|
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Elebiden, hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuan, 2009. urtean jasotako intzidentzien berri eman eta kanpaina berria aurkeztu zuen atzo Lurdes Auzmendi sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan egindako prentsaurrekoan.
Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2009an herritarrek Elebide zerbitzuaren bidez jarritako kexen, kontsulten, eskaeren eta iradokizunen datuak eskaini zituen atzoko agerraldian. Haren esanetan, 2009. urtean orotara 225 intzidentzia jaso ziren. Horietatik % 94 kexak ziren; % 4,5 kontsultak; % 1 eskaerak eta % 0,5 iradokizunak. Herritarrek erabilitako hizkuntza berriz, kasuen % 95ean euskara izan zen, eta kasuen % 5ean gaztelania. Era guztietara ere, laster publikatuko da Elebidek eskaintzen duen zerbitzuaren inguruko 2009ko memoria eta bertan datu guztiak helaraziko dira zehatz-mehatz.
Auzmendiren iritziz, argi dago, euskara eta gaztelania ez daudela maila berean eta, beraz, Euskadiko bi hizkuntza ofizialen arteko simetria hurbiltzeko euskararen aldeko neurri positiboak hartu behar direla, betiere, herritar guztien hizkuntza aukerak errespetatuz: "Helburu hori lortzeko martxan jarritako zerbitzuetako bat da Elebide. Bi hizkuntza ofizialen artean -euskararen eta gaztelaniaren artean- elebitasun orekatua lortzea da Elebideren helburu nagusia". Izan ere, Auzmendik argudiatu zuen hori dela bidea Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek nahi duten hizkuntza bizi eta mintzatzeko eskubidea bermatzeko.
Amaitzeko, Auzmendik dei egin zion gizarte osoari, hizkuntza bat edo beste erabiltzeko hautua egitean, hizkuntza hori erabiltzeko bere eskubidea urratua ikusten badu Elebidera jo dezan: "Herri honetan gauza bat dago garbi; guztiok bat gatozela hizkuntzaren normalizazioa lortzeko helburu horretan. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan konbentzimendu horrekin ari gara lanean. Elebide norabide horretan aurrera egiteko hondar ale bat gehiago da".
Kanpaina berria
Patxi Martínez de Marigorta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, bestalde, Elebideren kanpaina berria aurkeztu zuen eta hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzua zer den eta nola funtzionatzen duen gogorarazi zuen. "Elebiden zure hizkuntza eskubideak babesten ditugu" dio kanpainaren leloak. Martínez de Marigortaren hitzetan, bai irudia eta bai leloa zuzenak eta ulertzeko errazak dira: "Bete-betean zerbitzuaren berri ematera jo nahi izan dugu".
Elebideren kanpaina markesinen, prentsaren, bannerren eta irratiaren bidez egingo da. Irailaren 7tik 14ra iraungo du eta horren ostean, foiletoak banatuko dira Euskadiko gune publikoetan Elebideren berri emateko: "Espero dugu kanpaina honen bidez gizartea sentsibilizatzea gizarte elebidun baten alde, eta herritarrek zerbitzu hau are gehiago erabiltzea".
Amaitzeko, Elebide zerbitzuaren zorroztasuna azpimarratu zuen Martínez de Marigortak. Bere esanetan, zerbitzuak ez du intzidentzia anonimorik bideratzen, hau da, herritarrek kexa, kontsulta edo iradokizunak aurkezterakoan, beren datu pertsonalak eta kexaren inguruko datuak eman behar izaten dituzte: "Zerbitzuak konfidentzialtasun osoz jarduten du, eta, Datuen Babeserako Legeari jarraiki, ez du herritarren datu pertsonalik zabaltzen".
|