|
Hasteko abia gaitezen Gernikako Estatutuaren 6. artikulutik:
- 6. 1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialaren maila izango du Euskal Herrian eta herritar guztiek dute bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
- 6. 2. Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ñabardurak kontuan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak erabaki eta baliaraziko dituzte.
Beraz, eta laburbilduz, Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiek dute bi hizkuntzetatik edozein aukeratzeko eta erabiltzeko eskubidea. Eskubidea herritarrena den bezalaxe, eskubide hori bermatzeko betebeharra herri erakundeena da (1). Hitz bitan esanda: eskubidea herritarrena da eta betebeharra, eskubide hori urratu ez dadin, herri erakundeena edo herri-administrazioarena (2).
Administrazioak, izaki juridikoa den aldetik, ezin du herritarrekin harreman materialik izan. Horregatik, hain zuzen ere, administrazioak herritarrekin dituen harremanak administrazioko langileen bitartez gorpuzten ditu (3). Administrazioko langilearen bitartez, administrazioak berak erantzuten dio herritarrari. Horiek horrela, administrazioak berak herritarrekin dituen hizkuntza betebeharrak administrazioko langileak gorpuztu behar ditu, langilea bera baita administrazioak herritarrari erantzuteko duen bitartekoa edo baliabidea (4).
Era berean, Administrazioko langileak, dagoen administrazio atalean dagoela, administrazioak berak araututako guztia bete eta betearazi behar du, horretan hezurmamitzen baitira administrazioko langilearen lan eginkizunak. Ildo horretatik, administrazioak lan-hizkuntza euskara izan behar duela arautzen baldin badu, araututakoa administrazioko langileek gorpuztuko dute, izan ere, eta giza gorputza adibidetzat hartuta, administrazioa aginduak ematen dituen burua edo garuna baldin bada, administrazioko langileak agindu horiek betetzen dituzten esku eta hankak dira. Administrazioa langilerik gabe, esku eta hankarik gabe, bere eginkizunak betetzeko elbarri legoke.
- Hizkuntza eskubideak herritarrei dagozkie, eskubide horiek babestea, aldiz, administrazioari dagokio eta, administrazioko langileei, bestalde, administrazioaren baitan dihardutenez eta administrazioarekin bat eginda daudenez, administrazioak duen betebehar orok zuzen-zuzenean eragiten die administrazioaren baitan dituzten lan eginkizunetan.
Oin-oharrak:
(1) AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, Iñaki. Administrazio Zuzenbideko Katedraduna EHU. Principios, planificación y pluralismo lingüístico en Euskal Herria. RIEV.-Donostia: Eusko Ikaskuntza.- 43,2 (1998), 341-354 orr.
(2) Ikus PEDRO MIGUEL ETXENIKE LANDIRIBAR Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak 1982ko azaroaren 24an Gasteizko Eusko Legebiltzarrean irakurritako hitzaldia: 10/1982 legea, 1982ko azaroaren 24koa. EHAAn argitaratua, 160. zk., 1982ko abenduaren 16. Revista Internacional de los Estudios Vascos, RIEV.-Donostia: Eusko Ikaskuntza.- 43,2 (1998), 323-332 orr.
(3) ERKOREKA GERVASIO, Josu Iñaki. HAEE-IVAPeko zuzendaria. El Euskera en la Administración Pública Vasca; origen, situación actual y prespectivas. RIEV. Donostia, 1988, 43,2. 425-439 orr.
(4) COBREROS MENDOZA, Eduardo: El régimen jurídico de la oficialidad del euskera. Oñati, 1988, 79-81 orr.
|