|
Yuri Zytsar ohorezko euskaltzain eta hizkuntzalari errusiarra hil zen herenegun, 2009ko ekainaren 24an, 81 urte zituela. Gaur, edo datozen egunotan, lurra emango diote bere jaioterrian, Kuybishev-en.
Yuri Vladimirovich Zytsar Kuybishev-en, Volga ibaiaren ondoan, jaio zen, 1928. urtean. Ohorezko euskaltzaina zen, 1992ko otsailaren 1ean izendatua.
Gaztea zela linguistikan aritu zen, eta frantsesa, alemana eta ingelesa ikasi zituen. Ezkondu eta gero sobietar gobernuak Vietnam-era bidali zuen, frantses hizkuntza irakasteko. Vietnamgo Akademiak ohorezko kide bezala onartu zuen.
Bere jaioterrian Institutuko zuzendaria izan zen, hainbat urtetan. Siberiako leinuek erabiltzen zituzten zenbaki-sistemak aztertzen aritu zen. Gero euskararen berri izan zuen, eta ikasteari ekin zion. Hain zuzen ere, euskarari buruz egin zuen tesia 1955ean, Leningradon.
Euskararekiko bere interesa ikusita, Tbilisira bidali zuten, euskararen ikasketak sendotzeko eta berpizteko. Garai hartan Georgiako Errepublika Sobietarreko Hizkuntza Akademiak bazeukan euskarari emandako atala. Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea garai hartan itzuli zuen errusierara eta bere ikasleek Kaukasoko hainbat hizkuntzatan itzuli zuten poema bera. Tamara Makharoblidzek, adibidez, georgieraz jarri zuen bertsioa.
Koldo Mitxelenarekin gutun bidezko harreman luze eta emankorra izan zuen. Mitxelenaren bitartez, hain zuzen hasi zen Euskera eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan artikuluak argitaratzen.
1982an Eusko Ikaskuntzan antolatu zuten Biltzarrera gonbidatu zuten, Shota Dzidziguri-rekin batera, Zytsar, biltzar horretan, Sobiet Batasuneko ordezkaria izan zelarik.
1990ean, Georgian gerra zela eta, alde egin zuen eta Petersburgora aldatu zen; bertako Tekhnichiski Universitet-en irakasle izan zen, besteak beste euskara irakatsi eta ikasleak euskararen harira bideratzen zituen, doktorego tesia alor honetan egin zezaten. Jubilatu arte (1995ean) jarraitu zuen postu honetan.
Ukrainako Akademiak ere ohorezko kide izendatu zuen. Azken urtean gaixotasun luze baten ondorioz ezin izan du lanik egin, eta ehunka proiektu geratu zaizkio amaitu gabe.
Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialean Zytsarren honako artikuluak irakur daitezke:
- Euskal deklinabidea
- Escalera de compuestos de tipo mujer-criatura en el vasco
- Quelques comparaisons kharthvélo-basques du domaine du lexique de l'élevage
- Reconstrucciones en el dominio del culto a la luna y a las animas (para la etimología del vasco "argizagi")
- Sobre el pasivo vasco
- Sobre el rema del vasco
- Sobre los geminados semánticos de A. Tovar.
|