|
Azpeitiko udal ordezkariak prentsaren aurrean agertu ziren atzo (2009-6-25) Donostian, Espainiako Auzitegi Gorenak Udaleko euskararen ordenantza indargabetuz emandako epaia beren ustez "interpretazio oker" batean oinarritu dela adierazteko. Ordenantzak gaztelania baztertzen duela esatea "irreala" dela adierazi dute. Aste honetan bertan plazaratu den epaiaren aurrean hartu beharreko erabakiak udal organoetan adostuko dituztela ere esan dute Azpeitiko Udaleko ordezkariek.
"Epaiak dio ordenantzan gaztelania diskriminatzen dela, gure ustez oker. Bi hizkuntza ofizial ditugu, eta euskara erabiltzeko eskubidea ere aukera formaletik aukera materialera pasatzea da ordenantzaren helburua. Herritarrek erdera zein euskara erabiltzeko aukera berdinak izatea". Hitz horiekin azaldu zuen Julian Eizmendi alkateak Azpeitiko Udalak 2005eko abenduaren 1ean onartu zuen ordenantzarekin lortu nahi zutena, eta ordenantza indarrean izan den ia lau urteko epean mantendu eta garatu den printzipioa. Ordenantza "ahobatez" onartu zela ere nabarmendu zuen Azpeitiko alkateak, "PSE-EE eta PP ere barne zirela; kontsentsua egon zen printzipio horrekin". Eizmendirekin batera Ana Mendizabal Euskara batzordeburua eta Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendaria agertu ziren prentsaurrean Azpeitiko Udalaren izenean, Iņaki Agirreazkuenaga abokatuarekin eta Gipuzkoako Kultura diputatu Maria Jesus Aranbururekin.
Salaketarik ez
Iņaki Agirreazkuenagak gogoratu zuen ordenantzak "hitzez hitz" diola "bai bata zein bestea -euskara zein gaztelania- erabil ditzaketela herritarrek Udalarekin harremanetan jartzeko, eta Udalak herritarrek aukeratutako hizkuntzan erantzungo diela". EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza baliogabetuz 2007an emandako epaiari aurkeztutako helegitea hartu zuen oinarri bezala Agirreazkuenagak -orain Gorenak atzera bota duen helegite bera, hain zuzen- Azpeitiko euskararen ordenantzak gaztelania ez duela baztertzen berresteko. Hona hemen, esaterako, ordenantzaren 4. artikuluan jasota dagoena: "Azpeitiko udal-zerbitzuek, hiritarrei harrera egiterakoan eta emandako erantzunetan, hizkuntza dela-eta ez dute inor diskriminatuko. Herritarrak udal-langileekin harremanetan jartzeko erabiltzen duen hizkuntza ofizialean jasoko du udal-langileen erantzuna".
Agirreazkuenagaren hitzetan, helegitean jasotako hitzetan, esaten da "irreala" dela esatea Azpeitian gaztelania baztertzen denik. Gaztelania erabiltzeagatik diskriminatua izan den inor ez dagoela eta zentzu horretan salaketarik ez dela jaso esan zuten bai Agirreazkuenagak, bai Patxi Saezek. Euskara Patronatuko zuzendariak esan zuen 25 urte daramatzala Azpeitian euskararen normalizazioaren inguruan lanean, "eta sekula ez da salaketarik jaso Udalean erderagatik, baina bai herritarrei euskaraz ez egiteko esan zaielako. Euskara eta gaztelania, ezta Azpeitian ere, ez daude maila berean". Abokatuaren esanetan, berriz, "nolabait epaitu dutena, euskaldunei berdintasuna bermatu nahi izatea da. Epaileek ulertu dute gaztelania erabili nahi dutenak diskriminaturik egon daitezkeela. Inondik inora epaitegietan ez da frogatu, Azpeitian gaztelania erabili duen norbait diskriminatua izan denik". EAEn hizkuntz eskubideei dagokienez "arazoak izaten dituztenak euskal hiztunak" direla gaineratu zuen Agirreazkuenagak. Herritarren eskutik ez baina, Espainiako Estatuko Abokatuaren eskutik etorri zen Azpeitiko euskararen ordenantza auzibidean jartzea.
EBPNren garapenaren ondorio
Azpeitiko Euskara Patronatuko zuzendariak gogoratu zuen, bestalde, epaitegietan indargabetu duten ordenantza Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapenaren ondorioetako bat dela. 1999an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen plan hori "Udalen bitartez garatzen da herriz herri, Azpeitian ere bai". Patxi Saezek azaldu zuen, era berean, EBPNren barruan jasota dagoela "udalerrietan euskara ordenantzak garatuko direla", eta planaren jarraibidea eginez egin zuela bere ordenantza, hain zuzen, Azpeitiko Udalak. Alde horretatik, Gorenaren epaiak jasotzen duen eskumen arazoa ere ezbaian legoke, Azpeitiko Udalak EBPNren bidez izango bailuke euskararen erabileraren gainean udalerri mailan arautzeko eskumena.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere jaso zuten atzo Azpeitiko Udaleko ordezkariek. Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak -Azpeitikoa, berau ere- parte hartu zuen agerraldian, eta Azpeitiko udal ordezkariei esan zien "helburuetan eta formulatutako xedeetan, 2009ko apirilean onartutako foru dekretuan, erabat bat egiten dugula zuen ordenantzarekin". Gipuzkoako Foru Aldundia ere herritar guztiei aukeratzen duten hizkuntza ofizialean zerbitzua eskaintzeko helburuarekin lanean ari dela gogoratu zuen Aranburuk. "Ordenantzarekin ala ordenantzarik gabe" euskararen erabilera indartu eta bultzatzeko neurriak babestuko dituztela esan zuen diputatuak.
Hemendik aurrerakoak
Atzoko agerraldia "epaiaren balorazioa" egiteko zela gogoratu ondoren, epai horren eta bere ondorioen aurrean nola jokatu edota zer pauso eman "udal organuetan aztertu eta eztabaidatuko" dutela esan zuen Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak.
Epaia errekurritu daitekeen galdetuta, baietz esan zuen Agirreazkuenagak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea sartzearen aukera hor dagoela. Neurri horrek, ordea, ez luke Gorenaren epaia atzera botako: "Epaiketa justu bat egin duten erabaki beharko luke Konstituzionalak, ez epaiaren edukia bera; eta sententzia bertan behera utziko balu, berriro hasieratik beste epaiketa bat egin beharko litzateke". Baina, Udalak beste aukera batzuk ere baditu abokatuaren esanetan: beste araudi bat onartzea, esaterako, "ahal bada, eta zaila izango den arren, gaztelania ez dela diskriminatzen puntu bakoitzean argitasun handiagoarekin zehaztuta". Ordenantzarik gabe "euskara planen bidez" ere antzeko ekintzak gara daitezkeela gogoratu zuen Agirreazkuenagak, hainbat herritan egiten duten bezala, eta hori ere beste aukera bat litzatekeela.
Azken erabakia, ordea, Azpeitiko Udalari dagokio eta, esan bezala, oraindik hartzeko dago. Ordenantza indargabetuta, baina, eragin praktiko bat argi dago behintzat, Patxi Saezek azaldu zuena: "Ordenantza lan tresna bat da. Ordenantzaren arabera egin dugu udal barneko euskara plana, eta beste arlo batzuetan ere egin nahi genuen; baina orain hori bertan behera utzita lan tresnarik gabe gelditu gara".
Gaiari lotutako artikulu eta agiriak (ikusteko gainean sakatu)
|