Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  HPS "aholkularitza eta kolaborazioa" eskaintzeko prest takografoaren kasuan

HPS "aholkularitza eta kolaborazioa" eskaintzeko prest takografoaren kasuan

2010-02-03 / 10:20 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Takografoaren diskoan data euskaraz jarrita izatearen ondorioz Guardia Zibilaren isuna jaso duen kamiolariaren kasuak zeresana ematen jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazpena plazaratu du horren harira, bere "aholkularitza eta kolaborazioa" eskaintzeko prest dela azalduz.

Jaengo (Andaluzia, Espainia) Guardia Zibilak isuna jarri zion Arabako garraiolari bati, 2009ko irailean, kamioiko takografoaren diskoan data euskaraz jarrita edukitzeagatik. 4.601 euroko isuna ezarri zioten Guardia Zibilek, "erregistroaren orria faltsutzea" leporatuta. Guardia Zibilaren salaketaren arabera, "aparatuaren diskoan ageri den datak ez du gaurko datarekin bat egiten, gaurkoa 15-09-09 baita, eta 09-09-15 jarrita dago diskoan. Beste disko batzuetan ere arazo bera gertatzen da, eta horrek polizia agentea nahasarazi du, ikuskatzea oztopatuz".

Kamiolariak helegitea aurkeztu zuen, data idazteko orduan bere hizkuntza erabili zuela eta, euskaraz, gainerako beste hizkuntza batzuetan bezala (ingelesa, esaterako) datak ez direla gaztelaniaz bezala idazten azalduz. Andaluziako Juntak, ordea, isuna berretsi egin du, eta garraiolarien HIRU sindikatuak -isuna jaso zuen kamiolaria sindikatuko kide da- kasua plazaratu du, bidegabekeria salatuz.

HPS, kexuaren zain

Takografoaren kasua dela eta, HPS-k adierazpena plazaratu zuen atzo (2010-2-2). Honela dio, hitzez hitz, adierazpenak:

"Kamiliolari bati takografoaren diskoan datak euskaraz eramategatik jarri dioten isuna dela-eta hedabideetan agertutako informazioaren inguruan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak interesa erakutsi du kasuan, eta harremanetan jarri da HIRU sindikatuarekin (kamiolaria bertako kidea da), bere aholkularitza eta kolaborazioa eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzak 2008an abian jarritako Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren bitartez.

Elebide zerbitzuak ezin du bere kabuz, ofizioz, jardun. Beraz, zain gaude, sindikatuak edo kamiolariak berak zer erantzungo, bidezko iritzitako salaketa edo kexua izapidetzeko".


Inprimatu


Erantzun

 
Zerga bilketa berria?
2010-02-03 / 17:41 / Xabier Galarreta

Guardia Zibilak halako isun bat jartzeak ez nau harritu, azken finean erakunde horren tradizio demokratikorik eza aski ezaguna baita. Eta Andaluziako Juntak isuna berresteak harritu-harritu... ez dut esango gehiegi harritu nauenik; hala ere, demokrazian sortutako erakundea izanik, erakunde horretatik beste jarrera bat espero zitekeen, agian... Baina ez, noski. Badirudi musulman erradikalek Al’Ándalus berriro harrapatu dutela eta azken mendeetan zergarik kobratu gabe galdutakoa azkar-azkar berreskuratu nahian dabiltzala, gainkargu eta guzti...

Antza denez, 15-9-9 edo 9-9-15 idatzita ikusteak azpikoz gora jartzen ditu andaluziar agintarien burmuin delikatuak. Orain ulertzen dut Andaluziako herritarren erdiak zer dela-eta dauden langabezian. Ea bururatu zaien euren diru-arazoak euskaldun gizarajoen kontura konpontzea...? Agian, denbora osoa gitarra jotzen aritu beharrean, gogorrago lan egiten ariko balira... Eta “gogorrago” ez ezik, baita zintzoago ere, zeren ondraduki irabazten ez den dirua ez baitakarkio inori aberastasunik (arima ustelei izan ezik).

Benemeritoek (Andaluziako Juntako Jakintsuen lankidetzarekin) zerrenda bat prestatu beharko lukete, inor ezustean ez harrapatzeko. Esaterako, “Gipuzkoa” “Guipúzcoa”ren ordez idatziz gero, 3.578 euro; “Euskadi” hitza “País Vasco” hitzaren ordez, 4.836 euro; eta abar, eta abar. Jakina, izen-abizenekin ere beste horrenbeste (“hau da hau pagotxa!” esango dute Andaluziako Juntako ekonomialariek). Gainera, ñabardurak ere sar daitezke; adibidez, faltsututako abizena zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta isun potoloagoa: García/Gartzia Zabalainchaurrieta/Zabalaintxaurrieta baino merkeago aterako litzateke, hortaz... Tira, hobe dugu ideiarik ez ematea; bestela, Andaluziako Juntako enfant terribleak baliteke ideiok krisialditik ateratzeko neurrien barruan sartzeko gauza izatea.

Atzo lagun batek zera esan zidan: “Hondartzako txiringitoen ordez, uste dut badakidala Andaluziako Juntak zer negozio pentsatu duen abian jartzea”.

Tira ba, ez dakit Patxi Lópezek Chavesekin elkartzeko asmorik ba ote duen, baina Al’Ándalusen oina jarri bezain laster hobe du kontuz ibiltzea: kontrol batean geldiarazten badute eta “Patxi” izena darabilela jakitera iritsiko balira, garestitxo atera lekioke halako ausarkeria. Irudika ditzaket pikoloen elkarrizketak: “Ufa, zeinen nahasgarria den zure izena. Nire lana oztopatu duzu. Tori, alproja, ikas dezazun: 5.622 euroko isuna”.

Agian bihar esango digute Kamera Ezkutuaren txantxa bat izan dela. Eta orduan agian denok egingo dugu barre… Baina, bien bitartean, Sierra Morenatik igaro behar duten euskaldunek hobe dute dokumentazio guztia “behar bezala” eramatea.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com