![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Herri-administrazioa / 2010-06-03 / 08:45
Moldatu egingo du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruz 2008an onartu zen Dekretua.
2008ko uztailean onetsi zen Kultura, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailen Dekretua, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoa. Dekretu horrek Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruz 2003an emandako Legea garatu zuen; bertan zehaztuta zeuden jendeari zuzendutako enpresek, erakundeek eta establezimenduek kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin dituzten harremanetan zer-nolako hizkuntza-betebeharrak errespetatu behar dituzten, eta zein abiadatan egin behar duten aurrera hizkuntza-eskubideetan, alegia, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek ondasunei eta zerbitzuei buruz informazioa euskeraz nahiz gazteleraz jasotzeko eskubidean, eta bakoitzari berak darabilen hizkuntza ofizialetako batean nahiz bestean atenditzeko eskubidean. Era berean, Dekretu horretan ezartzen denez, bertan ezarritakoa bete ezean, zehapena jarriko da aipatutako Legearen 50.6 artikuluan adierazitakoaren arabera.
Gobernu honek adierazi zuen lege aldetik bitarteko egokiak jarri nahi zituela kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko Dekretu horretan jasotako zehapen eta isun arlo horrek eraginik izan ez zezan jendeari zuzendutako enpresa, erakunde eta establezimenduetan.
Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak, Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kultura Sailaren bitartez, lan handia egin du legez irtenbiderik egokiena eta eragingarriena zein den erabakitzen, zehapen horien aplikazioa geroratuta gera dadin, errealitate soziolinguistikoak horretarako abagunea eman arte. Horrenbestez, laster moldatuko da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruz 2008an onartutako Dekretua.
Gobernu hau euskararen erabilera gizarteko esparru guztietan sustatzen eta laguntzen duten neurri guztien alde izan da beti, eta halaxe da orain ere, baina, betiere, adostasunaren ikuspegitik begiratuta; atxikimendua lortu nahi dugu, herritarrak euskararengana erakarri, baina komentzimenduaren bidetik, eta, inoiz ere ez, inposaketarenetik.
![]() | Inprimatu |