo Poloniako Urwis.
Alpeak eta Bretainia Handia lotuko lituzkeen marra osatzen du Vennemannek ustez euskararen eragina atxikitzen duten toki izenen ildoa jarraikiz. Baina baita Norvegia, Suedia, Italia eta hainbat herri ere, Europako ekialderaino. Afrikako hainbat gunetan ere, Kabilian edo Marokon, tokien izenek euskararen aztarnak gordetzen dituztela dio Vennemannek.
Hizkuntzarekin batera hogeinaka kontatzeko berezitasuna euskaldunengandik edo behialako europarrengandik datorrela dio. Keltiar herriek euskaldunei hartu zietela uste du. Frantseseraz adibidez, laurogei eta laurogeita hamar zenbakiak euskaraz bezala 20ko basean osatzen dira. Latin zaharrean ere sistema horren aztarnak gordetzen direla uste du, Afrikako zenbait herritan bezala. Vennemannen iritziz, beraz, euskaldunak garaiko Europa osoki hartzen zuten tribuen azken aztarnak dira.
(AITOR RENTERIA, Berria, 2003-09-28)
|
| |
 |
| Sciencen argitaratu saiakerak fantasiak dira |
 |
2003-11-04 / 16:24 / Txomin Peillen |
|
Herritarrok. Euskara nondik datorren ikertzea ez zaie ez baskomano ez eta baskofoboei utzi behar. Wienneman eta Fosteren lanez kritika luzea egin nuen Baionako fakultate aldizkarian Lapurdumen argitaratzeko eta ez dute egin, bitartean gazteek horretaz Baionan jardunaldiak egin nahi zituztelako ni gabe eta kanpotar "aditu" batzuk ekarriz.
Biologilari eta lexikologo naizen aldetik diot Sciencen argitaratu saiakerak fantasiak direla erakusten nuen. Bestalde aspertua nago hiztegi konparaketez eta zoritxarrez halakoak dira gehienak nire aldetik saiatu naiz auzo hizkuntza berrietarik hartu hitzak euskaratik garbitzen. Horretaz liburu bat argitaratu zidaten Madrideko UNEDen gaskoi maileguez, noizbait zubereraz erabili zirenez, eta bizirik daudenez (2000etarik 600 bat)"Emprunts de la langue basque à l'occitan de Gascogne" delakoan. Aurretik lan laburragoa egin nuen Fontesen argitaratu zena Zubereraz gaztelaniazko hitz mailegu zenbaitez arduratzeko (ehun ta berrogei bat) Garbiketa sakona egin ondoren, beharbada, hiztegi konparaketak egin daitezke, baina jakingarrienak nire ustez joskeraren ikertzetik etorriko zaizkigu.
Askotan idatzi dut gure jatorriak ez duela erantzunik izango ezen indoeuroparrak Europa mendebaldera sartu zirenean duela lau mila urte, beste hizkuntza gehienak ezabatu baitzituzten eta hor beharbada izan genituen ahaideak.
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|
|
Erantzun |
|