|
Juan Martin Hiribarreni, Agosti Xahori, Bruno Etxenike Garmendiari, Joseba Altuna Amilgain-i, Luis Bandres Unanueri, Xabier Lete Bergaretxeri, Mario Onaindia Natxiondori, Joxe Migel Bidador Gonzalezi, Antonio Tovar Llorenteri, Yuri Zytsar-i, Rudolf P.G. de Rijk-i eta Robert L. Trask-i eskainitako lanak argitaratu dituzte.
Bidegileak bildumaren 62., 63. eta 64. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Sorta berri horiek aurkezteko ekitaldia atzo (2012-5-15) egin zen Donostiako Miramar jauregian. Bertan parte hartu zuten Blanca Urgell Kultura sailburuak, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jerardo Elortza Bidegileak bildumaren zuzendariak. Horiez gain, aurtengo biografiak osatu dituzten egile gehienak ere bertaratu ziren, kultur munduko hainbat gonbidaturekin batera.
"Bidegileak Kultura Sailaren bilduma kuttuna da. Lehenik, euskaraz dagoelako. Bigarrenik, askotan ahanzturan zeuden egileak ilunpetik berreskuratu dituelako. Hogeita hiru urteko historian, euskalgintzan aritutako 250 bat gizon-emakumeren bizitzak jaso dira bilduman. Eta hirugarrenik, biografiei kutsu pertsonal eta gizatiarra ematen saiatzen delako, maiz biografiatuen ahaide edo lagunek idatziak baitira". Blanca Urgell Kultura sailburuak atzo Bidegileak bildumaren sorta berrien aurkezpenean esandako hitzak dira horiek.
Jon Aizpurua kazetariak gidatutako ekitaldian, 62., 63. eta 64. sortak aurkeztu ziren zehazki. Sorta bakoitzean euskalgintzan garrantzitsuak izan diren lau pertsonari buruzko liburuxka bana dago. 62. sortan, Juan Martin Hiribarren (1810-1866), Agosti Xaho (1811-1858), Bruno Etxenike (1819-1893) eta Joseba Altunari (1887-1971) buruzko biografiak topatuko ditugu. 63. sortan, Luis Bandres (1944-2009), Xabier Lete (1944-2010), Mario Onaindia (1948-2003) eta Joxe Migel Bidadorri (1970-2010) buruzkoak. Azkenik, 64. sortan, Antonio Tovar (1911-1985), Yuri Zytsar (1928-2009), Rudolf P.G. de Rijk (1937-2003) eta Robert L. Trask-en (1944-2004) ibilbideak ezagutuko ditugu.
Guztira, bi bizkaitar (Joseba Altuna eta Mario Onaindia), bi gipuzkoar (Luis Bandres eta Xabier Lete), bi nafar (Bruno Etxenike eta Joxemiel Bidador), lapurtar bat (Juan Martin Hiribarren) eta zuberotar bat (Agosti Xaho). Aurten, gainera, nazioarteko hizkuntzalariak topatu ahal izango ditugu 64. sortan. Antonio Tovar espainiarrak, Juri Zytsar errusiarrak, Rudolf de Rijk herbeheretarrak eta Larry Trask estatubatuarrak ireki dute sorta berri hori, etorkizunean jarraipena izango duena, gainera.
Nolanahi ere, Blanca Urgellek ekitaldian aipatu zuenez, "gaurko ekitaldiak badu beste berezitasun bat. Izan ere, orain aurkezten ditugun biografien bidez, euskalgintzan eragin handia izanik ere, maiz aipatzen ez diren ogibideetan ari direnei merezi duten aitorpena ematen saiatu gara. Horregatik, hamabi bidegileen artean, idazleak eta hizkuntzalariak ez ezik, irakasleak, itzultzaileak, politikariak eta kantariak daude".
Bidegileak bilduma duela hogeita hiru urte sortu zuen Eusko Jaurlaritzak euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutarazteko eta omentzeko. Orduz geroztik, urtez urte, biografia berriekin aberastuz eta osatuz joan da bilduma.
Dagoeneko kaleratutako 64 sortetan 256 bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazio-lanak idatzi eta argitaratu dira bilduman. Xede horretarako, material grafiko asko erabiltzeaz gain, testuak adituek idatzitakoak dira.
Sorta bakoitzeko 2.300 ale inprimatuko dira eta, paperean argitaratzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean ere topatu ahal izango dira. Sorta berriak, ohi bezala, hainbat interesgunetan banatuko dira: ikastetxeetan, euskaltegietan, liburutegietan, erakunde publikoetan...
Hiru sorta berriak
62. SORTA
- Juan Martin Hiribarren (1810-1866). Egilea: Xipri Arbelbide
Apaiza. Idazlea. Bere lanetan Eskaldunak poema luzea nabarmentzen da, 7-6 silabako neurrian idatzitako 5.000 lerro inguru, Euskal Herriaren agerpen osoa izan nahi duena: historia, geografia, ohiturak... Hainbat lan utzi zuen argitara gabe, eta, batez ere, euskal hiztegi bat.
