Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Norekiko eta norenganako deklinabide kasuen arteko aldeak

Norekiko eta norenganako deklinabide kasuen arteko aldeak

2003-05-09 / 07:02 / erabili.com   HIZKUNTZA

Elkarrengandik zertan bereizten dira NOREKIKO eta NORENGANAKO? Noiz eta nola erabili behar da bata edo bestea?


Erantzun

 
Norekiko eta norenganako: senide bikiak
2003-05-09 / 07:02 / Azpeitiko Udal Euskaltegia

Familia bereko bi senide bikiak direnean beren ingurukoei zein den zein bereiztea nekagarri eta nahasgarri gertatzen zaie. Horixe bera gertatzen da NOREKIKO eta NORENGANAKO euskal deklinabide familiako bi kide hauekin. Dena dela, bikien beste edozein bikotek bezalaxe, hauek ere elkarrengandik bereizten eta izate propioa ematen dieten ezberdintasunak dituzte. Ezberdintasun horiek agerian jartzen saiatuko gara. Hala ere, NOREKIKO eta NORENGANAKO deklinabide kasuen jatorria argitze aldera hausnarketa txiki bat egitetik hasiko dugu gure jarduna.

Trinkotze joera

Gaur egun, auzoko erderak ez ezik euskara ere astintzen duen joera berrizalea indarrean dabil hizkuntzaren bazterrak nahasten: trinkotze joera. Hitz kateak ahalik eta gehien estutuz, ahalik eta hitz gutxien erabiliz, ahalik eta esaldi trinkoenak eta lotuenak moldatzeko joera. Horrek, jakina, edozein hizkuntza lausotzea eta iluntzea dakar, komunikazioari, elkar ulertzeari, tupustarriak jartzea, alegia.

Trinkotze joera dela-eta, han hemenka hamaika xelebrekeriarekin egiten dugu topo. Hona hemen hiru adibide mindutako hizkuntzaren kupeletik:

  • Giza *harremanekiko ikastaroa: (Giza harremanei buruzko ikastaroa).
  • *Bezeroarenganako arreta bulegoa. (Bezeroari arreta egiteko bulegoa).
  • *Euskararekiko erasoak. (Euskarari egiten zaizkion erasoak).

Hitzak lotzeko langile nekaezina

Hitzak elkarrekin lotzeko kontuetan, euskarak ez du -KO atzizkia baino langileagorik. Izan ere, atzizki honen bidez mota guztietako hitzak lot dakizkioke izenari:

  • Izena izenari: etxeko giltzak.
  • Izenlaguna izenari: gerri buelta handiko gizona.
  • Izenondoa izenari: gaurko eguna.

Era berean nor, nori, nork eta noren deklinabide kasuak izan ezik gainerako kasu guztiak izenari lotuta erabili nahi baditugu -KO atzizkia erantsi besterik ez dugu. Hori bai, -KO atzizki horren azpian erlatibozko perpausa dago beti:

  • NON+KO (nongo): sukaldeko erlojua (sukaldean dagoen erlojua).
  • NORA+KO (norako): etxerako bidea (etxera doan bidea).
  • NONDIK+KO (nondiko): latinetiko hitzak (latinetik datozen hitzak).
  • NORAINO+KO (norainoko): errekarainoko lur-saila (errekaraino iristen den lur-saila).
  • NORANTZ+KO (noranzko): goranzko joera. (gorantz egiten duen joera).
  • NORENGATIK+KO (norengatiko): izurriarengatiko heriotzak (izurriarengatik gertatu diren heriotzak).
  • NORENTZAT+KO (norentzako): gaisoentzako botikak (gaisoentzat diren botikak).
  • ZEREZ+KO (zerezko): harrizko pareta (harriz egina dagoen pareta).

Eta aurreko horien guztien soka berekoak dira NOREKIKO eta NORENGANAKO kasuak ere:

  • NOREKIN+KO (norekiko): zurekiko harremanak (zurekin ditudan harremanak).
  • NORENGAN+KO (norenganako): gazteenganako konfidantza (gazteengan dudan konfidantza).

Beraz,

  • Erlatiboaren ordezko eginkizuna betetzen dutenez, NOREKIKO eta NORENGANAKO deklinabide kasuek beti izen baten osagarri jokatzen dute eta izenaren aurrean, ezkerrean, agertu behar dute.

