Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu

2010-02-03 / 08:40 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Urtarrilaren 29an, Euskaltzaindiak Donostian egindako osoko batzarrean, ohorezko euskaltzain berriak izendatu zituen. Orotara, 11 ohorezko berri izendatu zituen.

Jakina denez, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, bere arautegiaren arabera, hain zuzen ere euskarari egindako mesede bikainengatik. Ohorezko euskaltzainen azken izendapena 2004an egin zen. Gaur egun, 33 ohorezko euskaltzain dira.

Hauek dira ohorezko euskaltzain berriak:



  • Pakita Arregi
  • Gorka Aulestia
  • Joxe Azurmendi
  • Luis Baraiazarra
  • Erramun Baxok
  • Martzel Etchehandy
  • Ana Etxaide
  • Joshua Fishman
  • Jose Angel Irigarai
  • Joxemari Iriondo
  • Xabier Lete.

Pakita Arregi

Areson (Nafarroa) jaioa. Hezkuntzaren Soziologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Soziologia eta Politika Zientzietan Doktorea, Deustuko Unibertsitatean. Euskara irakasle aritu zen 60ko hamarkadan Joannes Etcheberry Andereño Eskolan, ikastegiaren zuzendari ere izan zelarik bederatzi urtez. Bertoko ikasleentzako euskarako lehenengo gaitasun-proben antolaketa berak egin zuen, Euskaltzaindiak babestuta (1968-1970). Ikastoletan lanean ari ziren eta Irakasleen Eskolan sartzeko titulua behar zuten Andereñoentzako Batxilergoko Ikastaroen antolaketa, 1968-1970.

Irakaskuntzan ez ezik, ikerketan ere ibili da, eta lan ugari argitaratu ditu lanaren eta hezkuntzaren soziologia eta euskararen alfabetatze arloetan.

Argitaratutako lan batzuk:

  • Irakaskuntzaren kalitateaz
  • Euskera en niños de diversos entornos escolares y familiares
  • El aula: materiales para el estudio de la comunicación
  • Sociología de la Educación
  • Ciudadanía y Educación: aportaciones para la práctica civil
  • Formación continua e innovación en las medianas y pequeñas empresas de Guipúzcoa en el marco de la globalidad y el aprendizaje permanente
  • Normalización Lingüística y Cultura en la Escuela
  • Sociología de la Educación en España

Gorka Aulestia

Ondarroan (Bizkaia) jaioa. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasketak burutu zituen. Literatura frantsesean eta espainiar Literaturan lizentziatua. Kongoko Errepublikan irakasle izana, bai eta Estatu Batuetan ere. Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateetan literatura eskolak eman zituen, jubilatu zen arte.

Argitaratutako lan batzuk:

  • Basque English Dictionary
  • English-Basque Dictionary (Linda Whiterekin batera)
  • Bertsolarismo
  • Erbesteko euskal Literaturaren Antologia
  • Improvisational Poetry from the Basque Country (University of Nevada Press)
  • Escritores Vascos
  • The Basque Poetic Tradition
  • Los Escritores. Hitos de la Literatura Clásica Euskérica
  • Estigmatizados por la Guerra

Joxe Azurmendi

Zegaman (Gipuzkoa) jaioa. Idazle eta filosofoa. EHUko Filosofia Fakultateko Filosofia Moderno katedraduna. Jakin aldizkariaren bultzatzaileetarikoa izan zen, bere zuzendaria ere izan zelarik, 1961etik 1963ra. Euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileenetarikoa da.

Bere liburu batzuk:

  • Hitz berdeak (poesia)
  • Hizkuntza eta talde-nortasuna
  • Euskal Herria krisian
  • Espainolak eta euskaldunak
  • Ernazimentuko hizkuntz ideologiak
  • Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua
  • Volksgeist-Herri Gogoa
  • Espainiaren arimaz
  • Azken egunak Gandiagarekin

Olerti, Anaitasuna, Egan, Anaitasuna, Larrun, Argia, Egunkaria, Ostiela! eta Egin aldizkari eta egunkarietan argitaratu ditu bere artikuluak, besteak beste. 1969an Hitz berdeak poema liburua argitaratu zuen. Horrez gainera Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemekin euskal poesiaren berrikuntzarako urrats handiak eman zituen. Manifestu atzeratua Hitz berdeak liburuaren parte bat zen, baina zentsurak debekatu zuen eta kendu behar izan zuten liburutik. Gero, Olerti aldizkarian plazaratu zen.

