Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  300 eskaera baino gehiago 'Euskaraz seguruago' kanpainaren baitan

300 eskaera baino gehiago 'Euskaraz seguruago' kanpainaren baitan

2009-06-16 / 08:30 / Saioa Rodriguez - Kontseilua   BESTELAKOAK

Joan den apirilean Kontseiluak, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Euskaraz seguruago kanpaina abiatu zuten, herritarrek aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jasotzeko helburu duena. Kanpainak erantzun zabala izan du orain arte, izan ere, jada 388 eskaera jaso ditu Kontseiluak. Kanpainaren bitartez eta herritarrek egindako eskaerari erantzun nahian, Euskal Herrian lan egiten duten 65 aseguru-etxeri egingo zaie euren zerbitzuak euskalduntzeko eskaera.

Kontseiluak bultzatutako eragin-dinamiken bidez, lagundu eta eragin nahi du entitateek zerbitzua euskaraz ematea, baita lana euskaraz egitea ere. Horretarako, Euskal Herri mailako lanketa bereziak egiten dihardu, Euskaraz seguruago kanpaina, kasu. Dinamikak aurrera jarraitzen du eta ekainaren bukaera arte euskaltzale orok aseguru-etxeetan eragiteko aukera izango du norbere aseguru-etxeari eskabide-orria bidaliz. Norbanakoek Kontseiluaren webgunearen bitartez (www.kontseilua.org) eskuratu ahal izango dituzte eskaera-orriak, bertan dagoen euskaraz seguruago atalean. Gainera, datuak web-orrian sartzeko eskatuko zaie, aseguru-etxeei zuzendutako eskari zabaletan erabiltzeko.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea du helburu Ziurtagiriaren Elkarteak. Helburu hori lortzeko ezinbesteko garrantzia du entitate baten hornitzaileek egiten duten lana ere euskalduntzeak. Hornitzaileen atal horretan daude, besteak beste, aseguru-etxeak; arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragin ahal izateko, derrigorrez euskaldundu behar direnak. Besteak beste, 534 entitatek ezin dute zerbitzua eta lana euskaraz maila eskuratu, euren aseguru-etxeak ez dielako euskarazko zerbitzurik ematen.

Bestalde, aseguru-etxeek eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu nahitaezkoak izanik, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko derrigortasun handiagoa izateko garrantziaz ohartu du Behatokiak.

Ekainaren bukaera arte, beraz, norbanako euskaltzaleei eta era guztietako gizarte-eragile eta entitateei dei egin nahi diegu aseguru-etxeei eskabide-orria bidaltzeko, herritar orok aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz jaso dezan.


(SAIOA RODRIGUEZ ANDUEZA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com