Kontuak honela, ondorengo hauek guztiak okerbidetik moldatutakoak dira:

  • Ondorengo egunetan ez dugu aldaketarik antzemango *eguraldiarekiko.
  • *Nekazariekiko izan diren elkarrizketek konponbidea ekarri dute.
  • Espainiako Gobernuak egindako inkestak dioenez, espainiarrek ez dute kontrako jarrera agertzen *euskaldunekiko.
  • *Katuekiko badu halako harreman berezi bat.
  • Jarrera ezin hobea dute *gureganako.

Hona hemen ordain egokiak:

  • Ez dugu eguraldiaren aldaketarik izango ondorengo egunetan.
  • Nekazariekin izan diren elkarrizketek konponbidea ekarri dute.
  • Espainiako Gobernuak egindako inkestak dioenez espainiarrek ez dute euskaldunen kontrako jarrera agertzen.
  • Katuekin badu halako harreman berezia.
  • Gureganako jarrera ezin hobea da.

Arau guztiek, behar bezalako arau izateko, salbuespena behar omen dute. Gureak ere badu berea:

  • neurekiko = neure golkorako = neure artean = neure baitan = neure kautan.
    - Hura gertatu zitzaidanean "kaka zaharra!" esan nuen neurekiko.
    - Berekiko esan zuen: "Oraingoan ere ederra egin duk".

Zertan bereizten dira

Jo dezagun orain gure eginkizun nagusira: NOREKIKO eta NORENGANAKO elkarrengandik zertan bereizten diren adieraztera. Abia gaitezen ondorengo adibidetik:

  • Apaizarekin izan dudan hizketaldiak barrua lasaitu dit.
  • Apaizarekiko hizketaldiak barrua lasaitu dit.

Aipatu berri dugunez, NOREKIKO deklinabide kasuak NOREKINen du jatorria. Gure ustez NOREKIN kasuak, besteak beste, alde biko norabidea adierazten du. Eta norabide hori indartzen duen izenaren osagarri denean erabili behar da NOREKIKO, orduantxe, eta ez bestela. Alegia, eta jarritako adibidera etorriz, hizketaldia beti gutxienez bi lagunen artekoa izaten da, eta biek ala biek egiten dute hitz elkarrekin. Jar ditzagun adibide gehiago:

  • Haurrak jaioberritan beharrezkoa du amarekiko lotura.
  • Bizilagunekiko harremanak gaiztotu egin dira.
  • Espainiako gobernuarekiko akordioa mesedegarria da Euskal Herriarentzat.
  • Anai-arrebekiko haserreak errazago barkatzen dira.
  • Gurasoekiko adostasuna ez da behin ere erabatekoa izaten.
  • Nirekikoak egin ditun! -erreferente gabeko erlatiboa- (Kito, bukatu dira elkarren arteko kontuak).
  • Gurasoekikoak egin ezinik dabil. -erreferente gabeko erlatiboa- (Gurasoen onespena eta haiekin duen -edo izan dezakeen- onurazko harremana sendotzeko -edo lortzeko- ahaleginetan dabil).

Lotura, harremana, akordioa, haserrea eta adostasuna alde biko norabidea adierazten eta indartzen duten izenak dira. Horiekin eta horien osagarri denean erabiliko dugu NOREKIKO. Beraz,

  • Alde biko norabidea ematen denean, eta norabide hori indartzen duen izenaren osagarri denean, erabiliko dugu NOREKIKO.

NORENGANAKOk bestalde, NORENGANen du sorburua. Dena dela, batzuetan, NORENGANAKOk ordezkatzen duen erlatibozko esaldiak NORI kasua ere izan ohi du ezkutuan. Adibidez:

  • Apaizenganako gorrotoak itsututa dauka. (Apaizei dien gorrotoak itsututa dauka).
  • 1936an errepublika zaleen artean apaizenganako gorrotoa eta ezinikusia nagusitu zen. (1936an errepublika zaleen artean apaizei zieten gorrotoa eta ezinikusia nagusitu zen).

