Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskarak eta etorkinek elkar behar

Euskarak eta etorkinek elkar behar

2009-01-09 / 08:45 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

54 herrialdetako 582 etorkin aritu ziren 2008an euskara ikasten Aisa harrera-ikastaroetan. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak elkarlan-hitzarmena berritu dute programa hau finantzatzen jarraitzeko. Aisa programa izaten ari den arrakasta kontuan hartuta, 2009rako diru-ekarpena 70.000 eurora (alde bakoitzak) igotzea adostu dute HABEk eta Inmigrazio Zuzendaritzak.

Miren Azkarate Kultura sailburuak, Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak Aisa harrera-ikastaroak finantzatzeko hitzarmena berritu dute (2009-1-7). Jakitera eman dutenez, iaz 49 harrera-ikastaro antolatu ziren, zeinetan 54 herrialdetako 582 etorkin helduk parte hartu zuten. Eta Aisa programa 2004an saio pilotu gisa martxan jarri zenetik 1.788 izan dira ikastaro hauek egin dituzten ikasleak.

Etorkinak "behar"

Jatorriz gehienak amerikarrak dira: adibidez, 2008 amaitu berrian, % 65 Ertamerika eta Hego Amerikatik etorritakoak izan dira euskara ikasten aritu direnak.

Aisa programa azken urteotan Euskadira etorri diren etorkinei zuzendutako ekimena dugu, Inmigraziorako Euskal Planaren baitan kokatzen da eta Kultura Sailak HABEren bitartez sustatu du Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzarekin lankidetzan. 2005eko abenduan bi sailek lankidetza-hitzarmen baten bitartez formalizatu zuten egitasmo hau, eta urtez urte berritzen dute, urtean emandako ikastaro guztiak biltzen dituen eranskina sinatuz. Aisa programa izaten ari den arrakasta kontuan hartuta, 2009rako diru-ekarpena 70.000 eurora (alde bakoitzak) igotzea adostu dute HABEk eta Inmigrazio Zuzendaritzak.

Azkarate sailburuak nabarmendu duenez, Euskadik, garapen ekonomiko eta sozial egokia izan nahi badu, etorkinak "behar" ditu, eta Aisa harrera-ikastaroen bitartez, etorkinak euskal kultura eta euskara "ezagutzen hasteko modua eskaintzen diegu" etorkin helduei. Madrazo sailburuak gaineratu du, bide batez, heldu horietako askok seme-alabak dituztenez eta seme-alabek eskolaren bitartez euskara ikasten dutenez, Aisaren bidez seme-alaba horien ikaskuntza prozesuan "laguntzeko eta eragiteko modua eskaintzen" zaiela guraso etorkinei.

Euskaltegietan kopurua hirukoiztu

Horren harira, Azkaratek azaldu du euskaltegi sare orokorrean hirukoiztu egin dela etorkinen kopurua azken zazpi urteetan: 2001-2002 ikasturtean 476 ikasle etorkin zeuden bitartean, 2008-2009 ikasturtean 1.600 ikasle etorkin daude. "Datuok erakusten dute etorkinen populazioan gero eta interes handiagoa dagoela euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik, Kultura Sailaren asmoa da honelako programak bultzatzen jarraitzea, etorkinak euskararen unibertsoan txertatzeak gizarte-kohesioari eta elkarbizitzari mesede besterik egiten ez diolako", Kultura sailburuaren esanetan.

Aisa, datuetan

  • Aisa harrera-ikastaroen lehenengo saio pilotuak 2004. urtean egin ziren: 9 talde eta 100 ikasle
  • 2005. urtean: 32 talde eta 325 ikasle
  • 2.006. urtean: 27 ikastaroa eta 353 ikasle
  • 2.007. urtean: 45 ikastaro eta 418 ikasle
  • 2.008. urtean, 49 ikastaro eta 592 ikasle


Ikasleen jatorria

  • Amerikakoak % 65 (batez ere Ertamerika eta Hego-Amerikakoak)
  • Europakoak % 15 (batez ere Europa Erdialdekoak eta Portugalekoak)
  • Afrikakoak % 15 (batez ere Magreb aldekoak)
  • Gainerakoak % 5

Jatorri anitzekoak direla konturatzeko, aipa dezagun 50 herrialde baino gehiagotako ikasleak daudela Aisa taldeetan.


Ikastaroen ezaugarriak

  • 60 orduko bi modulu dira (Aisa 1 eta Aisa 2).
  • Baldintzak: ikasleak etorkinak izatea, gutxienez 6ko taldea eta gehienez 18koa osatzea.
  • Ikas-material berariazkoak prestatu ditu HABEk Aisa ikastaroetarako: ikaslearen lauliburuak, irakasleentzako liburuak, ikus-entzunezkoak (bi bideo) eta irudizko hiztegia zazpi hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera, berberera eta txinera. (Liburua, CDa eta webgunea)
  • HABEk homologatutako sareko euskaltegietan ematen dira ikastaroak: udal euskaltegien sareko eta euskaltegi pribatu homologatuen sareko euskaltegiek parte hartu ohi dute.
  • Udalekin (Euskara nahiz Gizarte alorreko teknikariekin) eta etorkinen elkarteekin lankidetzan antolatu ohi dira ikastaroak. Eskaria beti euskaltegiak edo Udalak egin behar du, eta HABEk onartu.

Inmigraziorako Euskal Plana

Inmigraziorako Euskal Planak (2003-2005), pertsona guztiek euren eskubideak eta betebeharrak berdin baliatzeko eta aintzat hartzeko aukeraren mesedetan hartutako neurrien artean, proposatzen du atzerritarren artean EAEko bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza sustatzea. Inmigrazioari buruzko Euskal Planaren proposamenen artean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritarrei euskara irakasteko hizkuntza harrerako ikastaroak eskaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkin helduak gerora euskalduntze-sare orokorrera joatea errazteko helburua ere badute Aisa harrera-ikastaroek. Ikastaroak finantzatzeko, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko hitzarmena sinatu zen 2005. urtean. Finantzaketa HABEk eta Inmigrazio Zuzendaritzak egiten dute, erdi bana. Ikastaro bakoitzaren kostu osoa 2.920 eurokoa da.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com