Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Egungo euskal Ipuingintzaren historia' liburua plazaratu du EHUk

'Egungo euskal Ipuingintzaren historia' liburua plazaratu du EHUk

2012-02-28 / 09:50 / EHU   KULTURA

"Euskal literaturan gaurko ipuin garaikidea genero berantiarra izan bada ere arin batean garatu da, hainbesteraino ezen euskarazko narratibaren lorpen nagusietako batzuk genero honen eskutik etorri diren", azaltzen du Alvaro Rabelli liburuaren zuzendariak.

Rabellirekin batera, liburu honen egileak dira baita ere Iņaki Aldekoa, Ur Apalategi, Miren Billelabeitia, Ibon Egaņa, Jon Kortazar, Iratxe Retolaza eta Francisco Javier Rojo Cobos. Lan honek euskal ipuingintzaren garapena, hasieratik gaur arte; ipuin teoriak genero berezi honetaz esandakoak eta 1983tik 2003ra ekoiztutako 21 ipuin-libururen gaineko artikulu sorta biltzen ditu.

Egungo euskal ipuingintzaren historia honetan aztertzen diren idazle eta berauen lanak honakoak dira: Joseba Sarrionandia (Narrazioak); Joxemari Iturralde (Dudular); Inazio Mujika Iraola (Azukrea belazeetan); Koldo Izagirre (Mendekuak); Edorta Jimenez (Atoiuntzia); Juan Gartzia (Itzalen itzal); Pello Lizarralde (Sargori); Pako Aristi (Auto-stopeko ipuinak); Mikel Hernandez Abaitua (Bazko arrautzak); Arantxa Iturbe (Lehenago zen berandu); Anjel Lertxundi (Piztiaren izena); Patxi Iturregi (Haize kontra); Xabier Montoia (Gasteizko hondartzak); Bernardo Atxaga (Obabakoak); Harkaitz Cano (Telefono kaiolatua); Jose Luis Otamendi (Euri kontuak); Javier Cillero (Hollywood eta biok); Karlos Linazasoro (Ez balego mundurik); Iban Zaldua (Traizioak); Itziar Rozas (Sartu, korrontea dabil) eta Jokin Muņoz (Bizia lo).

Alearen zuzendariaren iritziz, genero honen garrantziaren erakusgai da, "euskal ipuina eleberria baino pluralago agertu dela, bai ahotsetan, bai gaietan, bai estetiketan". Bide batez, liburu honekin "genero honen autonomia, eleberriarekiko batez ere", eta "balioa aldarrikatu" nahi izan ditu Rabellik, "ipuina bigarren mailako genero dela aldarrikatzen duen ikuspegi oker horretatik ihes eginda".

Aukeratutako hogei urtetako tartea (1983-2003) ikertzeari eman dioten lehentasunaren arrazoiari dagokionez, honakoa aipatzen du Rabellik: "Esan dezagun euskal literatura literatur sistema konbentzional gisa eratzen 80ko hamarkadan hasi zela; eta ipuingintzari dagokionez, 1983. urtea ezinbestekoa da, ordura arte genero honetan ezagutu ez zen eztanda gertatu zelako, bai argitalpen kopuru aldetik, bai kalitateagatik eta bai generoak lortu zuen babesagatik. Gainera, urte honetakoa da, besteak beste, mugarritzat hartu daitekeen Sarrionandiaren Narrazioak".

Iurretako idazlearen lanarekin batera Iraolaren Azukre belazeetan (1987), Atxagaren Obabakoak (1988), Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997) eta Zalduaren Traizioak (2001) azpimarratzen ditu mugarri bezala Rabellik. "Nolabait, liburuok 20 urte horietako euskal ipuinaren ezaugarri nagusiak biltzen dituzte".

EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du Egungo euskal Ipuingintzaren historia Euskal Literatura Sailaren barruan. Gaur egungo Euskal Literaturaren Historia egin nahi duen proiektu handiago eta zabalago baten parte da, Jon Kortazar EHUko katedradun eta idazleak zuzentzen duen bildumaren zortzigarren alea, hain zuzen ere.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com