- Agosti Xaho (1811- 1858). Egilea: Xabier Zabaltza
Euskal kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikaria izan zen. Haren pentsamoldea ezkerreko euskal nazionalismo baten lehen aurrekaritzat hartu izan da. Erromantiko sutsua, euskaldunen jatorriaren eta historiaren inguruko hainbat kontakizunen asmatzaile izan zen, hala nola Aitorren kondaira.
- Bruno Etxenike Garmendia (1819-1893). Egilea: Rosa Miren Pagola
Idazle eta itzultzailea. Luis Luziano Bonaparterekin egin zuen lan 1857. urteaz geroztik eta, haren aginduz, San Mateoren Ebanjelioa, Apokalipsia eta Kantarik Ederrena itzuli zituen Baztango euskalkira, besteak beste. Nafarroako Euskarazko Elkargoko ohorezko bazkidea.
- Joseba Altuna Amilgain (1887-1971). Egilea: Ander Altuna
Euskaldun berria. Sustatzaile, euskara irakasle, ekintzailea. Amilgain eta Azparren izengoitiak erabili zituen. Idazle, kritikari eta itzultzaile oparoa izan zen. Besteak beste, Esopo, Wilde, Sota, Suit, Afanisiev eta Grimm anaien zenbait obra euskaratu zituen.
63. SORTA
- Luis Bandres Unanue (1944-2009). Egilea: Arantzazu Muñoa
Euskaldun berria. Unibertsitateko irakasle, politikari, euskararen eragilea. EHUko udako ikastaroen, Bergarako UNEDen eta Industria Ingeniaritza Teknikoaren Eskolako zuzendaria. Elhuyar taldearen sortzaileetakoa. UEUren zientzia-alorreko sailen bultzatzailea. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismoko sailburua.
- Xabier Lete Bergaretxe (1944-2010). Egilea: Inazio Mujika
Poeta, musikagile, abeslari, antzerkilari, politikoa. Ez Dok Amairu taldeko kidea. Bere poema eta abestietako asko jendearen bihotzetara iritsi dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendari eta sail bereko diputatua izan zen. Ohorezko euskaltzaina.
- Mario Onaindia Natxiondo (1948-2003). Egilea: Manu Gojenola
Autonomia Estatutuaren aldeko ezkerreko alderdiak bildu zituen garai desberdinetan, abertzaleak eta autonomistak, sozialistak eta komunistak bateratuz. Marx-en zenbait obra euskaratu zuen. Sei eleberri eta ipuin liburu bat argitaratu zituen euskaraz.
- Joxe Migel Bidador Gonzalez (1970-2010). Egilea: Roldán Jimeno
Euskaldun berria. Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Dantzari buruzko lan ugari kaleratu zituen. Ahaztuta zeuden Nafarroako euskal idazleen gaineko ikerketa lana plazaratu zuen. Euskal Idazleen Elkarteko kide eta idazkaria. Olerkiak eta narrazio laburra jorratu zituen.
64. SORTA
- Antonio Tovar Llorente (1911-1985). Egilea: Joakin Gorrotxategi
Hizkuntzalari klasikoa izateaz gain, Europako hizkuntza erromaniko eta indoeuroparretan, Iberiar Penintsulako hizkuntza zaharretan eta Hego Ameriketako hizkuntza indigenetan ere aditua zen. Salamancako Unibertsitateko Latin katedraduna eta errektorea. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoa.
- Yuri Zytsar (1928-2009). Egilea: Natalia Zaika
Hizkuntzalari eta irakaslea. Errusiako euskalaritzan aitzindaria. Euskalaritza eskola txiki baten sortzailea. Koldo Mitxelenarekin gutun bidezko harreman luze eta emankorra izan zuen. Euskera eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan kaleratu zituen artikuluak. Ohorezko euskaltzaina.
- Rudolf P.G. de Rijk (1937-2003). Egilea: Patxi Goenaga
Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzalaria, euskal gramatikan aditua. Euskal morfologia, sintaxi eta gramatikari egin zizkion ekarpenak funtsezko mugarriak izan dira, bai eta euskararen filologia eta diakroniaren arloan egindako lanak ere. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoa.
- Robert L. Trask (1944-2004). Egilea: Iván Igartua
Atzerriko euskalaritzak urteetan eman duen ikertzailerik bikainena. Puntako hizkuntzalari orokorra zen. Hizkuntzaren egitura eta historiaren inguruko lan sakon ugari egindakoa. The history of Basque da euskararen iragana ezagutzeko ezinbesteko erreferentzia. Ohorezko euskaltzaina.
- Argazkia: eitb.com
|