|
Mintzola Fundazioak lehendabiziko lankidetza hitzarmena sinatu zuen atzo (2010-3-4). Zumaian izan zen, hango Udalarekin, eta ahozkotasunaren esparruko proiektu bat garatzeko helburuarekin: hitanoa aztertzea eta sustatzea.
Zumaiako Udalak euskararen ahozkotasuna eta bereziki hitanoa hedatzeko lanetan proiektu berri bat abiatuko du Mintzola Fundazioarekin elkarlanean. Atzo aurkeztu zuten proposamena jendaurrean, eta elkarlanerako akordioa sinatu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Villabonako Udalak, EHU-k eta Kutxak sortu zuten euskararen ahozkotasuna lantzeko Mintzola Fundazioa eta, orain, Zumaiako Udala ere egitasmo honen baitako elkarlanean hasiko da. Iņaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, "Udalak euskararekin duen proiektu garrantzitsua dugu hitanoa sustatzeko egitasmo hau. Izan ere, geure geurea dugun hizkera baten erabilera zabaltzeko eta uste okerrak argitzeko balioko du abian jarriko dugun proiektuak".
Agerraldian azaldu zutenaren arabera, "azken urteotan Zumaian geurea den hizkuntzari lotutako ondarea biltzen eta jasotzen ahalegin handia egin da. Horren lekuko dira, Zumaiako hitanoa jasotzen egindako lana, herriko toponimia jaso eta normalizatzen egindakoa eta Zumaiako hizkera bildu eta digitalizatzen egin dugun azkenekoa". Hitanoaren kontuan, berriz, aspalditxotik jaso izan ditu Udalak herritarren oharrak eta kexak: oker erabiltzen dela, batetik; eta emakumeen artean erabilera galtzen ari zela, bestetik.
Ikastetxeekin lankidetzan
Horri erantzun nahian osatu dute orain proposamena eta herriko ikastetxeekin lankidetzan emango dituzte aurreneko urratsak. "Lanak handi, baliabideak urri, nonbaitetik hasi behar eta ikas prozesuan lau maila aukeratu ditugu lanketarekin hasteko", azaldu zuen Josune Herrarte Udaleko euskara teknikariak. Hala, LH 5. eta 6. mailetan eta DBHko 1. eta 2. mailetarako
unitate didaktikoak landuko dituztela zehaztu zuten. Josune Zabala Mintzolako zuzendariaren arabera, "herriko ikastetxeetako irakasleekin lankidetzan ariko gara eta, ildo beretik, eurekin ere prestakuntza saioak landuko ditugu, lehenengo beraiek jantzi daitezen, gero Zumaiako gaztetxoei erakusteko".
Uxua Sorazuk ere hikaren erabilpen okerrari aipamena egin zion atzo. Zumaiako eskoletako irakasleen izenean hitz egin zuen eta, azaldu zuenaren arabera, aspalditxotik ari dira hitanoaren inguruko "kezka hauei erantzuna" aurkitu nahian: "Proiektu honen baitan, geuk egin beharko dugu lehendabizi hitanora hurbiltzeko saiakera; ondoren, herriko haur eta gaztetxoekin landu eta geurea dugun altxortxo hau berreskuratzeko".
Josune Herrarte Udaleko Euskara teknikariak adierazi zuenez, "ondo dakigu hitanoaren erabilera ez dela ikastetxeen kontua bakarrik, eremu ez formaletakoa baita berez hizkera hori, baina ikastetxeetan "aliatu" onak ditugu, eta hori aprobetxatu beharrean gaude". Hori esanda, gaineratu zuen hemendik aurrera hitanoari prestigioa ematen, familia transmisioan eragiten eta eguneroko bizimoduko beste esparruetan ere lan egiten jarraitzea izango dela erronka.
Hainbat eragileren arteko elkarlana
Iņaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatearen arabera, "ekimenak aspaldiko kezkari erantzuten dio, eta balio erantsia du, helburu berberaren inguruan artikulatzen dituelako hainbat eragile, Udala, ikastetxeak, irakasleak eta azken xedea nola ez, herriko gazteak".
Maria Jesus Aranburu Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak ere parte hartu zuen atzoko ekitaldian eta Mintzola Fundazioko lehendakari gisa hitz egin zuen: "Mintzola Fundazioa bere ibilbidea egiten hasi da Zumaian eta espero dugu hemengo esperientzia eredu izango dela beste herrientzako". Aranbururen esanetan, ahozkotasunean "garrantzia berezia" dauka transmisioak: "Alde horretatik, erakundeetatik lanean jarraitu behar dugun arren, norberaren lanak aparteko garrantzia izango du apustu honetan".
Hemen ekin diote eragileek bideari, baina hau "hasiera baino ez" dela gogorarazi dute: "Bidea luzea izango da eta prest gaude horri ekiteko".
Azpeitia ere bidean
Zumaian abian jarritako proiektuaren ildo beretik, hitanoa ardatz dela, Azpeitiko Udala ere harremanetan hasi da Mintzola Fundazioarekin.
Hain zuzen ere, Azpeitian garatu nahi duten proiektuaren hainbat puntuk Zumaiakoarekin bat egiten dute eta, horrenbestez, Mintzolarekin eta Zumaiako Udalarekin ere lankidetzan arituko da Azpeitiko Udala.
|