Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Nola adierazi behar dugu euskaraz? Biko taula, biaren taula, biren taula...

Nola adierazi behar dugu euskaraz? Biko taula, biaren taula, biren taula...

2003-05-19 / 10:09 / Luisma Gullón   HIZKUNTZA

Eragiketa matematikoak direla eta, askotan testu-liburuetan nahiko modu nahasian agertzen da kontu hau. Batzuetan Biko taula, beste batzuetan Biaren taula, besteetan Biren taula... Zein ote da zuzena edo egokiena?


Erantzun

 
Zenbakien deklinabidea: zenbaki-izenak eta izenordainak.
2003-05-23 / 07:30 / Azpeitiko Udal Euskaltegia

Zenbakien deklinabideari dagokionez, bereiztu egin behar da zenbakia bera noiz den zenbaki-izen eta noiz den zenbatzaile (izenordain, alegia):

Zenbaki-izenak

Zenbakiak zenbaki-izenak direnean beste edozein hitz bezala deklinatu behar dira:

Eman dezagun ikasleei zenbaki bana eman diegula lasterketan parte hartzeko. Orduan honako esaldia erabil dezakegu:

  • hiruak ihes egin du eta lauari aurrea hartu dio

( hiru zenbakia daraman ikasleak lau zenbakia daramanari aurrea hartu dio)

Izenordainak

Zenbakiak Izenordain direnean, berriz, mugagabean nahiz pluralean deklinatu behar dira:

  • bi (-) neska etorri dira eta biak txikiak

HIRU eta LAU izenordainak, ordea, salbuespen dira; deklinabide berezia dute: ikus Euskaltzaindiaren erabakia HEMEN

  • Beraz, eta egindako galderari erantzunez, biaren taula beharko luke matematika arloko esapide horrek, hain zuzen ere, bi zenbakia esapide horretan zenbaki-izen delako.
 
Euskara hiperkorrektoa
2003-05-23 / 08:40 / Edozeinetarikoa

Ez dakit esatera noanak baliorik batere duen, baina kartetan ari garela "zazpiko ezpata", "bateko bastoa", "hiruko urrea"... Beraz, ez dakit ze arazo dagoen "biko taula"-rekin.

Egia esan, gero eta aspertuago nago filologoen euskara hiperkorrekto (hiperzuzen? gainzuzen? guztiz-zuzen? marrarekin ala marra gabe?) horrekin. Ea, Axularri faltak ateratzera animatzen zaituztet. Eta ez pentsa hau boutade bat denik; Cervantesekin ere bide beretik saiatu ziren. Shakespearerekin, ez dakit, baina ausardia inoiz ez da eskas izan filologoen gremioan (barka, lanbide-elkartean) (marrarekin ala marra gabe?).

 
Biko taula
2003-05-23 / 10:09 / Mikel Zalbide

Biko taula esan izan dut nik, oker ez banago. Orain ere bide beretik joko nuke, kontrako argudio zorrotzik mahaigaineratzen ez bada.

Mikel Zalbide

 
Gomendioa
2003-05-23 / 10:11 / Andoni Sarriegi Eskisabel

Nire gomendioa:

Kontsultatu UZEIko Matematika hiztegia eta kontsultatu ZIENTZIA ETA TEKNIKARAKO EUSKARA (Ensuntza, Etxebarria eta Iturbe; UEU). Nire ustez, era horretako zalantzak nahiko erabakiak daude matematikaren arloan lan egiten dutenen inguruan.

Andoni Sarriegi Eskisabel

 
Gaztelaniaren eragina?
2003-05-24 / 00:53 / maixa

"Biaren taula" proposamenaren azpian ez ote dago gaztelaniaren isileko eragina:"tabla del dos"? Bai karta jokoan, bai tauletan gure etxeko erabilera beti izan da: zazpiko urrea eta zazpiko taula. Ez da izango antolaketa ezberdina erabiltzen dugula? Zazpikoen taula? Zazpikoen artean urrea, ezpata...?

 
Zenbatzaile eta zenbatzaile-izen: bereizkuntza zorrotza eta egokia
2003-05-26 / 12:29 / Juan Carlos Odriozola

Azpeitiko Udal Euskaltegiak oso bereizkuntza zorrotza eta egokia egin du zenbatzaileen eta zenbatzaile-izenen artean. Izan ere, lehenengoek, jakina, zenbatzaile modura jokatzen dute giza hizkuntzen gramatiketan eta bigarrenekoek, izen modura. "Zenbatzaile" eta "izen", bestalde, gramatika-kontzeptuak dira. Gramatika-kategoriei dagozkie: hitz jakin batek betetzen dituen funtzioen arabera finkatzen da hitzaren kategoria.

