Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina jarri du abian UEMAk

Imanol Haro - UEMA / Herri-administrazioa / 2010-02-04 / 08:45


UEMAk Guk abizena, zuk? kanpaina jarri du martxan, euskal abizenak modu ofizialean eta toki guztietan euskaraz izan nahi dituztenentzat. Hartara, Arteche, Aguirre, Aurrecoechea, Echenique edo Echeverria aldatu eta Artetxe, Agirre, Aurrekoetxea, Etxenike edo Etxeberria bihurtzeko aukera izango dute interesatuek.



Izan ere, udalerrietako telefono listina hartu besterik ez dago ikusteko zenbat eta zenbat euskal abizen dauden oraindik gaztelaniazko grafiarekin: ch, c, qu eta gui ugari dago oraindik, beste garai baten arrasto baten moduan.

Iņaki Iturain UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kideak Karkara Orioko herri aldizkarian adierazi duenez, "tigrea azeri baten larruan ez da normala, eta hizkuntza bateko abizenak beste hizkuntza batean idaztea ere ez, hizkuntza ekologia hutsagatik". Ekimenaren helburua normalizazioa besterik ez dela gaineratu du Iturainek: "Xexpir edo Zerbantes ez zaizkit batere gustatzen. Shakespeare idazten dute ingelesek eta espainolek Cervantes, nor gara gu horiek berridazten hasteko? Cucuarri ere itsusia iruditzen zait. Baina hitz hori bezain itsusi zaizkit Aguirre edo Echeverria; euskal abizenak baldin badira, zergatik ez euskaraz idatzi: Agirre eta Etxeberria? Ingelesak eta espainolak baino gutxiago ote gara, ba?".

UEMAko herrietako etxe guztietara helarazi dute abizenak euskalduntzeko kanpaina; izan ere, neguko UEMAren Berripaperean tarte bat eskaini diote kanpainari, eta herritarrek beren postontzian jasotzen dute Berripapera. Horrez gain, herrietako toki esanguratsuetan (udaletxeetan, kultur etxeetan, liburutegietan...) postalak jarri dituzte abizenak euskalduntzeko jarraibideekin.

UEMAk jakinarazi nahi du, Hego Euskal Herriari dagokionez, UEMAtik kanpoko herrietan ere gauza bera egin behar dela abizenak euskal grafiara moldatzeko, eta dei egiten die euskaldun guztiei bere izanarekin koherente izan eta abizenak euskaratzeko.

Abizena euskaratzeko hiru pausoak

Abizena euskal grafiara moldatu nahi dutenek hiru pauso hauek eman behar dituzte:

  1. Erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula.
  2. Han emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
  3. Agiri hauek eraman:


(IMANOL HARO UEMAren hizkuntz normalizatzailea da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1265269674