Luis Baraiazarra

Meñakan (Bizkaia) jaioa. Filosofia eta Teologian lizentziatua, baita Euskal Filologian ere. Karmel aldizkariaren idazle eta zuzentzaile. Lexikologia arloan egin du lan handiena. 1988an irakaskuntza utzi eta "Bostak Bat" lantaldean hiztegigintzari eman zion dedikazio osoa. 17 urte eman zituen lanean Adorez hiztegi sorta egiteko, "Bostak bat" taldearen barruan. Itzulpen asko egin ditu, eta bertsolaritzarekin ere harreman estua izan du; izan ere, hamar bat urtez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkaria izan zen. Augustin Zubikarai eta Lino Akesoloren biografiak idatzi ditu.

Bere lan batzuk:

  • Teresa Lisieuxkoa: Eskuizkribu Autobiografikoak
  • Teresa Lisieux-koa: idazlan guztiak
  • Santi Onaindia
  • Jon Lopategi, bertsozko mezularia
  • Frai Bartolome Santa Teresa, idazlan guztiak (Julen Urkizarekin)
  • Nire umetako Meñaka
  • Alejandro Larrakoetxea, "Hipolito Larrakoetxea" (J. Urkizarekin)
  • Nire sasoiko Markina-Xemein

Erramun Baxok

Suhuskunen (Nafarroa Beherea) jaioa. Filosofian doktorea. 1968an Quebec-era joan zen eta hango soziolinguistekin harremanetan sartu zen: William Mackey, Richard Bourhis... Hogei urte eman zituen Quebecen, Filosofia irakasle. Ipar Euskal Herriko mugimendu euskaltzalean (Euskaltzaleen Biltzarrean, Euskal Kultur Erakundean...) parte-hartzailea. Ipar Euskal Herrian egin diren inkesta soziolinguistiko gehienetan esku sartu du. Euskal Kultur Erakundeko buru izana. Bat soziolinguistika aldizkarian, Euskera, International Journal of the Sociology of Language, Jakin edota Jazten aldizkarietan argitaratu ditu bere artikulu zientifikoak.

Bere lan batzuk, horietako batzuk elkarlanean:

  • Hizkuntza geografia artikulua (Hizkuntzalaritza hiztegia)
  • Existentzialismoak; Emmanuel Mounier artikulua
  • Euskaraz bizi euskara ikasteko ikus-entzunezko metodoa (1. edizioa), 6 liburuxka (4 salgai), 6 bideokasete
  • Soziolinguistikazko inkestaren irakaspen batzuk
  • L'enseignement de la langue basque
  • Langues et cultures régionales de France - État des lieux, enseignement, politiques
  • Reversing language shift: The case of Basque in Joshua A. Fishman
  • Can threatened languages be saved? Reversing language shift, revisited: A 21st century perspective
  • Eremu urriko hizkuntzak Europa Batuan
  • Euskaltzaindiaren eragina Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politika proiektuan

Martzel Etchehandy

Eiheralarren (Nafarroa Beherea) jaioa. Teologian eta Biblioteka Zientzian lizentziatua. Belokeko abadiaren liburuzaina da. Baionako Lauburu elkartean 30 urte inguru eman ditu hilarriak bilatzen, sailkatzen eta arakatzen. Elizen Arteko Bibliaren itzultzailea da.

Bere lan batzuk:

  • Bibliaren itzulpena (Hasera, Jalgitza eta Lebitikoa, Jondoni Paulo, Beste Gutunak eta Apokalipsia)
  • Testamendu Berria (egokipena)
  • Biblia osoa (egokipena)
  • Ibaiak eta haranak (elkarlanean)
  • Les STÈLES discoïdales et l´art funéraire basque: hil harriak (Jon Etcheverry-Ainchart, Michel Duvert eta Claude Labatekin batera).

