Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Euskaraz' atari berria

'Euskaraz' atari berria

2010-01-12 / 08:35 / Natxo Velez Gordobil eta Asier Larrinaga Larrazabal   INTERNET

Euskararen Nazioarteko Egunean eitb.com webguneak Euskaraz ataria jarri du abian, euskararekin lotutako eduki interesgarriekin. Atari berriaren barruan, besteak beste, HIKEA aplikazioa kokatu da. HIKEA, EITB Taldearen hizkuntza-ezagutza kudeatzeko aplikazioa da, eta hemendik aurrera edonork kontsulta dezake eitb.com-i esker.

Hilabetez probak egiten jardun ondoren, Euskaraz ataria guztiz erabilgarri dago. Orain arte, atariaren sei ataletatik Euskara ikasi -Internet bidezko euskara ikastaro bat eskaintzen duena- izan da bisitatuena, baina euskaldunentzat askoz interesgarriago dira besteak. Albisteak atalean, esate baterako, bilduma gisa eskura daitezke eitb.com webguneko beste atarietan euskarari buruz argitaratzen diren albiste guztiak.

Gehiago atalean pastoralen gunea kokatu da, ETBk 2001etik hona emititu dituen pastoral guztien testuekin. Testuak bertsio bikoitzean datoz, zubereraz eta batuaz, eta pastoral bakoitza aurkezpen labur batekin hornitu da. Horrez gainera, eranskin jakingarri bi jarri dira gunearen eskuinaldean. Lehena txosten bat da, Pastorala egungo ikus-entzunezkoetan, pastoralak zer diren, historian zer eboluzio izan duten, eta egun Euskal Telebistan eta eitb.com webgunean zer leku egin zaien kontatuaz. Bigarrena, Zubereraren ezaugarriak, eskuliburu labur-labur bat da, pastoralen testuak hobeto ulertu nahi dituztenei laguntzeko.

HIKEA aplikazioa Kontsultak atalean dago. HIKEA erabiltzeko argibideak eta aplikazioaren aurkezpena gune horren eskuinaldean jarri dira.

HIKEA (Hizkuntza Kontsultak Egiteko Aplikazioa), esan bezala, EiTBren hizkuntza-ezagutza kudeatzeko aplikazioa da. Lau atal ditu.

  1. Hiztegi bilaketa: hiztegi orokorra, hedabideetan ageri eta erabiltzen diren hitzak, terminologia
  2. Argibideen bilaketa: hedabideetako hizkeraren gramatika, eskuliburu gisa aurkeztuta
  3. Esapideen hiztegia: esaerak, esaldi eginak, lokuzioak
  4. Pastoralen hiztegia: pastoraletan ageri diren hitzak

Era honetako baliabideetara ohituta dauden erabiltzaileek ez dute inolako arazorik izango HIKEAn kontsultak egiteko. Horregatik, interesgarriago deritzogu edukiaren gaineko azalpen labur batzuk emateari.

Hiztegi-bilaketako datu-basean 25.000 fitxatik gora daude, hogei gaitan banatuta. Filmen, musika-piezen, margolanen eta abarren izenak Artelanak gaian kontsulta daitezke. Hor aurki daitezke ETBk eta beste batzuek bikoiztu dituzten filmen euskarazko izenburuak. Lagunarteko hitz eta esamoldeak kontsultatu nahi izanez gero, Hizkera kolokiala gaia badago, 1.200 fitxarekin baino gehiagorekin. Euskal Herriko eta mundu osoko hiri, mendi, ibai eta beste leku-izen asko eta asko Geografia gaian daude.

Argibideen bilaketan EITBk 2007an argitaratu zuen Euskarazko albistegietarako esku-liburua kontsulta daiteke oso-osorik. Hiru bide daude horretarako: bilaketa-laukian kontsultatu nahi den hitza jartzea, aurkibide kontzeptualaz baliatzea, edo aurkibide gramatikalera jotzea.


(NATXO VELEZ GORDOBIL, Eitb.com-eko Kanal Tematikoen lan-taldeko kidea; eta ASIER LARRINAGA LARRAZABAL, EITBko Euskara Zerbitzuko burua)


Inprimatu


Erantzun

 
Pastoralen testuetan ezin sartu
2010-01-13 / 16:22 / Xabier Azkue

Interesgarria gune hori. Batez ere pastoralen gaiak piztu dit arreta, eta lagungarria izango zaizkit zubererari buruzko argibideak. Hala ere, ez dut lortu pastoralen testuetan sartzea! Bakoitzaren irudia ikusten da, aurkezpen labur bat ere bai, baina beheko izenburuan klik eginda ez zait testurik agertzen. Bi esploradorerekin saiatu naiz eta bietan berdin. Laguntzerik bai?

 
Konponduta
2010-01-15 / 08:30 / Asier Larrinaga

Arazo informatiko bat izan dugu, baina dagoeneko konponduta dago. Eskerrik asko jakinarazteagatik.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com