Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Administrazioko langileen adierazpen-askatasuna

Administrazioko langileen adierazpen-askatasuna

2003-04-30 / 07:06 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioetako lan-hizkuntza arautzeak urratzen al du administrazioko langileen adierazpen-askatasuna?


Erantzun

 
Administrazioaren langileek administrazioaren mezuak ematen dituzte
2003-04-30 / 07:06 / Azpeitiko Euskara Patronatua

Lehenik eta behin, adierazpen-askatasuna babesten duen legearen iturburuetara jo dezagun. Azter dezagun, beraz, Espainiako Konstituzioak zer dioen bere 20. artikuluan adierazpen-askatasunaren luze-zabalerari buruz:

  • 20. 1. Se reconocen y protegen los derechos: a) A expresar y difundir libremente los pensamientos, ideas y opiniones mediante la palabra, el escrito o cualquier otro medio de reproducción. (...)
  • 20. 2. El ejercicio de estos derechos no puede restringirse mediante ningun tipo de censura previa.

Kontuak horrela, honako ondorio hauek atera daitezke legearen irakurketa egin ondoren:

Adierazpen askatasunaren bihotz-muina zera da: inoren eta inolako oztoporik gabe norbere pentsakera, ideiak eta iritziak adierazteko eta horien berri emateko askatasuna.

Administrazioko langileak bere lana betetzen duenean ez ditu bere pentsakera, ideia eta iritzi propioak ematen. Administrazioko langilea bere lana betetzen ari denean, izatez bereak ez diren mezuak ematen ari da. Hain zuzen ere, bere lanean diharduenean administrazioko langileak administrazioarenak berarenak diren mezuak ematen ditu, edo zehatzago adieraztearren, administrazio organu jakin baten mezuak ematen ditu(1).

Administrazioko langileek eman behar dituzten mezu eta komunikazioek ez daukate zer ikusirik langilearen beraren nortasuna garatu ahal izateko gizaki orok nahitaez behar duen adierazpen-esparruarekin. Administrazioaren lan-jardunean dabilenak, berez, erakundearen mezuak ematen ditu bere lana betetzen ari denean, eta ez bere nortasun pribatuaren edota bere pentsamolde politikoaren adierazpen-aitorpenak.

  • Administrazioak bere baitako langileari lana hizkuntza jakin batean egin dezala ezartzen dionean, ez du urratzen eta ez du arriskuan jartzen Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluak babesten duen adierazpen-askatasuna

Administrazioko langilea herritar hutsa denean

Beste kontu bat da administrazioko langileari, bere lan eginkizunetatik kanpo, herritarra den aldetik eta herritar gisa burutu ditzakeen egintzetan zor zaizkion eskubideak. Administrazioko langileak, herritar hutsa denean, bere pentsakera, ideiak eta iritziak adierazteko askatasun osoa izango du bai mezuaren eduki materialari dagokionez, bai mezu hori adierazteko aukeratu dezakeen hizkuntzari dagokionez. Izan ere, hizkuntza bat nahitaez erabili beharrak zeharo murriztu dezake norbanakoaren gaitasuna, ideiak, iritziak, eta orohar, mezuaren barne-muina, behar bezala, ñabardura eta xehetasun guzti-guztiekin, aditzera emateko (2).

  • Administrazioko langilea herritar hutsa denean, oso-osorik mantentzen ditu bere adierazpen askatasuna eta hizkuntza eskubideak eta administrazioak ezingo ditu inola ere murriztu.

Oin-oharrak:

(1) ERKOREKA GERVASIO, Josu Iñaki. HAEE/IVAPeko zuzendaria: Euskararen erabilera Administrazio Publikoaren barne harremanetan. ELERIA Euskal Herriko Legelarien Aldizkaria, 5. zkia, Donostia, 2000, 97-112 orr.

(2) Santiago Petsen-ek dioenez "...con la libertad de expresión no solamente se protege el contenido de lo que se expresa, sino que se salvaguarda también la forma. La expresión, si es libre, puede hacerse en la lengua que sea. Si se impone un idioma no hay libertad de expresión". PETSEN, S. Entre la política y el derecho. La Carta europea de las lenguas regionales o minoritarias, In: Revista de Estudios Políticos, 66. zenbakia. 1989. urtea; 133. or. Baieztapen hau euren adierazpenak hizkuntza gutxituetan egin nahi dituztenei zor zaie batik bat, baina bestelakoen artean ere ez dira falta. Jorge de Esteban Konstituzio Zuzenbideko katedradun ezagunak oraintsu esan duena jarriko dugu horren adibide: adierazpen-askatasunak, dio irakasleak, "...no sólo comporta el poder de decir lo que uno quiere, sino poder decirlo en el idioma oficial de España..." (ESTEBAN, Jorge de. Los hechos diferenciales y el Foro de Babel. In: El Mundo. 1999ko , maiatzaren 31; 12. or.)

 
Re: Administrazioko langileen adierazpen-askatasuna
2003-04-30 / 10:06 / Txomin Peillen

Zuekin bat nator administrazioko langilea, hiritar hutsa ez denean, ez du bere adierazpena ezagutarazten administarzioarenan baizik.

  • Honek argi darakusa Frantzia ez dela inolaz ere adierazpen askatasunaren herria.

Ikusarte. Txomin Peillen

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com