Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Literatura Terminoen Hiztegia sarean

Euskaltzaindia / Internet / 2010-02-01 / 08:30


Hiztegiaren 648 terminoak banan-banan irakurri eta sarrera nagusien gaineko bilaketak egiteko modua eskaintzen da Euskaltzaindiaren webgunean.



Literatura Terminoen Hiztegiaren bertsio elektronikoa aurkeztu du Akademiak. Hemendik aurrera, hortaz, hiztegi hori Akademiaren webgunean kontsulta daiteke.

Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker sailburuak azaldu duenez, Euskaltzaindiak Literatura Terminoen Hiztegiaren paperezko bertsioa argitaratu zuen 2008ko ekainean. Orain, Euskaltzaindiaren Informazio eta Komunikazioen Teknologien batzordearen ekimenez, hiztegiaren edukiak datu-baseratu eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatzeko moduko aplikazio informatikoa sortu du Euskaltzaindiaren Informatika eta Telekomunikazio zerbitzuak.

Aplikazio honek, hiztegiaren 648 terminoak banan-banan irakurri eta sarrera nagusien gaineko bilaketak egiteko modua eskaintzen dio erabiltzaileari. Erdarazko ordainak eta terminoen arteko estekak ere eskaintzen ditu sistemak.

Literatura Terminoen Hiztegia Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak egin zuen, eta BBK-ren laguntzaz argitaratu zen. Hiztegiaren xede nagusia honako hauxe da: Literaturaren teoria, historia eta kritikaren berri emateko euskaraz garatu den lexikoa agertzea, finkatzea eta azalpen testuetan erabiltzea. Bestalde, beste edozein literatura terminoen hiztegiren edukia euskaraz emateaz gain, euskal literaturari atxikiriko azalpenak, adibideak eta ereduak eskaintzen ditu.

Ahalegin berezia egin da literaturari buruzko ikaskuntzen garapenaren berri eguneratua emateko, hala nazioarte mailakoa, nola euskal esparrukoa.


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1264764517