![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Hizkuntza / 2003-05-30 / 07:12
"Honezkero egin dugu" edo "Dagoeneko egin dugu", eta antzeko esaldiak, maiz entzuten ditugu han hemenka. Zein da bata nahiz bestearen erabilera egokia?
Azpeitiko Udal Euskaltegia / 2003-05-30 / 07:12
Denbora adierazteko dira bi aditzondo hauek. Batak (dagoeneko-k) ziurtasuna adierazten du, besteak (honezkero-k), berriz, ziurtasunik eza. Horrela, Oihana honezkero Parisen da esaten badut, zer esaten ari naiz: nire ustez, Oihanak Parisa iritsia izan behar duela, baina ez naiz ziur, ez baitakit hala den ala ez, ustea da, besterik gabe.
Oso bestela, Oihana dagoeneko Parisen da, esaten badut, ni ziur naiz hiri horretara iritsia dela Oihana, harrigarri egiten bazait ere (agian ez nuen uste hain azkar iritsiko zenik Frantziako hiriburura).
Honezkero formak, beraz, ziurtasunik eza adierazten du, hiztunak egiten duen suposizioa da; ez du ziurtatzen esana bete dela, ustea da. Adibidez, tankera berekoak dira esaldi hauek guztiak:
Honezkero Parisen da.
Honezkero Parisen izango da.
Honezkero Parisa iritsi da.
Honezkero Parisa iritsiko zen.
Honezkero Parisa iritsia izan behar du.
Euskaltzaindiak berak dioenez, "bostetan ņabardura bera du aditzondoak: susmoa edo barrunda, jadanik Parisen delakoa. Jakin, ez daki han denik. Baina hori dioenak kontuak atera eta hori pentsatzen du".
Iparraldean oraindik bizirik daude dateke / duke formak, eta kontestu horietan halaxe erabili ohi dituzte:
Honezkero Parisen dateke.
Honezkero Parisa iritsi dateke.
Bestalde, honezkero etorkizunean gertatzen den ekintza bati erreferentzia egiten zaionean ere erabiltzen da:
Berandu da eta honezkero ez du merezi joaterik.
Egitea ahaztu zait eta honezkero ez dut egingo.
Eta, besteak beste, desafio moduan ere erabili ohi da:
Honezkero ez dinat egingo!
Esaldia ezezkoa denean, aditza geroaldiko aspektu markarekin joan ohi da:
Honezkero ez da etorriko.
Honezkero ez digu deituko.
Ez dira zuzenak honelako esaldiak:
Honezkero ez da *sinatu hitzarmena.
Honezkero ez du *bukatu.
*Honezkero jaiki zara, e!
Nolatan ari zara zu *honezkero lanean?
Bi kasuotan dagoeneko erabili behar da, bietan ere ikusitako edo egiaztatutako gauzak aipatzen baitira.
Euskaltzaindiako Gramatika Batzordeak esandakoaren arabera, dagoeneko hitzaren betebeharra "norbaiti bere begiz ikusten duenak, edo bere belarriz entzuten duenak edo arrazoi batengatik edo besteagatik, sorrararazten dion ezustekoari edo ezohizkoari zor zaion aditzondoa da dagoeneko. Ezusterik ez bada ez da esaten "dagoeneko hor dago Pello" baizik "hor dago Pello". Gainera, aditzak ez du gertakizun aspektua onartzen, "egitate erreala, gertatua, ikusia edo jakina delako, frogatua".
Beraz, ez dute zentzurik esaldiok:
*Dagoeneko esnatuko da.
*Dagoeneko oheratuko zen.
Lehenaldi urruneko esaldietan, ordu(ra)ko erabili behar da, ez dagoeneko:
Hura lo zegoen...ordurako.
(Azpeitiko Udal Euskaltegia)
Raul Iglesias (ikasle bat) / 2003-09-17 / 19:11
Irakurri ondoren akats batzuk aurkitu dizkiot:
1) Dagoeneko bakarrik orainaldian erabili behar dela diozue. Iraganerako "ordurako" gomendatzen duzue.
Honi bi aipamen egin nahi dizkiot:
2) Etorkizunerako "honezkero" erabili behar dela diozue. Orduan zergatik hainbat hiztegitan ordurako erabiltzen dute etorkizunerako: ze ezberdintasun daude bi horien artean??? Nire ustez ordurako gaizki legoke zeren eta etorkizunerako ez dugun ziurtasunik.....
3) Beste hitz bat ahaztu zaizue: "engoitik". Iparraldean erabiltzen dena eta nahiz dagoeneko nahiz honezkero esanahia duena.
Mila esker eta barkatu eragozpenak,
Raul Iglesias
kepa Iturrioz / 2006-04-24 / 12:59
Galdera horren atzean beste bat ere egoten ohi da: zelan esaten da "ya" euskaraz, edo zelan itzuli nezake? Hori dela eta, aditzaren galdegaia erantsi nahi diot Azpeitiako udal euskaltegikoek emandako azalpen bikainari, esate baterako: "Andereņo, amaitu dut!" nahiz "Amaitu dut, andereņo!"; edo "BAdaukat dirua". Izan ere, BAI galdegaia izanik, nahikoa dugu aditza modu eta toki egokian jarrita.