Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Sormen Tailerrak, Iruñean euskaraz mintzatzeko guneak

Iñaki Azkona Huércanos / Kultura / 2009-09-24 / 08:40


Bi gune daude Iruñerrian azken urteotan familian, lantokian edo lagun artean euskaldunik ez duen jendeak euskaraz hitz egin ahal izateko: Mintzakidea alde batetik, eta eskualdeko udalek eta zenbait elkartek eskaintzen dituzten euskarazko ikastaroak. Iruñeko Udalak hogeigarren urtez antolatu ditu bereak.



Iruñeko Udalaren Sormen Tailerrak euskaraz egitaraua hogeigarren ediziora iritsi da ikasturte honetan.

Sortu zirenean ikastaro eta tailer eskaintza txikia zegoen oro har, bai euskaraz nola gaztelaniaz ere, eta arrakasta handia izaten zuen programak: 300 parte-hartzaile baino gehiago egon dira zenbait alditan.

Egun, ordea, partaidetza txikiagoa da: 100 pertsona azken edizioan. Badira horretarako arrazoi ezberdinak: lehia handia dago: Udaletako Kultur-etxeak, Civivoxak, Civican, Piszina eta Kirol-elkarteak, beste elkarteek... horiek guztiek eskaintzen dituzte ikastaroak -ia bakarrik gaztelaniaz, egia da-. Aukerak, beraz, handiak dira, etxe ondoan badago seguru aski interesgarria den ikastaroren bat eta baldintza on-onetan normalean. Euskarazkoa toki zehatz batean egoten da (bertara joan behar) eta, tamalez, ez hain baldintza onetan instalazio eta aukerei dagokienez askotan. Gauza nabaria da euskara gelditzen ari dela gero eta zokoratuagoa Iruñerriko (Iruñeko, batez ere) ospedun kultur-gune gehienen eskaintzetan.

Baina ez gaitezen engaina, euskaldun gehienok ere aukeratu beharrean gaudenean, hautaketa egiten dugu erosotasunaren alde (nire etxe ondoan dagoen ikastaro horretara), adiskidetasunaren alde (nire lagunekin nahiago nahiz erdaraz izan), edo leku ospetsuetan egitearen alde (Civican edo Kondestablearenean kasu), euskarazko eskaintzaren alde baino lehenago. Eta seguru aski oso normala da eta gehienok egingo genuke.

Bestelekoa litzateke Iruñean bagenu euskal kultur-gune indartsu bat, non ikastaro hauek eta beste ekitaldi formal zein informal askok izanen luketen lekua. Bada garaia euskararen garapenak behar beharrezkoa duen gune hori serioski plateatzeko!

Edozein moduz ere hemen ditugu Sormen Tailerrak aurten ere eta, esan bezala, hogeigarrenez. Hona hemen aurtengo eskaintzaren lerro nagusiak:

Izen ematea gau (2009-9-24) hasiko da, 18:00etatik 21:00etara, Gaztediaren Etxean (Zangoza Kalea, 30)

Informazio gehiago nahi duenak HEMEN topa dezake.


(IÑAKI AZKONA HUÉRCANOS Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuaren koordinatzailea da)


Inprimatu


Erantzunak


Harrigarria, zinez

Miren Gorritxo Lizaur / 2009-09-29 / 10:44

Besterik ez esateagatik, harrigarria iruditu zait hemen jasotako informazioa, abisua edo dena delakoa. Lehenik, bitxia iruditzen zait euskaldunentzako -soilik euskaldunentzako- diren ikastaroak gaztelaniaz ere iragarriak egotea. Noraino sartu den "elebitasun" progre horren arra! Alabaina, hori ez zen nire mezuaren funtsa edo helburua. Izan ere, artikulu honetan harrigarri bezain kezkagarria iruditu zait euskara teknikari honek transmititzen duen "motibazioa", "entusiasmoa"... Zinez, artikulua irakurri eta zalantza sortu zait ea teknikariaren helburua ote den jendea erakartzea. Izan ere, hor transmititzen duenak jendea motibatzeko baino, jendearen ustezko desmotibazioa elikatzeko besterik ez du balio. Hau da, ikastaroak iragarri eta "gaztelaniazko bere auzoko ikastaroetan" apuntatzeko motibatu (hori bai, bere kontzientziarekin lasai... besteek ere hori egiten dutelako). Harrigarria, zinez.