Hau guztia hizkuntzalari serioengandik ikasi dut eta hizkuntzalari serio horiek beroriek irakatsi didate "biko ezpata" horretan oso bestelako harremana dagoela: "bi (ale)ko ezpata" edo antzeko zerbaitek ez dauka zerikusirik bi izenekoaren taula esapidearekin. Asko dakitenek irakatsi didate era berean mundu guztiarekin nolabaiteko begirunea adierazten, eta ez dut inoiz irentsiko "edozeinetariko" horrek eta beste batzuek erabiltzen duten doinu erasokorra. Are gutxiago benetan zertaz ari garen asmatu ez badute.

Nahiago beraz Azpeitiko Udal Euskaltegia bezalakoak gure herri honetan

(JUAN CARLOS ODRIOZOLA Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

 
Eta erabilera erreala zer?
2003-05-27 / 14:38 / Edozeinetarikoa

Lehenengo eta behin barkamena eskatu nahi dut nire mezua norbaitentzat mingarria suertatu delako. Ez zen nire asmoa eztabaida akademiko baten ohiko mugak gainditzea, are eta gutxiago inori "erasotzea". Saiatuko naiz aurrerantzean orekari eusten.

Baina hemen arazo bat dugu, bat behintzat, eta nire ustez arazo hori behin eta berriro errepikatzen da euskalgintzan. Hauxe da: galdetzen du urliak edo sandiak nola esaten den hau edo bestea euskaraz, edo, zehazkiago hitz eginez, nola esan beharko litzatekeen euskara batuan (hots, hizkuntza estandarrean). Erantzuna, bistan da, honelakoxea beharko luke izan: ikastagun zein den erabilera erreala, aspaldikoa eta gaur egunekoa, lurralde desberdinetan, testuinguru desberdinetan (idatziz, ahoz...), hiztun-mota desberdinen artean, etab.; ONDOREN hazta dezagun lortutako emaitza eta egin dezagun PROPOSAMEN bat. Hori litzateke bide arrunta, esan dezadan, naturala.

"Zazpiko taula"-ren kontu hau, aldiz, egin behar EZ denaren adibide paradigmatikoa suertatu da: erabilera errealari buruzko datuen ordez, analasi gramatikal hutsa, arau gramatikal batzuekiko erreferentzia, eta kitto. A! Barkatu! Autoritatearen gorazarrea ahazten nuen: "jende serioa"-ren irakatsiak.

Ez da harritzekoa horrelako metodoarekin emaitza absurdoa izatea, hots, ez dut uste okertzen naizenik esaten badut "zazpiKO taula" dela erabilera erreal masiboa gaur egun (Hegoaldean bederen), baina galderari erantzuteko orduan aukera hori (-ko) ez da aipatu ere egiten... Txarto dagoela pentsatu beharko dugu, beraz. Baina, harako hark esaten zuen gisan, gure hizkuntza-senak (neureak, bederen) esaten digu "zazpiko taula" "zazpiko urrea" bezain naturala dela... Sena, sena! Hori aipatzen dutenak "serioak" ote dira?

Eta kontua hortxe geratuko balitz, gaitzerdi. Baina, barkatu hizkera kolokiala, ezagutzen dugu perkala, eta badakigu (filologo) batzuk gai direla zuzen-zuzenean ondorioztatzeko hemendik aurrera -ko guztiak "zuzendu" behar direla. Eta biderkaketa taula ikasten ari diren gure ume gaixo guztiak? Horiek... (eta hemen ez dut erabiliko hizkera kolokiala).

Exageratzen ari naizela? Agian. Baina badakigu danok "jende serio" asko dagoela euskalgintzan. Serioegia, apika.

Laburbilduz: filologoek pisu handiegia daukate euskalgintzan, eta sarritan ez onerako, goiko adibidean ikus daitekeen bezala.

 
bi/ezpata eta bi/taula bikoteak ezberdinak dira
2003-06-03 / 14:04 / Juan Carlos Odiozola

Jende serioak erakatsi didana ez da ezozeinetariko horrek ulertu nahi izan duena. Bi eta ezpata horien artean dagoen harremana eta bi eta taula horien artean dagoena desberdinak direla irakatsi dit.

Nire uste apalean bi/ezpata eta bi/taula bikoteen arteko aldeaz jabetzen ez dena bakarrik has daiteke hizkuntzalariekin noraino dagoen esaten. Areago oraindik hizkuntzalariak mintzatu gabe zeudenean.

Zientzia esperimental guztietan (eta horrelakoa da hizkuntzalaritza) lehenago datu esperimentalak hartzen dira, gero erkatu egiten dira eta gero, bukaeran, etorkizuneko arazoak eta gertaerak aurresango dituen ereduak gauzatzen saiatzen dira ikerlariak.