NORENGAN kasuak norabide bakarra dagoela adierazten du. Alegia, eta goiko adibideari helduz, azken esaldi horretan, errepublika zaleek apaizei zieten gorrotoaren berri ematen da, gorrotoa apaizenganakoa da, baina apaizek gorrotatzaileak zein animoz hartu zituzten ez da esaten. Apaizek errepublikazaleei gorrotoz, beldurrez edo barkamena emanez erantzun ote zieten ez da islatzen goiko esaldian. Beraz, gorrotoa norabide bakarrekoa da: errepublika zaleek apaizei zietena. Beraz,

  • Alde bakarreko norabidea ematen denean, eta norabide hori indartzen duen izenaren osagarri denean, erabiliko dugu NORENGANAKO

Esandakoak aintzakotzat hartzen baditugu, oker eratutakoak dira ondorengo hauek:

  • *Euskararekiko erasoak. (euskararenganako)
  • Ez dut ulertzen *gurekiko beldurra. (gureganako)
  • *Heroinarekiko menpekotasuna. (heroinarenganako)
  • *Jokoarekiko zaletasuna beldurgarria da. (jokorako)
  • *Langabetuekiko elkartasunik ez da nabari. (langabetuenganako)
  • *Aitarekiko miresmena 18 urte nituenean amaitu zen. (aitarenganako)

Dena dela, eta hasiera-hasieran esandakora bueltatuz, gaur egun joera ikaragarria dago, edozein baliabide erabiliz, zuzena edo okerra den erreparatu gabe askotan, hitz kateak ahalik eta laburren moldatzeko. Eta, laburkeria eta komunikagaitasuna askotan elkarren etsai gertatzen dira, hizkuntzaren benetako funtsaren etsai, elkar ulertzearen etsai.

Hasera guztiek bukaera zor dutenez, hausnarketarako adibide bat jarriz eta galderatxo bat eginez bukatuko dugu gure gaurko jarduna:

  • Egur arloko enpresek sindikatuekiko harremanak eten egin dituzte.
  • Egur arloko enpresek harremanak eten dituzte sindikatuekin.

Bi esaldi horietatik zein da ulegarriagoa lehenengo kolpean? (bigarrena zalantzarik gabe!)

Gure ustez, komunikazioari ahalik eta traba gutxien jarri behar zaio eta gaur egungo trinkotze joera hortik behintzat hankamotz dabil.

Hona hemen han-hemenka (komunikabideetan batez ere) jaso ditugun hainbat erabilera oker. Alboan (parentesi artean) ordain egokia jarri dugu:

  • Eusko Jaurlaritzak *natur babesguneekiko akordioa lortu du ekologistekin. (Eusko Jaurlaritzak natur babesguneei buruzko akordioa lortu du ekologistekin)
  • *Semearenganako uste osoa daukagu. (Semearengan uste osoa daukagu)
  • Tourreko 5. etapan iazko txapeldunak gainontzeko *lehiakideekiko duen aldea handitzea lortu du. (Tourreko 5. etapan iazko txapeldunak gainontzeko lehiakideekin duen aldea handitzea lortu du) edota (Tourreko 5. etapan iazko txapeldunak gainontzeko lehiakideekiko aldea handitzea lortu du)
  • ETAren azken *atentatuarekiko gaitzespena adierazi dute alderdi politiko guztiek. (ETAren azken atentatuaren aurkako gaitzespena adierazi dute alderdi politiko guztiek)
  • Euskaldunek beti errespetua erakutsi omen dute *kanpotarrekiko. (Euskaldunek beti kanpotarrenganako errespetua erakutsi omen dute) edota (Euskaldunek beti errespetua erakutsi omen diete kanpotarrei)
  • Umeek berezkoa dute *jolasarekiko joera. (Umeek berezkoa dute jolaserako joera)
  • *Langileekiko zabaldu diren komunikazio kanal berriek konponketararako borondatea badagoela adierazten dute. (Langileekin zabaldu diren komunikazio kanal berriek konponketararako borondatea badagoela adierazten dute) edota (langileekiko komunikazio kanal berriek konponketararako borondatea badagoela adierazten dute)
  • *Angulekiko estimazioa handia da Euskal Herrian. (Angulek estimazio handia dute Euskal Herrian)
  • Enpresako agintariek atzera egin dute *sindikatuekiko duten negoziazioan. (Enpresako agintariek atzera egin dute sindikatuekin duten negoziazioan) edota (Enpresako agintariek atzera egin dute sindikatuekiko negoziazioan)
 
