|
Azken urteetako joerari eutsiz, 2008-2009 ikasturtean ere gora egin du EHUn unibertsitaterako hautaprobak euskaraz egingo dituztenen kopuruak. Gaur hasiko dira hautaprobak EAEn eta 7.923 ikaslek eman dute, guztira, azterketetarako izena.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 7.923 ikaslek gaur, ekainak 10, hasiko dute hautaprobetako azterketa Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). EHUk emandako datuen arabera, horietariko 4.523k (% 57,1) egingo dute proba euskaraz eta gainontzeko 3.455ek (% 42,9) gaztelaniaz. Sexuen aldetik 3.135 gizonezko (% 41,1) eta 4.428 emakumezko (% 58,9) aurkeztuko dira hautaprobetara. Azterketak hiru egunetan egingo dituzte, ostiralera arte.
Hona hemen Hautaprobetan matrikulatutako ikasleen datuak, hizkuntzaren eta lurraldearen arabera:
| Euskaraz | Gaztelaniaz | Guztira |
|---|
| Araba | 498 | 588 | 1.086 |
|---|
| Bizkaia | 1.935 | 2.022 | 3.957 |
|---|
| Gipuzkoa | 2.090 | 790 | 2.880 |
|---|
| GUZTIRA | 4.523 | 3.400 | 7.923 |
|---|
Pixkanaka gora
Datuek erakusten duten moduan, Gipuzkoako lurraldean bakarrik dira gehiago -nabarmen, gainera: % 72,56- unibertsitaterako sarrerako azterketak euskaraz egingo dituztenak. Araban (% 45,85 euskaraz) eta Bizkaian (% 48,9) oraindik gaztelania da ikasleen artean nagusitzen dena, kopuruak nahikoa parekatuta egon arren. Hala ere, azken hamarkadan hautaprobak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua beti joan da igotzen EAEn, pixkanaka.
Azken hamar urteotan asko hazi da hautaprobak edo selektibitatea euskaraz egin dutenen kopurua: 1997-1998 ikasturtean unibertsitatean sartzeko azterketak euskaraz egin zituztenak % 30,9 izan baziren, 2006-2007 ikasturtean % 51,8 izan ziren; 2007-2008 ikasturtean, berriz, % 54,58ra igo zen batez bestekoa, eta aurten berriro egin du gorako koska.
|