|
Azpeitian euskara normalizatzeko udal-ordenantzaren kontrako epai berria eman du Espainiako Auzitegi Gorenak. 2007ko martxoan EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza indargabetzen zuen epaia eman zuen, Espainiako Estatuaren Abokatuak EAEko Gobernu Ordezkaritzaren eskariz aurkezturiko helegitea aintzat hartuz. Auzitegi Nagusiaren epai hari helegitea jarri zion, era berean, Azpeitiko Udalak Espainiako Auzitegi Gorenean. Eta, orain, auzitegi honek Udalaren helegitea atzera bota eta arrazoia eman dio EAEko Auzitegi Nagusiari.
Espainiako Gorenaren arabera, indargabetutako ordenantzaren helburua euskara sustatzeko beharrezkoa denaz gain, komenigarria ere badenaz haratago doala pentsa daiteke. Azpeitiko euskararen udal-ordenantzaren azken helburua euskara "hizkuntza ofizial bakar bihurtzea" da, gaztelania "luzamendurik gabe baztertuz". Horrenbestez, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren argudioekin (ikusi 2007-3-23ko albistea eta epaia) bat egin du Espainiako Gorenak; Azpeitiko Udalaren helegitea "ez da bidezkoa", atzo zabaldutako epaiaren arabera.
Azken ordukoa (2009-6-23, 12:15): Hasierako albistea komunikabideen bidez ezagutu ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia (joan den ekainaren 3an emana) gaur eguerdian iritsi da Azpeitiko Udalera. Epaia irakurri eta aztertu ondoren jakinaraziko dute Udaletik aurrerantzean emango dituzten pausoak.
EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Estatuaren Abokatuaren helegitea aintzat hartuta eman zuen epaian, Azpeitiko euskararen ordenantzak euskara "inposatu" egiten zuela esaten zen, eta "egiaz nahi" duena "espainieraren erabilera baztertzea" dela; esaten zen, eta konklusio berera iritsi da nonbait Auzitegi Gorena ere. Arrazonamendu hori izan zen ordenantza indargabetzeko oinarrietako bat. Bestea, eskumen arazo bat: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak dio Azpeitiko Udalak ez duela hizkuntz normalizazio esparruko arauak emateko eskumenik, eta puntu honetan ere arrazoia ematen dio Gorenak, Azpeitiko Udalaren helegitea baztertuz.
Gaiari buruzko jakingarriak
Azpeitiko Udalak 2005eko abenduaren 1ean onartu zuen Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza. Aho batez onartu zuten, garai hartan udalbatza osatzen zuten EAJ, EA, PP eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin. Ordenantza haren edukia (euskaraz zein gaztelaniaz) eta harrezkero etorri den helegite eta epai prozesuan interesa duten artikulu eta agiriak ikus ditzakezue, ondoko loturetan:
|