Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'BBK-Euskaltzaindia Literatura ataria' sortu dute

'BBK-Euskaltzaindia Literatura ataria' sortu dute

2010-03-10 / 09:15 / Euskaltzaindia   INTERNET

Literatuta arloan Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak elkarrekin egin duten lan oparoaren berri emateko sortu dute eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatu daiteke.

BBKk eta Euskaltzaindiak 1958an ekin zioten elkarlanari eta horren fruitu dira kaleratu diren ehun argitalpen baino gehiago. Gaur zabaldu den atari honetan lan horiek zerrendatu, deskribatu eta, zenbait kasutan, bertsio digitalean ere eskaintzen dira.

Ataria Euskaltzaindiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak batzordearen ekimena da eta Akademiaren Informatika, Salmenta eta Katalogazio Zerbitzuen elkarlanaren emaitza. Aurkezpena Jon Artza Argitalpen Salmenta zerbitzuko arduradunak egin zuen atzo (2010-3-10).

BBK-Euskaltzaindia Literatura Ataria-k hiru atal ditu:

  1. Azken berriak
  2. Literatura Terminoen Hiztegiaren bertsio digitala
  3. Sariak

Atzo sariei dagokien atala aurkeztu zen. Hiru azpi-atal ditu horrek:

  • A. BBK-Euskaltzaindia literatura sariak

    Sariketa hauek abian jarri zirenetik mende erdia joan da. Denbora horretan, eboluzio interesgarria bizi izan dute Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak elkarlanean bideratu dituzten modalitate desberdinetako lau literatura sari ezagunek:

    • Txomin Agirre eleberri sariak
    • Felipe Arrese Beitia olerki sariak
    • Toribio Altzaga antzerki sariak
    • Mikel Zarate saio sariak

    Hasierako garaian eleberrigileak eta antzerkigileak bakarrik saritzen baziren ere, 1979tik aurrera olerkigileen eta saiogileen izenak ere hasi ziren azaltzen eta zabaltzen. Saritutakoen artean badira euskal literaturaren historian itzal luzea duten idazleak, hala nola Txillardegi, Txomin Peillen, Joxe Manuel Odriozola, Patxi Ezkiaga edota Xabier Mendiguren Elizegi. Lan saritu guzti hauen zerrenda eta deskribapena eskaintzen da. Hastapenetako zenbait lanen kasuan, bertsio digitala ere bai.

  • B. Azkue sariketak (1975-1990)

    Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1986an sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateekin, eta 1990a arte iraun zuen. Urte haietan ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik. Urte horietan oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikerlarik jaso zuten saria. Atal honetan saritu ziren lanak zerrendatzen dira, oinarrizko datu batzuk emanez.

  • C. Azkue sariketak 1991-2008 (Haur eta Gazteak)

    Atal honetan sarituak izan diren haur eta gazteen idazlan guztiak zerrendatu eta oinarrizko informazioa eskaintzen da. Horretaz gain 1991tik 2008 artean saritutako narrazio eta olerki guztien bertsio digitala eskaintzen da.

2009ko Azkue Literatura Sariak

Bestalde, atzo banatu zituzten, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Akademiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak. Sariak Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman zituzten.

Hauek dira 2009ko saridunak:

  • A mailan, narrazioan: lehen saria: Zoritxarreko sekretua, Mikela Atxoarena; bigarren saria: Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, Maialen Akizu; hirugarren saria: Koaderno txikia, June Ugalde.
  • A mailan olerkian: lehen saria: Nire herria, Maialen Akizu; bigarren saria: Gau beltza, Mikela Atxoarena; hirugarren saria: Maitasun izpiak, Lorea Solana.
  • B mailan, narrazioan: lehen saria: Korapilo bako soka, Nerea Eizagirre; bigarren saria: Euria, Amaia Iturriotz; hirugarren saria: Zure ispiluaren ximurrak, Nerea Eizagirre.
  • B mailan, olerkian: lehen saria: Flora, Leire Arenas; bigarren saria: Txorien jauzi ttikiz, Leire Arenas; hirugarren saria: Musika, Nerea Ibarzabal.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz sortuak dira.

Narrazioa eta olerkia sartzen dira. Adinari begira, bi maila dira: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.

Orotara, aurten 219 lan aurkeztu dira.

Bestalde, urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, beti ere Euskaltzaindiak izendatuta. Aurtengo epaimahaikoak hauek izan dira:

  • A mailan: Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta
  • B mailan: Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Ibon Egaņa

Lan sarituez gain, ondoko lanak argitaratuko dira, epaimahaikoen gomendioz:

  • A mailan, narrazioan: Ur, itsasoaren sortzea, Oriane Aiestaran
  • A mailan, olerkian: Betikoa, Maialen Akizu
  • B mailan, narrazioan: Ipuin bat ordubetean izkribatzeko, Goiuri Unanue.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com