|
Donostiako Udalak euskarazko hitz eta terminoak jasotzen dituzten 1.600 kartel banatuko ditu Donostiako ostalari eta merkatarien artean. Euskararen Udal Patronatuak sektorean gehien erabiltzen den terminologia banatuko du hiriko lau gremiotako profesionalen artean. Euskararen erabilera sustatzea da helburua.
Euskararen Udal Patronatuak Donostiako merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko ekimenekin aurrera darrai. Ainhoa Beola Hizkuntza Normalkuntza zinegotziaren esanetan, aste honetan hiriko hiru gremiotako (ostalaritza; frutak eta barazkiak; eta harategiak eta arrandegiak) establezimenduetara horman itsasteko kartelak bidaliko dira bertan gehien erabili daitezkeen hitz eta esamoldeekin. Lau kartel desberdin egin dira, bakoitza gremio bati lotuta, eta guztira 1.600 establezimenduetara iritsiko dira (1.100 ostalaritzan, 220 fruta eta barazki dendetan; 141 harategietan; eta 47 arrandegietan). Kartel horietan 16 edo 24 hitz daude jasota, baina gremio bakoitzeko hitzen zerrenda osatua www.merkatari.net webean dago edonoren eskura.
Proba egin euskaraz! leloa ikus daiteke karteletan, sektore hauetako profesional eta bezeroak euskaraz egitera animatu nahi baititu Euskararen Udal Patronatuak. Era berean establezimenduetan euskararen presentzia gehitzea da ekimen honen beste helburua.
Eskuorriak jantziak eta osagarriak saltzen dituzten 700 dendetan
Jantzien eta osagarrien gremioko profesionalek bi eskuorri jasoko dituzte. Lehenengo eskuorriak gremio honetan gehien erabiltzen diren hitzen zerrenda biltzen du eta bigarrenak errotulazioan gehien erabiltzen diren hitz eta esamoldeen zerrenda. Helburu bera dute bi eskuorri horiek, euskararen presentzia dendan oro har eta errotulazioetan bereziki gehitzea bertako bezeroek informazioa euskaraz ere jaso dezaten. Eskuorri horietan dagoen terminologiaz gain, www.merkatari.net webean ere hitz gehiago aurki daitezke.
Euskararen Udal Patronatuak, bestalde, hiriko merkatari eta ostalariei eskaintzen dizkien zerbitzuen gaineko informazioa helarazi die (errotulazioetarako diru-laguntzak, sektoreko langileei zuzendutako ikastaroak, itzulpenak eta zuzenketak jasotzeko aukera, menuak euskaratzeko bihurgailua, eta abar).
Euskara, bezeroak erakartzeko eraginkorra
Donostiar euskaldunen kopurua hazten ari da etengabe, bereziki gazteriaren artean. Egun, donostiarren % 40,35 euskalduna da eta gero eta bezero gehiagok jaso nahi dute arreta euskaraz. Euskararen Udal Patronatua hainbat baliabide jartzen ari da ostalari eta merkatarien esku euskara barneratu dezaten beraien establezimenduetan eta sektoreko langileek euskararen ezagutzan eta erabileran urratsak eman ditzaten.
Merkatarien eta ostalarien erantzuna positiboa izaten ari da. Gero eta profesional gehiago ari da patronatuaren zerbitzuak erabiltzen. Gaur egun, esaterako, 50 merkatari ari dira berariazko euskara ikastaroak egiten eta menuak euskaratzeko bihurgailuak 10.350 kontsulta jaso ditu 9 hilabetetan.
(ALEX AISA ALBERDI Donostiako Euskararen Udal Patronatuko teknikaria da)
|