|
Arabako Foru Aldundiak izendatutako adituek Iruņa-Veleian aurkitutako idazkunak faltsuak direla zabaldu biharamonean, aztarnategiko lanen buru izan den Eliseo Gilek ustezko iruzurra ukatu eta adituen txostenean jasotakoak "iritzi soilak" direla esan zuen atzo (2008-11-20). Eusko Jaurlaritzak, aldiz, "bere babesa eta lankidetza" eman dizkio Arabako Diputazioari, "iruzurrari aurre egiteko".
"Frogetan" oinarritu beharrean, "iritzi soilak" dira Arabako Foru Aldundiak agindutako txostenean adituek plazaratutako ondorioak. Horixe esan zuen atzo Eliseo Gilek, herenegun arte Iruņa-Veleiako aztarnategi arkeologikoaren lan-taldea zuzentzeaz arduratu den gizonak. Gilek aditu taldearen lana kritikatu zuen, bere ondorioek "oinarri zientifikorik ez" dutela defendatuz, eta batzordeak jarraituriko prozeduraren zuzentasuna ere zalantzan jarriz.
Bere burua eta bere lan-taldearena ere defendatzeko prest agertu zen Gil komunikabideen aurreko agerraldian. Izan ere, "lintxamendu mediatikoa" jasan dutela esan zuen aztarnategiko zuzendari ohiak eta "ezinbestean neurri administratibo eta legalak" hartuko dituztela esan zuen, "erantzukizun politikoak" eskatzearekin bat.
"Iruzur oso larria"
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, bere aldetik, agiria plazaratu zuen atzo, Arabako Foru Aldundiari "bere babesa" azalduz, "Aldundiak Iruņa-Veleiako indusketen harira gertatutako iruzurra argitze aldera hartutako erabakietan".
Kultura Sailaren aburuz, "gertatutako iruzurra oso larria da, erromatar garaiko aztarnategi honi, garai horretako Euskadin dugun arkeologia gune nagusi honi eta oro har arkeologiaren ikerketari eragin dion kalteagatik". Kalteak kalte Iruņa-Veleiako aztarnategiaren balioak ezin direla "zalantzan jarri" dio Kultur Sailetik igorritako mezuak.
Honen harira, eta Kultura Sailaren eskumenen baitan, Eusko Jaurlaritzak "babes osoa" emango dio Arabako Foru Aldundiari, "honek abian jar ditzakeen ekinbideetan, auzi bideetakoak barne, iruzurra guztiz argitu eta erantzukizunak garbitzeko". Baita "aztarnategiaren arkeologia indusketekin aurrera segitzeko" ere, "nahiz, Euskadi barruko eskumenen banaketaren baitan, ez dagokion Jaurlaritzari indusketa arkeologikoak baimentzea eta hauen segida egitea".
Iruņa-Veleiaren gainean erabili.com-en argitaratuak
|