Ana Etxaide

Donostian (Gipuzkoa) jaioa. Hizkuntzalaritza Orokorraren katedraduna. Nafarroako Unibertsitatean irakasle izan zen erretiroa hartu arte. Bertan, Espainiar Hizkuntza, Linguistika Orokorra eta Euskal Hizkuntza irakasten zituen. Halaber, Linguistika Orokorra Sailaren eta Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren zuzendaria izan zen. Unibertsitateko Bibliotekari Orokorra ere izan zen. 2002an katedratiko emeritu izendatu zuten. 2009an Jakiunderen kide izendatua izan zen.

Argitalpen batzuk:

  • Castellano y vasco en el habla de Orio (Guipúzcoa)
  • El género del sustantivo en español: Evolución y estructura
  • La coordinación adversativa en español: Aspecto sincrónico
  • Erizkizundi Irukoitza
  • El euskera en Navarra. Encuestas lingüísticas (1965-67)
  • Euskal Hizkuntza eta Cultura Katedraren ibilbidea. Recorrido Histórico de la Cátedra de Lengua y Cultura Vasca

Jon Etxaide idazlea neba zuen. Bion aita, Inazio Etxaide, euskaltzainburua izan zen, 1952tik 1962ra.

Joshua Fishman

Filadelfian (Estatu Batuak) jaioa. New Yorkeko Yeshiva Unibertsitateko ikerketarako katedradun emeritoa da. Euskal Herrian batez ere hizkuntza-soziologiaren aitaponteko gisa ezagun bada ere, jakituria-eremu zabalagoak landu ditu. Bere ikergaien artean honako hauek aipa litezke, hain zuzen: hizkuntza eta etnizitatea, hizkuntza-plangintza, yiddish hizkuntza, hezkuntza elebiduna eta antropologia medikoa.

Idazle eta irakasle emankorra da oso, bai bakarkako lanean eta bai berak bultzatutako lantalde ugarietan: ekoizpen nabarmenen artean, aipa dezagun berak sortutako International Journal of the Sociology of Language aldizkaria, jadanik 35 urte dituena (berau delarik hasieratik arduradun), eta, egile edo bildumagile gisa argitara eman dituen dozenaka libururen artean, honako hauek:

  • Language Loyalty in the United States (1966)
  • Bilingualism in the Barrio (1968)
  • Language & Nationalism: two integrative essays (1972)
  • The Rise and Fall of the Ethnic Revival (1985)
  • Reversing Language Shift: Theory and Practice of Assistance to Threatened Languages (1991)
  • In Praise of the Beloved Language; The Content of Positive Ethnolinguistic Consciousness (1997)
  • DO NOT Leave Your Language Alone: The Hidden Status Agendas Within Corpus Planning in Language Policy (2006).

Hainbat hiztun-elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu du mundu osoan. Hizkuntza horietako bat euskara izan da: horrela, Euskal Herriarekin hainbat harreman izan ditu, lehen bisitak 1980ko hamarkadan eginez. Ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu gurean: Hizkuntza-plangintzazko jardunaldian, Euskal Mundu Biltzarrean, Euskal Eskola Publikoaren lehen kongresuan... Eta euskararen egoerak isla izan du bere hainbat liburutan, bereziki arestian aipatutako Reversing Language Shift... liburuan, non frisierari eta euskarari kapitulu osoa eskainia dien.

Jose Angel Irigarai

Iruñean (Nafarroa) jaioa. Aitatxi, Fermin, euskal letretan Larreko izenez ezagutua. Aita ere, Aingeru, euskararen ingurukoan hainbat urtez jardundakoa eta hainbat artikulu eta libururen egile, euskaltzain osoa izan zen. 60ko hamarkadaren erdi aldera, Ez Dok Amairu taldeko hasieratiko partaide izan zen. Bertan bide aitzindari oparoa jorratu zen kantagintzan, beste zenbait arte eta kulturgintzarekin trabatua (antzerkia, dantza, literatura, arte plastikoa...). Garai horietan Herri Gogoa argitaletxearen fundatzaileetarikoa izan zen.