Komunikaziorako ez dira beharrezko
2003-05-12 / 10:25 / Pello Salaburu

Alde batera utzirik lan honetan esaten dena, eta funtsean egiten den gomendioa (xehekiago aztertu beharko nuke horretaz zerbait esateko), badut uste forma hauek, neurri batean bederen, "hizkuntza ortopediko" deitzen den horren barnean aurkitzen duten tokia errazago, egunero erabiltzen dugun euskaran baino. Hor sentitzen dira benetan erosoago, etxean milaka urtez erabili dugun hizkeran baino.

Hizkuntzak ez dira perfektoak, zer egingo diogu bada, eta euskara ere ez. Eta hizkuntzan behin eta berriz gertatzen dira anbiguotasunak. Anitzetan nahiko genituzke errezetak eskura, bai, baina ez da izaten ordea errezetarik. Eta errezeten bila ibiltzen gara gure pentsatzeko modua erdararekin lotzen dugunean maiz aski.

Ez nago, argi utzi nahi dut hau, holako esamoldeak erabiltzearen aurka, biziki gogoko ez baditut ere. Abusuaren aurka, ordea, bai. Eta uste dut irakurleak oinarrizko informazioa merezi duen: esan behar den lehenbiziko gauza da hizkera askotan ez dela egundaino erabili holako formarik, eta hala ere, hizkera horietako hiztunek ez dutela inolako eragozpenik izan, ez sentitu, adierazi nahi zuten hura, komunikazio maila garbiarekin gainera, beste modu batera adierazteko.

-kiko forma ez da ia erabili bizkaieraz, zubereraz edo goi eta behe nafarreraz. Batez ere gipuzkeraz erabili izan da, nahiz Erkiagaren adibide batzuetan ere aurki daitekeen. Lapurteraz ere erabili izan da, nahiz ez gehiegi (Axularren adibideren bat aurki daiteke, Sarako Etxeberrik ere erabili izan zuen inoiz, baina maizago ageri dira Pouvreauren edo Miranderen lanetan). Mitxelena ereduzko idazlea da, ez da esan beharrik, eta asko erabiltzen ditu berak ere, baina ereduzkoenen artean ia-ia salbuespentzat hartzen dut puntu honetan. Esan behar da benetan gogoko zituztenak Zaitegi, Orixe, Berrondo, Larramendi eta holako batzuk zirela. Hori ere kontuan hartu behar dela uste dut, zeren, gauza hauetan, komeniko litzateke argitzea zenbat den benetan hizkuntza gaurkotu batek eskatzen diguna, eta zenbat, ñabardurak direla eta ez direla (batez ere erdara kontuan harturik egin behar ditugun ñabardurak direla eta), hizkuntzarekin esperimentuak egiteak eskatzen diguna.


(PELLO SALABURU hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 
Re: Norekiko eta norenganako deklinabide kasuen arteko aldeak
2003-05-13 / 13:09 / Juan Carlos Odriozola

Egituren burua hasieran duten hizkuntzek, preposizioak dituzte eta euskarak bezala burua bukaeran dutenek, postposizioak. Euskarak bada, baditu zehar bezalako postposizioak, osagarri modura zelaian bezalakoak hartzen dituztenak: zelaian zehar postposizio-sintagma bat da, izen-sintagmak, aditz-sintagmak edo postposizio-sintagmak eratzen baitituzte izenek, aditzek edo postposizioek.

Zehar bezalako postposizioez gain, euskarak baditu postposizio atzizkiak (Odriozola 1999, Artiagotia 2000), erdal preposizioen parekoak baina aurreko hitzari lotuak: -gatik, -tik, -ra, -kin, -ko. Horrela, lagunarekin postposizio-sintagma bat da, -gatik postposizioaz eta bere osagarria den lagun izenaz edo izen-sintagmaz osatua. Adizlaguna, bestalde, funtzio-kontzeptu bat da, lagunarekin postposizio-sintagmak betetzen duen funtzio bat, aditza laguntzea alegia: lagunarekin joango naiz.

