Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Puño bloqueador euskaraz?

Xanti Dorronsoro Xanti Kirolak / Hizkuntza / 2003-06-20 / 07:08


Kirol denda bateko jabea naiz eta kirol eskaladan erabiltzen den "Puño bloqueador" tresnaren euskarazko ordaina zein izan daitekeen jakin nahi nuke. Tresna honek, tira egiten zaionean, sokari heltzen dio (sokari kateatuta geratzen da) eta, horrela, eskalatzaileari sokan gora igotzeko lana errazten dio.

Gure dendan horrelako tresnak saltzen ditugula jakinarazteko eskaparatean kartela jarri nahi dut eta ez dakit euskaraz nola adierazi. Hainbat hiztegi astindu ditut eta Interneten ere ibili naiz zokomiran, zerbait aurkituko ote nuen, baina ez dut aztarnarik ere atera. Benetan estimatuko nizueke laguntzatxoren bat ematea. Mila esker.




Erantzunak


Helduleku estekatzailea

Imanol Zurutuza / 2003-06-20 / 07:22

"Puño" hori "heldulekua" da, bistan denez. "Blokeador" hori, berriz, "estekatzailea" akaso. Hau da, "helduleku estekatzailea" edo.

Imanol Zurutuza


Yumar

Jon Alonso / 2003-06-20 / 08:52

Hori, oso oker ez banago, gaztelaniaz (eta euskaraz ere bai, uste dut), yumar deitzen dena da. Ingelesetik-edo etorriko da yumar hori, baina guztiz zabalduta dago hemengo eskalatzaileen artean; ordea, puño bloqueador zer den galdetu eta agian batek baino gehiagok ez luke jakingo erantzuten zer den (pentsatu behar dela, alegia, zer izan daitekeen asmatzeko). Nik yumar jarriko nuke, lasai asko. Zabarkeria irudituko zaizue, agian, baina askozaz ere okerragoak ikusi ditut bazterrotan.

Izan ongi,

Jon Alonso (Nafarroa)


Helduleku-atxikitzailea

Miren Zarrabeitia / 2003-06-20 / 09:00

Horrelakoetan zenbat buru hainbat aburu izaten da. Ni ados nago Imanol Zurutuzaren "helduleku"-arekin baina bloqueador horrek, nire ustez, "atxikitzailea" behar du izan. Beraz: Helduleku-atxikitzailea.

Miren Zarrabeitia


Blokeatzekoa

Joseba Erkizia / 2003-06-20 / 10:22

Nire ustez "blokeatzekoa" izan daiteke, besterik gabe; izan ere, erreminta eta teknologia kontuetan "-t(z)ekoa" oso baliabie erabilia (ahoz) eta emankorra (terminologiarako) iruditzen zait.

Joseba Erkizia


Yumar edo Eskuko atxikigailua

Iban Eguzkiza / 2003-06-20 / 10:47

Yumar jartzea ondo iruditzen zait. Hala ere "euskaldunagoa" den zerbait jarri nahi izanez gero, tresna hori ezagutzen dut eta uste dut mendizale euskaldunok dexente hobeto ulertuko genukela "eskuko atxikigailua", "helduleku estekatzailea" edo "helduleku atxikitzailea" baino.

Iban Eguzkitza


"Itzul" ePosta zerrendan emandako erantzunak

Joserra Beloki / 2003-06-20 / 13:49

Hona hemen "itzul" posta-zerrendan emandako erantzun batzuk; pista batzuk bederen ematen ditu, letreroa jartzeko lagungarriak.

Joserra Beloki (DONOSTIAKO UDALA)


"Itzul" ePosta zerrendatik erantzun gehiago

Joserra Beloki / 2003-06-23 / 15:28


"Itzul" ePosta zerredatik azken erantzunak

Joserra Beloki / 2003-06-25 / 12:37


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1056035329