Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Arlo juridikoan euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena

Arlo juridikoan euskararen erabilera bultzatzeko hitzarmena

2010-01-28 / 08:45 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Zuzenbidearen Euskal Akademiarekin (ZEA) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (HAEE-IVAP) hitzarmen bat sinatzea onartu du, arlo juridikoan euskararen erabilera normalizatzea lortzeko helburuarekin.

Lankidetzarekin bi helburu lortu nahi dituzte: komunikazioaren teknologien bidez zuzenbide orokorra eta bereziki euskal zuzenbide zibil eta autonomikoa euskaraz eta gaztelaniaz jendarteratzen laguntzea, eta zuzenbidearen munduan euskararen erabilera normalizatzen laguntzea.

Forulege.com indartzea

Lehenengo helburua lortzeko, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak eta HAEEk "bultzada handia" eman nahi diote ZEAk orain dela gutxi abian jarri duen www.forulege.com webguneari, zainduta eta eguneratuta egon dadin. Euskal zuzenbide zibilari buruzko datu-basea da webgunea, eta erabiltzaileen esku jartzen ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoen legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarriak izan daitezkeen formularioak.

Jaurlaritzaren arabera, webgune hori "oso tresna baliagarria" da euskal foru zuzenbidearen munduan euskararen erabilera sendotzeko, eta bultzada emango dio.

Webgune berria eta hiztegia

ZEAk, gainera, bere esperientzia eta jakituria eskainiko ditu informazio juridikoari buruzko euskarazko wegbune berri bat sortzeko. Webgune horren izena iusplaza.com izango da, eta zuzenbidearen arloko profesionalek eta oro har herritarrek formularioak eta ereduak azkar aurkituko dituzte bertan, edonolako agiri administratibo eta judizialak euskaraz egin ahal izateko. Zuzenean edo Justizia Sailaren eta HAEEaren orrietako esteken bidez sartu ahal izango da webgunera.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan hizkera juridikoaren batasuna lortzeko, gaiari dagozkion oinarrizko kontzeptuen hiztegi juridiko bete-betea egingo du ZEAk euskaraz eta gaztelaniaz. Zuzenbidearen Euskal Hiztegia/Diccionario Vasco de Derecho hiztegiak 500 bat sarrera izango ditu, eta HAEEak bidaliko dio ZEAri terminoen eta unitate lexikoen zerrenda adostua, hura baita hizkera juridiko-administratiboa finkatzeko eskumena duen organoa.

Hiztegia egiteko, hitzarmenaren sustatzaileek "lankidetzarik ahalik eta handiena bilatuko" dute euskararen arloan lan egiten duten erakundeekin, eta batez ere Euskaltzaindiarekin.

Adierazitako proiektu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrekontuekin finantzatuko dira; 2010ean, hain zuzen ere, 30.500 euro bideratuko dituzte lan horietara.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com