Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hizkuntza eskubideen urraketen aurrean kezka agertu dio Behatokiak EAEko Arartekoari

Hizkuntza eskubideen urraketen aurrean kezka agertu dio Behatokiak EAEko Arartekoari

2009-07-03 / 08:40 / Saioa Rodriguez - Kontseilua   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Paul Bilbao Behatokiko zuzendaria, urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, EAEko Ararteko Iņigo Lamarcarekin bildu da Gasteizen.

"Behatokiak argitaratzen duen Urteko txostena herritarrek helarazitako bizipenen bidez osatutako hizkuntza eskubideen egoeraren erradiografia erreala dela kontuan harturik, eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek ere kontuan hartu behar dutelakoan gaude", azaldu du Bilbaok.

Bilbaok gogorarazi du 2008an inoizko kexa gehien bideratu zuela Behatokiak. "Hori Euskararen telefonoa zerbitzuaren eraginkortasuna agerian jartzeko datua bada ere, hizkuntza-eskubideen egoerari dagokionez pozteko elementurik ez dagoela islatzen du", adierazi du Behatokiko ordezkariak.

EAEko herritarrek helarazitako kexei dagokienez, kexen zioa 2001 urteko txostenetik hona behin eta berriro errepikatzen direla adierazi dio Bilbaok Lamarcari. "Hizkuntza eskubideen bermerako tempus zehaztu gabeek eragiten duten defentsa-gabeziaren aurrean neurri eraginkorrik ez da hartu; beraz, beste urte batez, antzeko zioak zituzten kexak bideratu behar izan ditugu, eta horien konponbideari begira antzeko erantzunak jaso ditugu".

Behatokiko zuzendariak berretsi du Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioei dagokienez Osakidetzak eta Herrizaingoak beltzune izaten jarraitu dutela 2008an. "Osakidetzako lan-deialdi berrian langile erdaldun elebakarrak kontratatzeko lege-zirrikitua baliatu zuten; beste behin, herritarren hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko. Bestalde, Ertzaintzan euskara normalizatzeko Dekretuak hamar urteko epean hasierako plantillaren % 40 euskalduntzeko aurreikuspena egin bazuen ere, ez da bete".

Kezka

Horren karira, Bilbaok adierazi du Jaurlaritzako Osasun sailburu berriak azken egunotan egindako adierazpenek kezka handia eragin dutela: "Zirrikituak baliatzen dituzte langile elebakarrak kontratatzeko, eta orain 1.200 langile linboan daudela esanez justifikatu nahi dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideak", salatu du. Bilbaok. "Herritar euskaldunok ez ei dugu merezi osasun asistentzia duina", gaineratu du.

Azkenik, Behatokiko zuzendariak jakinarazi du udazkenetik aurrera hizkuntza eskubideen urraketak modu sistematikoagoan helaraziko dizkiola EAEko Arartekoaren bulegoari, Nafarroan egiten duten bezala: "Uste dugu euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak eremu guztietan ikusgarri egin behar direla", ondorioztatu du Bilbaok.


(SAIOA RODRIGUEZ ANDUEZA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com