|
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak batzar berezia egin du Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bertan, Kontseilua osatzen duten 45 bazkideen hainbat ordezkari bildu dira. Xabier Mendiguren, Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu duenez, batzar honen bitartez gogoeta-prozesuaren lehen faseari amaiera eman zaio.
Bazkideek, urte hauetan Kontseiluak egin duen ibilbidea berretsi dute, lehendakari den Koldo Tellituk adierazi duenez. Kontseiluaren bilgune izaeraren garrantzia azpimarratu da batzarrean, izan ere, Euskal Herri osoko euskalgintzaren bilgune da Kontseilua eta euskalgintzaren gehiengo zabala biltzen da bertan. "Honek indar handia ematen dio Kontseiluaren jardunari ordezkatzen duen jendarte-eremu zabalarengatik".
Hamar urte hauetako ibilbidearen balantzea egin du batzarrak eta Tellituk adierazi duenez, "euskararen normalizazioan aurrerapausoak eman ditugu eta ez nolanahikoak, gainera. Urte hauetan guztietan, euskararen normalizazioan eman diren urratsak bereziki euskalgintzak eta herri-mugimenduak egindako lanari esker izan dira. Kontseiluak ildo honetan lan eta ekarpen handia egin duela baloratzen dugu". Ekarpen hori, proiektu desberdinak garatuz, bizitza-esparru ezberdinetan eraginez (hala nola, lan-munduan, administrazioetan...) lortu dela aipatu du Tellituk. Egindakoa asko izanik ere, helburua ez dela erdietsi aipatu du Kontseiluaren lehendakariak, "eman diren aurrerapausoak ez dira nahikoa izan". Ondorioz, egungo egoera kezkaz ikusten duela Kontseiluak gaineratu du.
Aldaketa eragitea eginbehar
Orain arte egindako lanaz eta egoeraz egindako balantzeaz gain, batzarra aurrera begira ere jarri da. Kontseiluaren helburu nagusia euskararen normalizazioa, berreuskalduntze osoa ematea izango da. Hori erabaki dute Kontseilua osatzen duten bazkideek egindako gogoetaren bitartez.
Helburua erdiesteko, egun bizi dugun egoeratik egoera horretara heltzeko (euskararen normalizazioara), Kontseiluak bere buruari eginbeharra ere zehaztu dio: "beharrezkoa dugun aldaketa hori emateko, Kontseiluak aldaketa eragin beharko du. Prozesu hori eragitea dagokio Kontseiluari, aldaketa eragitea izango da bere eginbeharra", azaldu du Koldo Tellituk.
Hori nola egin nahi duen Kontseiluak ere aurreratu du Kontseiluaren lehendakariak eta horrela azaldu du: "Egoera konkretu honetan eta honi modu eraginkorrean erantzuteko asmoz diseinatuko ditu Kontseiluak eman behar dituen aldaketak, horretara bere jarduera egokituz. Izan ere, Kontseilua gune dinamikoa da eta egoerak eta garaiek eskatzen dutenaren arabera moldatu behar du eman nahi duen urrats eraginkorra gauzatzeko".
Kontseiluaren bazkideak
Hau da Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten bazkideen zerrenda:
AEK, Antzerki Talde Amateurren Elkartea, Argia, Artez Euskara Zerbitzua, Berria, Egan - Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, Elhuyar Aholkularitza, Elhuyar Fundazioa, Elkar, Emun, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Konfederazioa, Euskalan, Euskal Kristau Eskola, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Eusko Ikaskuntza, Gaiak, Gerediaga Elkartea, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Hau Pittu Hau, Hik Hasi, Hitzez Euskaltegia, iBerba Euskara Zerbitzua, IKA, Ikerfolk, Ilazki Euskaltegia, Jakin, Karmel, Maizpide Euskaltegia, Mendebalde Kultura Alkartea, Oinarriak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE), Sortzen-Ikasbatuaz, Topagunea - Euskara Elkarteen Federazioa, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Udal Euskaltegietako Langileak, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea (EIRE) eta Urrats Euskaltegia.
(SAIOA RODRIGUEZ ANDUEZA Kontseiluaren komunikazioburua da)
|