Arrotxapeako zerga ordaintzaile euskaldun bat

Igor Astibia Teiletxea / 2009-09-28 / 10:52

Benetan bitxiak iruditu zaizkit Iruñeko euskara teknikariaren "arrazoiak" euskarazko ikastaroen partaidetza murriztu dela eta. Garai batean 300 lagun joaten omen ziren eta egun 100 baino ez. Murrizketa izugarria da eta, nire uste apalean, berau azaltzeko ematen dituen "arrazoiak" onartezinak. Murrizketa horren arduradunak euskaldunok garela dio, aukeratu beharrean gaudenean erosotasunaren alde egiten omen dugulako! Hau ere entzun behar genuen bada, eta noren ahotik eta Iruñeko udaleko euskara teknikariaren ahotik.

Gu Arrotxapean bizi gara eta auzoan euskarazko haur eskolarik ez dagoenez Txantreara eraman behar izaten dugu egunero. Erosoena auzoko Haurtzaro eskolara eramatea litzateke, baina ez da eskola euskalduna eta ondorioz egunero autoa hartu eta lanera joan aurretik Txantreara.. Bada ikastaroekin edo bestelako ekitaldiekin ere askotan egiten dugu deserosotasunaren alde, baina ez da justua! Noiz arte jarraitu behar dugu bigarren mailako herritarrak izaten? Zergatik ez da eskaintzen auzoko kultur-gunean, Juslarochan, ikastaro bakar bat ere euskaraz? Zergatik joan behar dut Iruñeko beste puntara ikastaro bat egitera? Zergatik egin behar dugu euskaldunok beti deserosotasunaren alde? Are gehiago, zergatik aukeratu behar dugu Iruñeko euskaldunok 16 ikastaroren artean Iruñeko udalak ehunka antolatzen baditu? Eta, hori gutxi ez eta gainera euskara teknikariaren kargu hartzea jasan behar dugu. Onartezina!


Jendeari interpelatzea, errazago

Jon Etxeberria / 2009-09-30 / 11:37

Aurreko komentarioen haritik, niri zinez kezkagarria iruditzen zaidana hau da: azken bolada honetan hedatzen ari den joera euskararen gaitzak euskaldunoi leporatzeko. Euskara gutxi erabiltzen bada gure errua da, "fideltasun gutxi dugulako"; jendea ikastaroetara joaten ez bada, bere konpromiso eza eta bere erosotasunagatik izanen da... Eta zergatik administrazioak ez dizkigu zerbitzu guztietan euskaraz aritzeko aukera? Zergatik erabiltzaile bezala ez dugu eskubiderik euskaraz atendituak izateko? Edo (aurreko mezuan esaten zen moduan), zergatik ez ditugu ikastaroak, hitzaldiak eta abar euskaraz disfrutatzeko aukera, berdintasunez (nire auzoan, kalitatezko eskaintza batekin eta abar). Nire iritziz, batzuek hau modu kontziente batean bultzatu dute, beraiek kudeatutako instituzioen erantzunkizuna bere gain ez hartzeko. Eta beste batzuk diskurtso hau bere egin dute, errazago eta, bereziki, erosoago baita jendeari interpelatzea, administrazioei interpelatzea baino (hori erradikaltzat hartzen baita).


Arazoa, egiten zaidan eskaintzan

Nagore Larrainzar / 2009-09-30 / 15:59

Nik ez dut neure burua engainatzen. Euskaldun/elebiduna naiz, eta noski hautaketa egiten dut erosotasunaren alde. Arazoa ez dago nik egiten dudan hautaketan, egiten zaidan eskaintzan, baizik.

Bertsolaritza, muxikoak. euskal dantza sozialak... Puf!!! Antza euskaldunok hori ere hautatu beharrean gaude. Ez al da interesgarriagoa erdaldun elebakarrari euskal kulturarekin lotutako ikastaroak eskaintzea? Ez al diegu euskara erakargarri eginarazi behar?

Dirudienez, Iruñeko Udalari ere militantzia erakutsi behar diogula. Nik ez!!! Erakargarri egiten zaidan ikastaroan emango dut izena. Hori bai, udala salatuko dut neuk ere zergak ordaintzen ditudalako eta ez nauelako / gaituelako kontuan hartzen, baina hori besterik ez zitzaidan falta, alegia, Iruñeko Udaleko Kultur teknikariak euskararekiko atxikimendua eskatzea.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1253538161