|
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere esku dagoen guztia egingo du murrizketarik balego, ahalik eta txikienak izan daitezen.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) adierazi nahi du HABEk 2010-2011n izango duen diru-laguntzen deialdian izango diren aldaketak zehazten ari direla eta, beraz, oraindik garaizegi dela murrizketarik egongo den edo ez jakiteko. Izan ere, HABE-k Eusko Jaurlaritzako Departamentu ezberdinetatik jasotzen du dirua langileak euskalduntzeko egiten duen lanarengatik. Beraz, Departamentu bakoitzeko aurrekontuak zehazten diren heinean zehaztuko da HABEk 2011ko deialdirako izango duena ere.
Dena den, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak badaki, litekeena dela, beste alor guztietan bezala, euskararen alorrean ere murrizketak etortzea 2011rako. Horregatik euskararen sektorean mugitzen diren eragile guztiei dei egin nahi die, beharrezkoa balitz, solidarioak izateko prest egoteko, badirelako okerrago dauden beste alor batzuk ere, eta errazagoa izango delako elkarren arrimuan aurrera ateratzea. Bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean guztiok egin behar dugu ahal duguna egoerak hobera egin dezan, eta zentzu horretan euskararen munduak ere solidarioa izan behar du.
Hala ere, jendarteko iritziak jakin behar du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak saiatzen jarraituko duela euskararen sustapenera bideratutako aurrekontuetan ahalik eta murrizketarik txikiena egon dadin. Ahalegin honetan, Sailburuordetzak oso argi ikusten du euskaltegi publikoak zein pribatuak ezinbesteko bitartekariak direla euskararen normalizaziorako. 2010ean lortu da HABEko aurrekontuak mantentzea eta norabide berean egingo da esfortzua datorren urteari begira ere. Esfortzu horren erakusle izan da, adibidez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, krisi larria izanik ere, iazko aurrekontuari eustea lortu duela eta euskara sustatzera 12.690.000 euroko diru-laguntza bideratu duela.
|