|
Guraso euskaldunek, batez ere alfabetatze bidean dabiltzanek eta seme-alabei eskolako lanekin laguntzerakoan sarri erantzun barik geratzen direnek, hemendik aurrera material lagungarria izango dute: Aittamak.
Aurten, 25 urte betetzen ditu Gernika-Lumoko Aita Villasante Udal Euskaltegiak, eta, besteak beste, Aittamak izeneko 12 ikastunitateko materiala prestatu du. Material hau guraso euskaldunei zuzenduta dago, bereziki, alfabetatze-bidean erdi galduta dabiltzanei eta euren seme-alabei laguntzeko orduan oztopo itzelak aurkitzen dituztenei.
Beraz, material honek bi helburu nagusi dauzka:
- Alfabetatze-bidean, urrats sendoak ematen laguntzea edota finkatze-prozesua indartzea.
- Seme-alabek etxera eramaten dituzten eskola-ariketetan lagungarri izateko oinarriak jartzea.
Egin beharreko bide horretan, ez da ahaztu zein den gure ingurua eta gure jatorrizko euskara (mendebaldeko azpieuskalkia), eta horrek ere bere eragina eta isla dauka materiala diseinatzeko orduan.
100 ordu
Denboralizazioari dagokionez, ikastaroak 100 orduko iraupena du, urriaren hasieratik maiatzaren azkenak arte, astean 2 egunetan eta 1,5 orduko saioetan banatuta, guztira 27 aste.
Edukiak direla-eta, 12 ikastunitatetan banatu da ikastaroa. Unitate horietan gurasoek askotan jorratzen dituzten hainbat gai dituzte lantzeko: nolakoak diren seme-alabak, zenbat seme-alaba izan, horien heziketa, ikasteko motibazioa, umeen ezgaitasun-motak, eta abar. Horietatik aparte, eskola-umeek ikasgai modura sarri lantzen dituzten gaiak aukeratu izan dira horien inguruan trebatzeko; hala nola, matematikak, ingurumena, gizartea, kirola...
Unitateak atazen edo eginkizunen bidez daude egituratuta. Ataza bakoitzak azpi-gai batzuk lantzen ditu. Guraso-ikasleek informazioa jaso behar dute, bai ahozko bidetik, bai idatzizkotik, eta, ondoren, informazio horren berri eman behar dute. Bereziki landuko dituzte informazioa zabaltzeko plangintza-faseak. Azkenik, gaien inguruan euren iritziak emateko aukera ere izango dute, libreago.
Hasieran esan dugun moduan, ikastaro honekin guraso euskaldunei lagundu nahi diegu, baliabideak eman nahi dizkiegu, euren seme-alabek eskoletan lantzen dituzten gai ezberdinekin lotutako lanetan laguntza eraginkorra emateko. Abiapuntua hauxe izango da: eskolan seme-alabei hainbat lan bidaltzen dizkiete etxean egiteko; kontzeptu-sorta bat erabiltzea (lexikoa), testuak lantzea (ulermena) eta lan monografikoak prestatzea (ekoizpena). Horiek horrela, unitate eta ataza bakoitzean hainbat gairekin zerikusia duten azpi-gaiak jorratuko dira -horixe izango da hizkuntz trebakuntzarako euskarri bat- eta, bide batez, lexikoa ikasteko, testuak ulertzeko eta ekoizpenak planifikatzeko eta, zenbaitetan, testua sortzeko estrategia zehatzak landuko dira -hauxe izango da bigarren euskarri nagusia-.
Horrekin hiru helburu bete nahi dira aldi berean:
- gurasoek gaien gainean hitz egin eta eztabaidatzea, beren prestakuntza orokorra hobetzeko.
- baliagarri gerta ahal zaizkien ulermen- eta ekoizpen-estrategiak lantzea.
- seme-alaben lana gidatzeko moduez jardutea eta zenbait orientabide ere jasotzea.
Baina gramatika ez dugu erabat baztertu eta, unitate guztietan diskurtso gramatikala lantzen duten ariketa analitikoekin egingo dute topo ikastaro honetan parte hartzen duten gurasoek, bereziki, guraso bizkaitar askoren kezken sorburu den batuzko aditzarekin.
Idatzizko trebetasuna
Horrekin batera, kontuan izanda bizi ditugun sasoiekin bat etorriz eta zenbait lan aurkitzeko euskara eskakizunak (perfilak) eskatzen direla, HABEren 1. maila (batzuen kasuan, 2.a ere bai, beharbada) lortzeko azpi-helburu bat ere badute materialok. Horregatik, arreta berezia jarri da idatzizko trebetasuna lantzerakoan, horixe da-eta sortzezko trebetasunetan makalen geratzen den arloa. Ondorioz, ataza nagusiarekin bat datorren beste azpi-ataza bat dute unitate guztiek: eredu ezberdinetako idazkiak sortu beharko dituzte guraso-ikasleek.
Bestalde, ahalegin berezia egin dugu eskola-liburuetatik aldentzeko ere. Gehienetan, testu-liburuak gelan bertan jorratzen dira -beraz, etxerako lanak egiteko ezin erabili- eta, normalean, ez dira helduentzat oso pizgarri izaten. Guraso askok, gainera, ez dituzte ezagutzen euskaraz argitaratuta dauden hainbat eta hainbat produktu. Horregatik, produktu horiek guztiak materialetan txertatzen saiatu gara. Batzuetan, horien "aurkezpen formala" aurkituko dute eta, beste batzuetan, atazan bertan egongo dira txertatuta. Laburtuz, honako hauek dira ikasgelako lana gidatzeko osagaiak.
- GAIA BERA: ataza guztiak gurasoei interesa pizteko gai baten inguruan daude oinarrituta.
- ESTRATEGIAK: ataza bakoitzean ikasteko, testuak ulertzeko eta ekoizteko oinarrizko estrategia zehatzak aurkezten eta lantzen dira. Unitate bakoitzean estrategia ezberdinak lantzen dira. Hori da ikasgelako lana gidatuko duen euskarri nagusia.
- UMEEI LAGUNTZEKO ORIENTABIDEAK: ataza guztiek bilatzen dute gurasoek hausnartu eta eztabaidatzea haurrei laguntzeko moduen gainean. Horixe izan daiteke guraso batzuen kezka nagusia. Kasu horretan, elementu horrek hartuko du nagusitasuna materialen egikaritzapenean.
Amaitzeko, esan behar da HABEk bere sasoian argitaratutako GURASOAK HEZIZ eta GURASOAK LAGUNDUZ liburukiak daudela material honen oinarrian. Hango ikus-entzunezko eta idatzizko testuak erabili izan dira hein handi batean ikastaro hau sortzeko. Era berean, HABEren www.ikasbil.net web-orria ere funtsezkoa izan da. Eta, zelan ez ba, Aita Villasante Udal Euskaltegiko irakasleak eta administraria goraipatu behar, bakoitzak bere arloan egin duen lanagatik.
Materiala
Behean duzue, PDF formatuan, Aittamak materialaren erakusgarri bat: 1. ikastunitatea.
(JOSU ERKIAGA Gernika-Lumoko Aita Villasante UEko zuzendaria da)
|