Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko elkarlana hitzartu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko elkarlana hitzartu dute

2009-01-27 / 08:50 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Hitzartutako Asmoen Aitorpen honen ondorioz ezarriko den baterako ekintzaren lehentasunezko helburuetako bat izanen da hizkuntza politikaren alorrean lankidetza teknikorako loturak ezartzea, informazioa eta jakintza elkarri trukatzeko, eta helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen esparruan jarduerak koordinatzeko.

Hizkuntza politikaren ardura duten Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren sailek euskara sustatzeko elkarlana adostu dute. Europako Kontseiluak hizkuntzen alorrean emandako aholkuen bidetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Nafarroako Hezkuntza Kontseilaritzak, euskara kultura-loturatzat harturik, ondarea sustatzeko eta bultzatzeko bakoitzak dituen eskumenak erabiliz Asmoen Adierazpena izenpetu zuten atzo (2009-1-26) Iruñean, Nafarroako Jauregian. Lan bileran eta ondorengo hedabideen aurreko agerraldian Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua; Carlos Pérez Nievas, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza kontseilaria; Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Xabier Azanza, Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaria izan ziren, eta hauekin batera bakoitzaren lan taldeak.

Hizkuntza politikarako ardura duten Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuen sailek euskara gaietarako elkarlan adostasunaren baitan Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean sustapena, ikerketa, dokumentazioa, plangintza eta hizkuntza politika sustatzeko harremanak estutzea, euskararen hizkuntza-normalizazioaren alorrean lankidetza eta erlazioa hobetzea eragingo dute.

Hitzartutako Asmoen Aitorpen honen ondorioz ezarriko den baterako ekintzaren lehentasunezko helburuetako bat izanen da hizkuntza politikaren alorrean lankidetza teknikorako loturak ezartzea, informazioa eta jakintza elkarri trukatzeko, eta helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen esparruan jarduerak koordinatzeko. Helduen euskalduntzearen alorrean, hori guztia, euskara helduei irakasteari begira, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritakoari egokitzen zaion oinarrizko curriculum komuna eratzeko eta bi administrazioek homologatu beharreko egiaztatzeak eta titulazioak ezartzeko asmoarekin, beti ere, alor honetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari atxikita dagoen HABE erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegien sarean indarrean jarri duen Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitutako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko curriculumaren eta horri dagokion egiaztatze-sistemaren bidetik.

Aro berri bat zabalik

Gaurko adostasunak, euskararen arloan aro berri bat zabaltzen du. Honetarako lehen urratsa, gobernu bien arteko hizkuntza politikaren alorrean, 2008ko otsailaren 22an eman zen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan izandako lan bilera eta agerraldiarekin. Bilera hartan Miren Azkarate, Kultura Sailburuan adierazi zuen "gaurtik aurrerakoaren lehen urratsa da, aurrera begirakoa. Ez da ohikoa baina honek datorrenaren atea zabaltzen du", eta hori atzo adostasun bilakatu zen. Ia urte bete honetan Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Euskarabidea Nafar Institutuaren arteko lan bilerak eta elkarlana etengabeak izan dira eta horren ondorioa da atzo izenpetu zen adostasuna.

Miren Azkaratek eskerrak eman zizkien Nafarroako kontseilariari, Carlos Perez Nievas jaunari, eta Euskararen Nafar Institutuko Zzuzendariari, Xabier Azanza jaunari, hilabete hauetan bi gobernuen artean hizkuntza politika alorrean harremanak normalizatzeko emandako pausuagatik. EAEko Kultura sailburuak gogora ekarri zuen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2005-2009 legealdirako bere jardunbide nagusien artean honakoa agintzen duela: euskararen erabilera sustatzeko jarduna bultzatzea, Nafarroako erakundeekin lankidetza bideratuz, Nafarroako Gobernuarekin batera programak hitzartzeko beharrezkoak diren urratsak egiteko asmoz. Atzo izenpetutako akordioak hartutako konpromiso hori betetzen du. Perez Nievas kontseilariak, bere aldetik, legealdi honen hasieratik bi instituzioen arteko harremana "arina, normala eta arrazoizkoa" izan dela nabarmendu zuen

Miren Azkaratek aipatu zuen euskararen geografia zabala dela: "euskarak mendetan bizirik iraun du eta mende guztietan gizakiok, legitimitate osoarekin, geure buruari zirkunstantzia historikoen arabera, egitura juridiko administratibo desberdinak eman dizkiegu. Baina egitura horiek izan arren, euskarak iraun du guztion ondare delako. Euskararen geografiak gaur bi erkidego autonomo eta bi estatu hartzen ditu. Eta horretan euskarak elkartzen gaituen Pirinio mendien antza du". Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak azpimarratu zuenez, "gure gogoa eta obligazioa da ondare hori indarberritzea eta ahalik eta etorkizun oparoena ematea. Guztiz legitimoak diren egitura administratibo eta kolore politikoen gainetik. Hizkuntzak komunikatzeko dira, kohesionatzeko eta elkartzeko dira. Hizkuntzaren bi sinonimo aukera behar izanean, elkar ulertzea eta errespetua aipatuko nituzke. Bi gobernuek elkar ulertu nahi dugu hitz eginez, inkomunikazioa baita entendimentuaren etsairik handiena, eta elkar errespetatu nahi dugu. Indarrak elkartu eta koordinatuta ekin euskararen erabilera etorkizunean oparoagoa izan dadin, elkarrenganako errespetuan eta erabaki librean oinarrituta eta horrela beteko dugu Europako Kontseiluak hizkuntzen alorrean emandako elkarlanerako aholkuak".

Zentzu horretan, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako Gutunaren 2005eko jarraipen txostenean egindako gomendioen artean ageri da Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sustapen, ikerketa, dokumentazio, plangintza eta hizkuntza politikaren sistemen artean loturak estutzeko beharra. Halaber, Europako Kontseilua, Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako Gutunaren 2008ko jarraipen txostenean, poztu egiten da, euskara ardatz modura harturik, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanetan gertatu den "aldaketa historikoagatik" eta, orobat, adoretzen ditu "agintari eskudunak Gutunean ezarritako esparruetan Euskadiren eta Nafarroaren arteko lankidetza sendotzeko bideak bila ditzaten".


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com