![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Herri-administrazioa / 2003-10-17 / 07:03
Juan Carlos I Espainiako erregeak 2001eko irailaren 15eko BOEn Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna onartu eta berretsi zuen, horretarako, honako adierazpen ofiziala egin zuen Estatuko Boletinean:
"España declara que, a los efectos previstos en los citados artículos, se entienden por lenguas regionales o minoritarias, las lenguas reconocidas como oficiales en los Estatutos de Autonomía de las Comunidades Autónomas del País Vasco, Cataluña, Illes Balears, Galicia, Valenciana y Navarra. Asimismo, España declara, a los mismos efectos, que también se entienden por lenguas regionales o minoritarias las que los Estatutos de Autonomía protegen y amparan en los territorios donde tradicionalmente se hablan".
Nafarroako Gobernuak euskararen normalizazioaren aurka hartutako neurriek Espainiako Estatuak onartu eta berretsi duen ituna zapuzten dute erabat.
ELERIA / 2003-10-17 / 07:03
Espainiako Erresumak 2001. urtean Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna (Europako Kontseiluak Estrasburgon 1992ko azaroaren 5ean egina) berretsi zuen (BOE 2001eko irailaren 15ekoa). Hitzarmen horren helburua, Itunaren zio azalpenak dioenez, hizkuntza gutxituak babestea da, kultura-ondare izan arren mehatxatuta daudelako, baina ez hiztunen eskubideak bermatzea. Itunaren arabera, Estatu kontratatzaile bakoitzak zein hizkuntzen gaineko ardura hartzen duen adierazi behar du berrespena egiterakoan (3.1 artikulua). Espainiak zera agindu zuen: Estatuko Autonomia Estatutuek aintzat hartzen dituzten hizkuntza guztiek (ofizialek eta baita ofizialtzat jo gabe ere babestu beharreko jotzen dituztenek) merezi dutela Itunak ematen dien babesa.
Itunaren 15. artikuluak dio Estatu kontratatzaileek eraman duten hizkuntza-politikari buruzko txostenak aurkeztu beharko dizkiotela Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari aldian-aldian. Lehen txostena aurkezteko epea bete denez- Ituna indarrean sartu eta hurrengo urtean aurkeztu behar da-, Espainiako Estatuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak horien artean, gertu dituzte beren informeak. Hizkuntzaren aldeko defentsan aritzen diren zenbait erakundek ere bere informea aurkezteko asmoa du. Aipatzekoa da Nafarroako Euskara Kultur Elkargoa (EKE) Foru Komunitatearen egoera zitalaren berri zorrotza emateko egiten ari den ahalegina. Hizkuntzen Urteko abenduaren 14 eta 15ean aditu talde bat bildu zuen EKEk Iruñan, Eleria barne, Nafarroan euskarak bizi duen egoera aztertzeko asmoz. Bertara aurkeztu zuen informea euskararen alde egiten duten elkarte eta gune guztietara zabaldu da gerora.
Euskararen egoeraren berri ematen duten txostenak Europako Kontseiluak izendaturiko adituen lantalde batek aztertuko ditu (16. artikulua). Aipaturiko lantaldeak Espainiako Estatuari bere iritzia eskatu ahal izango dio, eta baita emandako informazioa osatzeko eskaria ere egin diezaioke. Ondoren, Adituen Lantaldeak bere txostena tajutuko du bildutako datuak oinarri hartuta eta Ministroen Lantaldeari aurkeztuko dio. Azken honek Estatu kontratatzaileei gomendioak egin ahal izango dizkie beren betekizun eta urrapenen gainean. Gomendio horiek argitara eman ahal izango dira, gainontzeko Estatu sinatzeile guztiek ezagutu ditzaten.
Aurtengo urtearen amaieran jakingo dugu, beraz, zein ohar egiten dizkion Europako Kontseiluak Espainiako Estatuari hizkuntza gutxituen gaineko babesari dagokionez.
Dudarik ez dago, azken hiru urteotan bederen, Itunak jasotzen dituen betekizun horietatik gehien aldendu den gobernua Nafarroako izan dela. Kritika ugari jaso du 2001eko urtarrilean indarrean sartu zen Nafarroako Gobernuaren abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuak - aurreko 135/1994 Foru Dekretua desematen duenak-. Dekretu horrek eremu ez-euskaldunaren pareko egiten zuen, praktikan, eremu mistoa. horren erakusgarri aipa liteke, esate baterako, zirkuitu administratibo elebidunak martxan jartzeko aukera desagertarazi egiten duela. Dekretuaren zio azalpenak zera dio: aurreko araudiaren gehiegikeriak (ultra vires direlako xedapenak) zuzentzeko eta elebiduna ez den Komunitate batean euskararen erabilerak sortzen zituen arazoak konpontzeko egin dela erreforma. Esanguratsua da, halaber, 1994ko Dekretuak jasotzen zuen Hizkuntza Gutxituen Itunaren erreferentzia kendu izana. Dekretu berriaren defendatzaileek beren jarrera azaldu nahi izan dute esanaz arau horren bitartez herritar guztiei administrazo publikoaren lanpostuetarako aukera berdinak eman nahi izan zaizkiela.
