|
Kataluniako, Galiziako, Balear Uharteetako eta Euskadiko gobernuak, hizkuntza-politikaren alorrean sinatutako lankidetza protokoloaren esparruan, Parisen bildu dira Expolangues 2010 erakusketaren karietara. Bileran 2010erako lan-plangintza bat adostu dute, batera egin beharreko jarduketak biltzen dituena, besteak beste eta nabarmenena: Europaren 2020 agenda ekonomikoa lantzeko egitasmoa dela-eta Europar Batzordeak sustatutako kontsultan parte hartzeko borondatea -agendak ekonomiaren alorrean EBk abiatutako jarduketa eta inbertsio ildo estrategikoak finkatuko ditu-.
Izan ere, kontsultagai jarritako dokumentuan) ez zaio inolako aipamenik egiten eleaniztasunari ez eta kultura-aniztasunari ere.
Eleaniztasuna, zalantzarik gabe, desafioa ez ezik batez ere aukera bat da Europa lehiakorrago bat, aberatsago bat eta gizarte aldetik eta lurralde aldetik kohesionatuago bat eraikitzeko. Horregatik, gure gobernuen iritziz ezinbestekoa da Europaren 2010 Agendak toki bat izatea herritarren hizkuntza-trebetasunak sustatzeko jarduketa-ildo estrategiko bat jasotzeko -hartara, baldintza hobeak izango baitituzte lan munduan eta mugikortasunaren alorrean sartzeko-, bai eta enpresetan eleaniztasuna txertatzeko ere, hazkunde eta zabalkunde elementu gisa ere -horrek merkatuak zabaltzea eragiten baitu, eta kontsumitzaileen arteko hurbiltasun-harremana estutu, alegia, negozio-aukerak hobetzea-.
Hori guztia dela eta, lankidetza-hitzarmena sustengatzen duen espirituarekin bat, gure gobernuek erabaki dute batera jardutea Europaren 2020 agenda ekonomikoan eleaniztasuna sustatzeko ildo estrategiko bat txertatzeko lanean eragin handiagoa izateko -bai zuzenean, bai hizkuntza-aniztasuna sustatzeko sare europarretan parte hartuz (NPLD-Network to Promote Linguistic Diversity delakoa, adibidez, zeinean Kataluniako Generalitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Galiziako Xuntak parte hartzen duten, nor bere hizkuntza politikarako unitateen bitartez)-, eta, horrenbestez, honako arrazoibide hau helaraziko diote Europar Batasunari, kontsultarako ekarpen moduan:
"EB 2020 ESTRATEGIA" DELA ETA, KONTSULTAREN ETORKIZUNERAKO EKARPENA
Bertako hiru kontzeptu giltzarriak (jakintzaren hazkundean oinarritutako balioen sorkuntza; pertsonen garrantzia handitzea gizarte integratzaile batean; eta ekonomia lehiakor, konektatu eta berdeago bat sortzea) EBren kultura eta ekonomia dimentsioetan islatu behar dira.
Hizkuntzen aniztasuna hainbat politika-moldetan txertatzea lagungarria izan daiteke EBren estrategiak modu ezberdinetan berritzeko: benetako garapen iraunkorretan hizkuntzen garrantzia gero eta handiagoa da, zutabe ekonomiko eta sozialetan duten izaera transbertsala dela medio. Hizkuntza-aniztasunaren garrantzia aitortzean, azpimarratu egiten da "batasuna eta aniztasuna" leloaren muina -EBren goiburua-; hau da, aldeak alde, partekatzen dugun gizatasuna. Gizarte-kohesioa indartu egiten da, eta gobernantza demokratikorako era berriak bultzatzen dira.
Eleaniztasuna Europako Batasunaren funtsezko balioa da, oinarri-oinarriko printzipioa batasunari, aniztasunari, eraginkortasunari begira; aukera gehiago eta hobeak dakartza, bai eta lana aurkitzeko, zerbitzuak erabiltzeko eta herritarren eskubideak erabiltzeko erraztasunak eman ere, eta elkartasunaren alde egiten du kulturarteko elkarrizketaren eta gizarte-kohesioaren bitartez.
Gero eta txosten gehiagok ondorioztatzen dutenez -Europar Batzordearen Atzerriko Hizkuntzen Ezagutzaren Gabeziari buruzko Europako Ekonomia txostena edo UNESCOren Kultura Aniztasunaren eta Kulturarteko Elkarrizketaren gaineko Inbertsioa txostena-, hizkuntzak nahitaezkoak dira Europan beharrezkoa den lehiakortasun-hobekuntza sustatzeko, hizkuntzek ekonomiaren sektore guztiei eragiten baitiete, hasi marketin eta publizitatetik eta finantzaketa eta enpresen kudeaketara arte. Hizkuntzak jakitea negozioa da, aukerak eta mugikortasuna; hiru elementu horiek funtsezkoak dira hazkundea eta lan-aukerak areagotzeko.
Europan hizkuntzak sustatzeko lana egin behar da, alde batera utzita zein den haien hedadura, ahulezia eta iritzi politikoak, hizkuntza-komunitate guztiek berdintasunez parte hartu behar baitute Europaren eraikuntzan. Lisboako Itun berriak EBren izaera kulturala zehazten du. Horrenbestez, hizkuntzek beren lekua izan behar dute EB2020 Agendan, benetan Europa indartsuago eta lehiakorrago nahi badugu.
|