![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Hizkuntza / 2009-04-27 / 08:50
Euskarak 300.000 elebidun irabazi ditu azken mende laurdenean eta inoiz baino biztanle gehiagok dakite euskaraz EAEn. Hauek dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen IV. Mapa Soziolinguistikotik ondorioztatutakoak.
2008. urtean IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak argitara eman ostean, IV. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu du orain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS).
Inkesta soziolinguistikoak hamabost urte baino gehiagoko biztanleak eta euskararen lurralde guztiak kontuan hartzen ditu. Mapa soziolinguistikoak, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleria osoa hartzen du aintzat.
Mapa soziolinguistikoak lau aldagai aztertzen ditu: hizkuntza-gaitasunaren bilakaera; biztanleriaren lehen hizkuntza; hizkuntza-gaitasunaren eta lehen hizkuntzaren arteko gurutzaketa, BILA indizea (hizkuntza-bilakaeraren indizea); eta etxeko erabilera.
IV. Mapa Soziolinguistikoan 2006ko datuak eta euskararen bilakaera soziolinguistikoaren azken hogeita bost urteotako bilakaera jaso dira. Inkestan ez bezala, herrialde eta hiriburuetako datuak ere jaso dira IV. Mapan.
Euskarak hogeita bost urtean -1981eko I. Mapa Soziolinguistikotik hona- 300.000tik gora elebidun irabazi ditu EAEn, eta horixe da IV. Mapa Soziolinguistikoaren aurkezpenean Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikarako arduradunek nabarmendu zuten datuetako bat. Elebidunen gehitze horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 15eko igoera eman dela esan nahi du. "Euskarak historian inoiz izan duen elebidun kopuru handiena" duela esan zuen Miren Azkarate jarduneko Kultura sailburuak.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ere ildo beretik jo zuen, datuen argitara: "Elebitasuna duela 25 urte baino indartsuagoa da gure artean. Gaur egun, herritarren % 37,5ek dakite ondo euskaraz; eta duela 25 urte, % 22k bakarrik".
Ezagutza datuak onak edo oso onak diren arren, erabileraren ingurukoek argi-ilun gehiago dituzte. Euskarak azken mende laurdenean erabilera-esparru berriak eta garrantzitsuak irabazi ditu, batik bat bizitza publikoan, eta hori ere nabarmendu zuten HPSren arduraduradunek IV. Mapa Soziolinguistikoaren aurkezpenean. Etxean edo familia esparruan, ordea, euskarak atzeraka egin du, gero eta euskaldun elebidun gehiago dagoen honetan.
Baztarrikak azaldu zuenez, EAEn familien % 13k bakarrik erabiltzen du batik bat euskara etxeko hartu-emanetan; % 78,5 dira, aldiz, nagusiki gaztelania erabiltzen dutenak.
Orain arte aipatutakoak joan den 2009-4-24ko aurkezpenean plazaratutako datuetako batzuk besterik ez dira. IV. Mapa Soziolinguistikoaren argitalpena osorik ikusteko, ondorengo loturan klikatu besterik ez duzue:
![]() | Inprimatu |