Dekretu horren garapen gisara etorri ziren gerora 2001eko urtarrilaren 8ko Akordioa, eremu mistoari buruzkoa, eta 2001eko otsailaren 5ekoa, eremu euskaldunean enplegu deialdietarako merezimenduen barruan hizkuntzak jakitearen gainekoa. Aipaturiko akordioen arabera, Nafarroako Administrazioan sartzeko orduan, "bidezko" denean bakarrik hartu ahal izango da kontuan euskara -aurreko Dekretuarekin 4,5 puntu ematen ziren eremu euskaldunean lanpostuetarako eta 2,25 eremu mistorako lekualdatze lehiaketetan; orain, berriz, 2,20 eta 2,10 hurrenez hurren-.
Neurri horiek auzitegietara eraman zituzten Nafarroako hainbat elkarte, sindikatu, alderdi politiko eta entitate lokalek. Ondorioz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak oso-osorik baliogabetu zuen 372/2000 Foru Dekretua forma akatsak direla eta, Gobernuak ezinbesteko bi tramite ahaztu baitzituen: Nafarroako Euskararen Kontseiluaren eta Funtzio Publikorako Zuzendaritza Nagusiaren txostenak, hain zuzen ere.
Edonola ere, Miguel Sanzen Gobernuak harro erantzun zion epaiari, erabakia jakin eta berehala eduki berdineko Foru Dekretua promulgatuko zuela mehatxatuz. Horretarako, uztailean bertan Euskararen Kontseilua berritzeari ekin zion. Gogora dezagun Kontseilu horretako kide ia guztiek -Administrazioko ordezkari zirenek izan ezik- dimisioa aukeztu zutela 1999ko urtarrilean. Agindutakoa bete berri du Miguel Sanzek, eta aurrekoaren berdin-berdina den Dekretu bat onartu du (29/2003 Foru Dekretua, 2003ko otsailaren 10ekoa). Aurreko Dekretuarekiko alde bakarra da xedapen iragankor bitartez agintzen dela errotulazio elebidunaren ordez gaztelaniazkoa jartzeko aginduak aurrekontuaren arabera emango direla.
Esandakoez gain, beste hainbat neurri ere hartu ditu UPNko Gobernuak joan den urtean, zein baino zein murrizkorragoak: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikotik kanpo geratzea, euskarazko komunikabideei diru laguntza murriztea, Euskaltzaindiarekin Itun berezitua egitea...
(ELERIA, Euskal Herriko Legelarien Aldizkaria, 10, 2003, 102. or.)
![]() | Inprimatu |
Andoni Sarriegi Eskisabel / 2003-10-17 / 12:57
> - Europako erakundeek behartu al dezakete Espainiako Estatua (eta Nafarroako Gobernua, Estatu horretako erakude den aldetik) onartu eta berretsi duen ituna betetzera?
Dirudienez ez, ez dute behartzen. Estatuek nahi dutena egiten dute beren legeekin eta are gehiago "beren gainetik" datozenekin. Sinatu, sinatzen dituzte batzuetan munduaren aurrean ongi gelditzeagatik eta itxurak egiteko, baina muinean, gehienek hanka artetik pasarazten dituzte hala komeni zaienean. Horixe da Espainiako Estatuak eta Frantziakoak egiten dutena.
Gainera, beren Auzitegi Sistemak ez daude horretarako. Normalean, Estatuaren boterea areagotzeko Gobernuen ekimen guztiak bultzatzeko daude. Hiru botereen banaketa utopia hutsa da eta komeni zaienean "bost botereek" (berek kontrolatzen dituzten komunikabideak eta banka eta finantzen mundua barnean sartuta, norabide bakarrean jokatzen dute: Estatu bat, hizkuntza bat, nortasun bat, naziotasun bat, izaera bat, etab.
Eta hori bermatzeko, armadak dituzte. Ikusi besterik ez dago urriaren 12ko desfileak nolakoak izan ziren. Hitlerren garairik onenekin eta Erromako inperioarenekin konpara zitekeen teknologia eguneratuta. Zertarako? Ba horixe, goian esandakoari eusteko. Hori da beren bermea eta interesatzen zaienean, sarraskiak egiten dituzte: arma bidezkoak Iraken, orain kulturaren arlokoak Euskal Herrian, baina interesatuz gero, edozein aitzakia tarteko, prest dira beti edozein baliabide erabiltzeko. Fede osoa dute beren armadarengan eta azken finean hura dute eraso beharrekoa erasotzeko. Ez dago besterik. Gainerakoa ahuntzaren gauerdiko eztula da. Demokrazia parean suertatutako txamarra baino ez da eta kolore mudakorrekoa gainera.
Helburuak garbi dituzte eta baliabideak behar dituzten heinean erabiltzen dituzte, baina, beti, beti, beti, armada atzean atezain dutela.
(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL, Beasaingo Udalaren Euskara Zerbitzuaren arduraduna da)