Oraingo honetan datu enpiriko egoki bat genuen (biko ezpata) eta arazo bat (la tabla del dos). Aztertu egin behar zen egokia zen biko ezpata hori nolakoa zen, eta "tabla del dos" horretarako balio zuen ala ez. Ala "biko ezpata" esaten zuena "tabla del dos" nola esaten den pentsatzeko bezain harroa zen?

Badakit honek beste erantzun erasokor, bai, erasokor bat ekarriko duela eta bertan behera utziko dut kontua.

Juan Carlos Odriozola

 
Gramatika alfa eta omegatzat
2003-06-04 / 09:25 / Edozeinetarikoa

Odriozola jauna:

Zinez saiatuko naiz "erasokorra" ez izaten, baina ez dut ulertzen zergatik egiten zaizun hain jasangaitza zure argudioei, eta haien oinarriei zein ondorioei, egiten diedan kritika. Kritika, jauna, arrunta ez ezik ezinbestekoa da "zientzia esperimental"-etan zein ez-esperimentaletan. Kritikarik gabe ez dago aurrerabiderik.

Labur: zure eta nire arteko aldea honetan dago: zuretzat eskuartean dugun kontua laboratorio linguistiko batean erabaki daiteke, horretarako aski delarik euskal gramatikaren lege inperatiboak ezagutzea. Horri zientzia deritzozu. Niretzat, aldiz, metodo guztiz okerra da eta, ondorioz, emaitza absurdoak ematen ditu (kasu honetan bezala). Zergatik? Euskaldunen erabilera errealaren ORDEZ, euskal "gramatika" duelako alfa eta omegatzat (eta, bide batez, horrek adierazten du gramatikaz duzun kontzeptua okerra dela nire uste apalean).

Beste hitz batzuetan esanda: zeuk erakutsi nahi diguzu nola hitz egin (idatzi) BEHAR dugun, kontuan hartu gabe nola HITZ EGITEN dugun. Alegia, euskararen historian behin eta berriro azaltzen zaigun jarrera, muturreko adibide paradigmatikoa, Sabino Arana (bai, Sabino ere guztiz konbentzituta zegoen bere proposamen guztiak erabat "zientifikoak" zirela, eta bost axola euskaldun errealek zer esaten zuten).

Jauna, nik ez dakit Hizkuntzalaritza zientzia den ala ez, baina ez dut uste beharrezkoa denik hori erabakitzea ondorio honetara iristeko: proposatzen duzun metodoa kaltegarria da euskararentzat eta, ondorioz, euskaldunentzat (euskal hiztunontzat).

Areago, esan dezaket ni ere erasotua sentitzen naizela horrelako "proposamenak" irakurtzean, ez baitira ariketa akademiko hutsak, baizik ondorio praktiko eta atzemangarriak izaten dituzten "legeak". Baina ez dut bide honetatik segitu nahi.

Ondo esanak hartu eta gaizki esanak barkatu.

 
Bata-bia
2003-07-07 / 14:00 / Juan Garzia Garmendia

Bi kontutxo bakarrik:

Karta-jokoak aipatu diren honetan, ez ahaztu badela beste bat, gune amonak behintzat oso gustukoa zuena: bata-bi(x)a. Gogoan dut oso mekanika sinplekoa zen, eta halaxe izendatzen zirela kartak mahai-gaineratzean: bata, bi(xa), hirua, laua, bosta..

Ez dakit hortik ondorio jatorrik (ez-filologikorik, alegia) atera litekeen beste horretarako, baina seiko urreak adinako pisua izan lezake, edo handiagoa, bata-biak.

Ia ziur esan daiteke nondik datorren "biko taula" esapide hain zabaldu baina (nik uste) oraingo matematika-hizkerarako ez oso egokia. Izan ere, hizkera hori berritu aurreko sisteman (hots, besteak beste, "bider" dontsua sartu aurretik), "bat biko, bi; bi biko, lau; hiru biko, sei..." ematen ziren taulok, halakoetatik pasatuek nik baino hobeto jakingo duten moduan. Hortik zuzenean hartua da, inondik ere, taularen beraren deitura. Ez da izenlagun deskribatzailea, beraz, "biko" hori, baizik eta taulan errepikatzen den elementua ia izentzat hartzea. Alegia, sistema hartan bazukeela nolabaiteko koherentzia "biko taula" horrek, baina "bider"ka dihardugun honetan, "bi"a da, hain zuzen, errepikatzen dena, eta haren taula dela esateak dirudi naturalen, erdarak berdin egin zein ez.

Juan Garzia Garmendia

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com