70ko hamarkadan, hainbat urtez Nafarroako ikastolen sorreraren mugimenduan ibili zen, herriz herri ikastolen aldeko dinamika sustatuz. Aranzadi Zientzia eta Eusko Ikaskuntza elkarteetako idazkaria izan zen. 1995ean Bilboko Kafe Antzokiaren sorreran parte hartu zuen eta ondoko 9 urtez bertako kultur sailaz arduratu zen. 1996an Jorge Oteiza artistak Nafarroan kokatuko zen bere Fundazioaren patronatukide izendatu zuen. Azken urteetan, Iruñeko Pamiela agitaletxeko edizio lanetan dabil.

Sorkuntzari dagokionez, literatura da bere eremu nagusia: saiakera, narrazioa eta bereziki poesia. Bere zenbait poema kantu bilakatu dira: Orreagako gatazka, Bizkaia maite, Urak dakarrena, Eman bizitzeari, Bidean, Zeharbidetan...

Joxemari Iriondo

Urrestillan (Azpeitia - Gipuzkoa) jaioa. 1961ean, Loiolako Herri Irratian sartu zen eta laster euskarazko irratsaioak antolatzen hasi zen. Bertsolaritza arloan lan handia egindakoa da. Euskal kantagintza ere lan-eremu izan du, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuen eta grabazio ugari egin zituen irratian.

RTVE-ko euskarazko lehenengo telesaioa gidatu zuen, Euskalerria. 1983tik erretiroa hartu bitartean, ETB-n aritu zen, ardura handiko hainbat zereginetan. 1985ean, ETBko zuzendari eta programazioaren buru izendatu eta 1988an Eusko Irratia S.A. eta Radio Vitoria S.A.ko zuzendari eta koordinatzaile nagusi izendatua izan zen, eta Radio Euskadiko (Bilbo) zuzendari, aldi berean. 1990 - 1997 urteetan EITBko euskara eta hizkuntza zuzentzaileen arduraduna izan zen.

Kazetari-lan ugari argitara eman du Zeruko Argian, Olatzen, Deian nagusiki. Horretaz gain, azpimarratzekoak dira Antonio Zavala zenak sorturiko Auspoa argitaletxearen eskutik ateratako bertsolaritza-lanak. Gaur egunean ere, Auspoa sailean ari da buru-bihotz.

Xabier Lete

Oiartzunen (Gipuzkoa) jaioa. Idazle, poeta eta kantaria. Ez dok Amairu taldea sortu zuenetariko bat da Xabier Lete. 1975etik 1978ra Antton Valverderekin kantatzen aritu zen, eta bertso zaharren bertsio berriekin bi disko atera zituzten, Lizardiren poesiei eta Txirritaren bertsoei eskainiak. Antzerkia ere jorratu zuen, eta euskal teatro modernoaren oinarriak finkatzeko asmoak bultzaturik, Eugenio Arozenarekin kolaboratu zuen. Kolaborazio horretatik sorturiko obrak Oiartzungo Intxitxu antzerki taldeak antzeztu zituen.

Besteak beste, poema liburu hauek idatzi ditu:

  • Egunetik egunera orduen gurpillean
  • Bigarren poema liburua
  • Urrats desbideratuak
  • Biziaren ikurrak
  • Zentzu antzaldatuen poemategia
  • Abestitzak eta poema kantatuak
  • Egunsentiaren esku izoztuak

Diskoen artean, hauek:

  • Errota zahar maitea
  • Nafarroa arragoa
  • Kantatzera noazu
  • Lore bat, zauri bat
  • Eskeintza
  • Hurbil iragana

Hainbat abeslarik musikatu eta kantatu izan dituzte Leteren olerkiak eta kantak, horien artean Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Imanol Larzabal edota Benito Lertxundi daudelarik.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com