-Ko ere postposizio atzizki bat da, eta Bilboko postposizio-sintagma. Beste aukera bat ere badu: lagunarekin bezalako postposizio-sintagma bat osagarri modura hartu eta lagunarekiko postposizio-sintagma (handiagoa) eraiki.

-Ko daramaten postposizio-sintagmek oro har izenlagun funtzioa dute: ikusi kategorien eta funtzioen artekoaz Zabala 1999. lagunarekiko lotura. Makazagak (1999) ordea, -kiko daramaten horien adizlagun funtzio bar deskribatu du:

  • (1) Berekiko esan zuen
  • (2) Betebehar bat duzu Jonekiko

Azpimarratu beharrekoa da (2) horren aldamenean (3) ere badagoela:

  • (3) Jonekiko betebehar bat duzu

(3)koa ez da eguneroko euskarari dagokion zerbait baina izenlagun funtzio garbia duen postposizio-sintagma bat da zalantzarik gabe. (2)koan zer dugun finkatzea da zailena. (1)ean bezala -kikodunek izenlagun funtzioa betetzen dutela jakinda, (2)koan ere funtzio hori betetzen dela onar dezakegu gutxienezko hipotesi modura, eta ustezko hitz-mugimendurik onartu gabe.

Jonenganako bestalde, ez dakit inoiz sar daitekeen (2)ko eremuan.

-Kiko horren esangurak ondo definiturik daude beste dokumentuan. Hala ere, Makazagak (1999) azaldu du bi norabidekoez gain (harreman, lotura,…) norabide bakarrekoak ere badirela, beti ere postposizio-sintagmak lagundu behar duen izenaren arabera: eginkizun, eskubide, ardura

Perpaus-gramatikaz eta esanguraz ez ezik, testuaren gramatikaz mintza gintezke, hizkuntzalari askok ohartarazi baikaituzte (Hidalgo 1996a, b eta c, Ortiz de Urbina 1998, Osa 1993, Zabala 2001) beste kontu honetaz: euskarak funtsean bukaeran jartzen du egituren burua baina egitura handia denean, zaildu egiten da komunikazioa guztiaren burua "berandu" ematen denean. Hori dela eta, (2)koa azkarrago ulertuko litzateke, (3)koa baino, bai behintzat egiturak oso luzeak direnean.

(JUAN CARLOS ODRIOZOLA Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)


Bibliografia

  • ARTIAGOITIA, X. (2000). Hatsarreak eta parametroak. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Arabako Foru Aldundia.
  • HIDALGO, B. (1996a). Euskal Joskeraren mito kaltegarriak (I). Nola idatzi euskaraz modu arin, ulergarri eta aberats batean. Hizpide 35: 39-51
  • ODRIOZOLA, J.C. (1994). Formulazio kimikoa eta euskal deklinabidea. Euskera 39 (3): 743-755
  • HIDALGO, B. (1996b). Euskal Joskeraren mito kaltegarriak (II). Euskararen hitz-ordena librea. Hizpide 36: 21-27
  • HIDALGO, B. (1996c). Euskal Joskeraren mito kaltegarriak (eta III). Aditza maiz euskaraz esaldi hasieran. Hizpide 36: 21-27
  • MAKAZAGA, J.M., (1999). Kiko atzizki konposatuaz. Zenbait gai euskara teknikoaren inguruan. Juan Carlos Odriozola (ed.). Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalepn Zerbitzua.
  • ODRIOZOLA, J.C., (1999). Postposizioak EGLUn : egitura motak eta gramatika-kategoriak : Euskera 44 (2) (1999): 243-265
  • ODRIOZOLA, J.C., (2000a). Entzima-izenak euskaraz Ekaia (argitara bidean).
  • ORTIZ DE URBINA, J., (1998). Axularren ezen konpletiboa eta hizkuntz prozesamendua (eskuizkribua).
  • OSA, E., (1993). Euskararen hitzordena, komunikazio zereginen arabera. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitarapen Zerbitzua.
  • ZABALA, I. (2001). Euskararen zientzia eta teknikarako erabileraren hizkuntz berezitasunak. Ekaia (13): 105-129.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com