Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  25.000 atxikimendu eta 30 elkarte .EUS domeinuarentzat

25.000 atxikimendu eta 30 elkarte .EUS domeinuarentzat

2009-07-01 / 08:30 / PuntuEus Elkartea   INTERNET

Interneten .EUS domeinua lortzeko lanean dabilen PuntuEus elkarteak bere ibilbideko lehen urte erdiaren emaitzak azaldu zituen atzo (2009-6-30). 25.000 atxikimendu eta 30 elkarteren babesa lortu ditu elkarteak 2009ko hasieratik gaur arte.

Urtarrilean eman genuen Interneteko Eukararen eta Euskal kulturaren Komunitatearen domeinua izango den .EUS domeinua eskatzeko gure asmoen berri. Orduan, 2008ko apirilean eratu genuen PuntuEus Elkartea aurkeztu genuen. Baina jada bidean aurrera egin dugu eta emandako urratsen berri ematea da gaurko agerraldi honen helburua. Hain zuzen, 11 elkarteren eskutik jaio zen PuntuEus Elkartea, dagoeneko 30 elkartek osatzen dutela adierazi nahi dugu.

Emandako urratsak, .EUS domeinua eskatzeko egin behar dugun ibilbide luze batean kokatzen dira.

Lehen urratsa, .EUS domeinua eskatuko duen subjektua eratzea da. Hor kokatzen da PuntuEus Elkartearen sorreraren funtsa, PuntuEus Elkartea izango baita, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen izenean ICANN nazioarteko erakundearen aurrean, .EUS domeinua eskatuko duena.

Bigarren urratsa, eskaria aurkeztea da. Eskaria Applicant Guidebook deritzan dokumentuan oinarritzen da. Dokumentu horretan, eskatzen zaizkigun azalpen guztiak eman behar ditugu: bideragarritasun ekonomikoa azalduko duen plan bat, bideragarritasun teknikorako beste bat eta, era berean, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitateak .EUS proiektua babesten duela erakutsi behar dugu.

Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen babesa adierazteko modu ezberdinak daude. Guk bi erabiliko ditugu: proiektuaren webgunearen bitartez jasotzen ditugun atxikimenduak eta PuntuEus Elkartea bera.

Gaurdaino, 25.000 atxikimendu inguru bildu dira webgunean. Lortu behar ditugun atxikimendu kopuruari dagokionean, ICANNek ez du ez minimorik ez maximorik ezartzen. Baina oso garrantzitsua da ahalik eta atxikimendu gehien lortzea, eta bide batez, gaurko aukera hau atxikitzeko deia luzatzeko ere probestu nahi dugu.

PuntuEus Elkartea ere Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen babesa adierazteko beste modu bat da. ICANNen aurrean, ordezkaritza lana egingo du eta, hortaz, ordezkaritza hori ahalik eta esanguratsuena bilakatu behar dugu, PuntuEus Elkartea zabalduz, sendoagoa eta anitzagoa bilakatuz, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere.

Azken hilabeteotan, urrats garrantzitsuak eman ditugu PuntuEus Elkartearen zabalpenaren bidean. 2008Ko apirilaren 4an, 11 elkarte bildu ginen. Egun, guztira, 30 elkarte gara. Honakoa da, beraz, 5 hilabete beranduago, aurkeztu nahi dizuegun PuntuEus Elkartea:

  • EUSKALGINTZA
    • Euskaltzaindia
    • Euskal Idazleen Elkartea
    • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
    • Euskal Konfederazioa
    • Euskal Kantuzaleen Elkartea - NA
    • Euskara Kultur Elkargoa
    • Euskokultur Fundazioa
    • Gerediaga Elkartea
    • EKE, Euskal Kultur Erakundea
    • Topagunea
    • Soziolinguistika Klusterra
    • Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua
  • HEZKUNTZA
    • Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa
    • Ikastolen Elkartea - Partaide IEP
    • Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
    • Deustuko Unibertsitatea
    • Mondragon Unibertsitatea
    • Eusko-ikaskuntza
    • UEU
    • Sortzen/ikasbatuaz
    • Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno
  • INTERNET ETA KOMUNIKAZIOA
    • Euskal Herriko Telekomunikazio Ing. Elkargoa
    • Euskadiko Informatikako Ing. Elkargo Ofiziala
    • Eitb
    • Internetikak
    • ESLE, Euskadiko Software Libre Enpresen Elkartea
    • Argia
    • Euskaltel Fundazioa
    • Elhuyar Fundazioa
    • Euskarazko Komunikazio Taldea

Ildo horretan, epeen ziurgabetasuna aipatzea ere ezinbestekoa zaigu. Ibilbide luze honen bihurguneak eta denborak ICANNek ezartzen ditu. Applicant Guidebook deritzan dokumentuaren behin betiko bertsioa ez da oraindik kaleratu, eta ezin da data zehatzik ziurtatu. Dokumentua kaleratzen den unean, lau hilabete izango ditugu. Ziurtatu ezin den arren, 2010eko martxoan eskaria aurkeztu ahal izango dugula aurreikusten dugu. Baina ICANNen eskuetan dago eta, beraz, atzeratu daiteke.

.EUS domeinua 2010eko martxoan eskatzen badugu, urtebeteren buruan, ICANNen erabakiaren berri jakingo dugu. Baiezkoa bada, ICANNekin kontratua sinatu eta .EUS domeinua martxan jartzeko moduan izango gara, PuntuEus Fundazioaren gidaritzapean.

Baina ibilbide luzea da eta, aurrera goazen arren, poliki eta guztiok batera joatera behartuak gaude. Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitate osoa behar dugu bidelagun, hori delako .EUS domeinuaren esentzia.


(PUNTUEUS ELKARTEA)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko sakatu gainean)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com