|
Josu Barambones Zubiriaren doktore-tesiak ikus-entzunezko euskarazko itzulpengintzaren alorrean dagoen hutsunea bete nahi du.
Lanaren izenburua La traducción audiovisual en ETB-1: Estudio descriptivo de la programación infantil y juvenil (ETB-1eko ikus-entzunezko itzulpengintza: haur- eta gazte-programazioaren azterketa deskribatzailea) da.
ETB-1ena ez den eta 2006an emititu zen produkzioan oinarritzen da doktore-tesi hau eta, batez ere, denbora-tarte horretan euskarara bikoiztutako haur- eta gazte-programazioa aztertzen du. Izan ere, ETB-1ek apustu garbia egiten du ikus-entzunezko genero horren alde.
Itzulitako testuak vs jatorrizkoak
Tesiaren zatirik berritzaileenetakoa da, beharbada, itzulitako eta jatorrizko testuetan erabili diren eredu linguistikoen alderaketa egiten duena. Konparaketa horretatik, Barambonesek ondorioztatu du fonetikoki euskarara bikoiztutako testuek nahiz jatorrizkoek Euskaltzaindiaren arauak erabiltzen dituztela ahozko irakurketarako. Dena den, jatorrizko testuek, zenbaitetan, bestelako ahoskera erabiltzen dute, ahozko hizkuntzatik hurbilagokoa, alegia.
Lexikoari dagokionez, itzulitako testuek hitz zintzoagoak erabiltzen dituztela ikusi du. Aitzitik, oso gutxi erabiltzen dira haur- edo gazte-argotetako adierazpenak. Izan ere, horietako asko gaztelaniatik eratorritako kalkoak dira. Itzulitako testuetan, Barambonesek adierazpen arrunten edo lagunarteko adierazpenen falta nabaritu du. Horrenbestez, jatorrizko testuak esamolde eta esaera gehiago dituela ikusi du eta, horiei guztiei esker, ikus-entzunezko testuak adierazkortasuna areagotu egiten du. Halaber, euskarazko adierazpen berriak sortzen direla nabarmendu du.
Morfologiari dagokionez, berriz, Barambonesek ikusi du itzulitako testuetan adierazpen estilistiko asko erabiltzen direla. Tesi-egilearen esanetan, adierazpen-mota horien erabilerak helburu didaktikoa du, eta ikus-entzunezko testuaren sinesgarritasunaren aurka doa. Bestalde, itzulitako nahiz jatorriko testuek lagunarteko hizkera erabiltzen dute, hala nola, hika forma. Hala ere, hika gehiago erabiltzen dute jatorrizko testuek. Izan ere, pertsonaia gehienek forma neutroa bezala erabiltzen dute. Barambonesen ustez, baliabide hori da euskarak lagunarteko hizkuntzara hurbiltzeko duen tresnarik errazena.
Azkenik, sintaksiari dagokionez ikusi du itzulitako testuek kohesio-maila handiagoa dutela jatorrizko testuek baino. Jatorrizko testuek, dio Barambonesek, ahozko erregistroaren antz handiagoa dute. Hala ere, itzulitako testuek nahiz jatorrizkoek harridura-markak eta interjekzioak erabiltzen dituzte. Izan ere, horiek guztiek narrazioaren intentsitatea mantentzen laguntzen dute, eta ikusleekiko erlazioa errazten.
Ikus-entzunezko itzulpengintza oso garrantzitsua bada ere, euskarazko telebistak lanean daramatzan hogeita bost urte hauetan ez da ikerketarik egin arlo horretan, gezurra dirudien arren. Horregatik, Barambonesen esanean, litekeena da doktore-tesi honen ondorioek ikerketa-lerro berriak irekitzea euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintzaren alorrean. Izan ere, jorratu gabeko ikerketa arloa da, oraindik ere.
Egileari buruz
Josu Barambones Zubiria (Gasteiz, 1963) Ingeles Filologian lizentziatua da. Raquel Merino Álvarez eta Ibon Uribarri Zenekorta izan ditu tesi zuzendari, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio sailekoak biak. Itzulpengintza eta Interpretazioa alorreko irakasle laguntzailea da Barambones.
|